Aldundiak "esperientziak" bilatuko ditu kanpoan, Bizkaiko hondakinen kudeaketea "hobetzeko"

PP taldearen eskariari erantzunez Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andrea Batzar Nagusien aurrera etorri da, Bizkaia Goazen 2030 programaren barruan dagoan “Hondakinen tratamenduari eta ingurumen praktika egokiei buruzko esperientziak trukatzea” deritxan ekimenaren ganeko informazinoa emoteko. Unzuetak esan dauenez, “foru konpromisoa” da, hondakinen kudeaketaren arloan Bizkaia daborduko “erreferentea” dan arren. “2016-2019 lau urteko epealdirako 200.000 euroko” aurrekontua dauen proiektuak kanpoan “esperientziak” bilatzeko balioko dau, ikusteko, uriko hondakin solidoen kudeaketaren arloan “ea ba ete dagoan hobetzen lagunduko deuskun neurririk edo sistemarik”.
Hartu emon horreek, arlo horretan Bizkaiak dituan jarduketa eremuagaz eta helburuakaz bat datozan “herrialdeakaz, lurraldeakaz edo herriakaz” izango dira. Aldundiko arduradunek Alemaniara egindako azkenengo bisitaren ostean, Aldundiak aurrera jarraituko dau hartu emon horreekaz, “birtualak edo presentziazkoak”, eta bertan “saileko eta Garbikerreko teknikariek eta aldundiko arduradunek” hartuko dabe parte. Unzuetak ez ditu “kanpoko eragileak” baztertzen, baina, “printzipioz” ez dabe horreen presentziarik aurreikusten.
Diputatu andreak azaldu dauenez, jasangarritasunaren arloan Bizkaia ondo kokatuta dagoan arren, “2030. urteari begiratzen deutson ikuspegia landu behar dau”, “gure lurraldeak bere lekua lortu daian ingurumenean nazinoarte mailan”. Topaketa horreen helburua “oraindino eta gehiago ikastea eta gure aurretik doazanei begiratzea da, Bizkaian emoten diran zerbitzuak hobetzeko”, gure abiapuntuak ingurumenaren arloan “erreferente” moduan jarten gaituan arren. “Besteentzat Alemania txikia gara”, esan dau.
Unzuetak baztertu egin ditu “oso aldaketa garrantzitsuak” lurraldeko hondakinen kudeaketan. Jardunbide onen bilaketa hori “erronka” moduan ikusi behar da, Bizkaiak “hobetzeko lekua” daukalako ondino.
Podemosek eta EH Bilduk esperientzia barriak ezagutzea “beti dala positiboa” adierazo dabe, euren eredua “Zabalgarbirena” ez dan arren. Eskaria egin dabe arlo horretako gizarteko mobimenduak eta leku bakotxeko eragileak be entzun daitezan, Ekologistak Martxan taldeak datorren barikuan, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean, batzarretako taldeen aurrean aurkeztuko dituan proposamenak, adibidez. Talde bi horreek eta PP-k eskaria egin deutsie Aldundiari, Batzar Nagusien aurrean esperientzia horreen barri emon daian.
ADITU BATEK OTSOAREN KUDEAKETEAREN GANEAN EGINGO DAU BERBA BATZAR NAGUSIETAN
Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, Batzar Nagusietara etorteko eta beste Erkidego Autonomo batzuetan otsoaren kudeaketea zelan egiten dan azaltzeko eskatu deutsie Recursos Naturales kontsultoretzako Mario Saénz de Buruaga adituari. Espezie hori Karrantzan dagoanez, talde bi horreen eretxiz “derrigorrezkoa” da beste esperientzia batzuk ezagutzea, Bizkairako konponbiderik hoberena aurkitu ahal izateko. Lurraldeak otso-ehizaldiak baimendu ditu orain denpora gitxi otsoaren presentzia murrizteko, Enkarterriko inguru horretan abereei egindako erasoen ostean. Batzordeak aldeko 13 botogaz eta abstentzino bigaz (Podemos Bizkaia) onartu dau Saénz de Buruaga saio batean bertara etortea.
ARRIGORRIAGAN ANIMALIA BASATIAK AUTOEK JOTA HILTEA SAIHESTEKO NEURRIAK
Beste alde batetik, PP taldeak Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andrearen agerraldia eskatu dau, Mendikosoloko parkearen (Arrigorriaga) inguruetan autoek jota hilten diran animalia basatien kopurua murrizteko neurriei buruzko informazinoa emon daian. Diputatuak, Aldundiak Bizkaian prebentzinoaren eta segurtasunaren arloan egiten dituan jarduketak zehaztu ditu, baina beste ezer baino lehen, PP taldeak agerraldia eskatzeko idazkian aitatzen dauen errepidearen titulartasuna ez dala Aldundiarena argitu dau, Arrigorriagako Udalarena baino.
Unzuetak esan dauenez, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko saila da Aldundiaren titulartasunekoak diran errepideetan prebentzinozko neurriak martxan jartearen arduraduna. Neurri horreen helburua, animalien presentziak eragindako istripuak saihestea da. Neurri horreen artean dagoz fauna basatia igaroten dan lekuetan “uxatzeko produktuak” eta bideko seinale “bereziak”.
Beste ezer baino lehen, sailak azterlana egiten dau, zein moetako fauna dan eta errepideko zati bakotxean zein unetan mobiduten dan jakiteko. Hori egiteko, sailak, batzuetan, argi infragorriak erabilten ditu gauetan animalien mobimenduak hautemateko. Datuak aztertu ostean neurri zuzentzaileak apliketan dira. Basurdea edo orkatza moduko espezieak diranean, Aldundiak “otsoaren txiza” erabilten dau. Dana dala, produktu hori lurraldean erabilten diran uxatzeko produktuen “%10” baino ez da. Halanda be, autortu dauenez “ezinezkoa da bermatzea” errepideetan istripurik gertauko ez danik, Aldundiak “legezko araudia gainditzen daben” ekintzak planteetan dituan arren.
Arturo Aldecoak (PP) adierazo dauenez, 2015ean animalia basatien “178 harrapaketa” gertau ziran Bizkaiko errepideetan, eta hori datu “kezkagarria” dala esan dau. Beste lurralde batzuetan martxan jarritako “estrategiak” begiratzeko eskaria egin dau.