Aldundiak enplegu anezka bi adostu ditu Telefónica Fundazinoagaz urte honetarako
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatu andreak, Telefónica Fundazinoagaz akordioa itxi dala iragarri dau Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldian, aurton bertan langabezian dagozan gazteei zuzendutako enplegu anezka bi martxan jarteko. Anezka horreek, Erakundeak aurten aktibetea aurreikusten ebazan bederatzi anezkei gehituko jakez. Horreetako hiru modu esperimentalean abiau ziran urtarrilean Bilbon, Ezkerraldean eta Enkarterrin.
EH Bilduk Teresa Laespadaren agerraldia eskatu dau, Bilboko, Enkarterriko eta Ezkerraldeko “Anezka” izeneko Enpleguko eta Ekintzailetza Solidarioko Anezka Programaren I. deialdiaren barri emon eta parte hartzen dauen erakunde bakotxak bete behar dauen lekuan sakondu daian. Telefonicagaz lortutako akordioa iragarri aurretik, Laespadak esan dau Santa María la Real Fundazinoa anezka proiektu guztien “liderra” eta “sustatzailea” dala, “know how” deritxona dauelako. Dema erakunde publikoa da Bizkaian Anezka programea “ezarten dauena”, eta EHU/UPVko kanpoko taldea arduratzen da lanbakoen talde bakotxaren ebaluazinoa egiteaz “lehenengo minututik”, egokiak izan daitekezan aldaketak edo hobekuntzak proponiduteko. Aukeraketa prozesua Behargintzak izenekoen eta Lanbideren “laguntzagaz” egin da. “Udalen partaidetzea zaindu da”, esan dau Laespadak, eta, proiektuak funtzionetan badau, Aldundiak, etorkizunean, anezka horreek modu “autonomoan” bultzatuko dituala iragarri dau.
Laespadak errepikau dauenez, lan barik dagozan pertsonen enplegugarritasuna hobetzeko tresnak eskini gura dituan enplegurako programa “barritzaile” hori, Santa María la Real Fundazinoak aurrera eroandako enplegu anezketan oinarritzen da. Anezka horreek “lan barik dagozan 3.000 pertsonarengana” heldu dira, eta lan munduan sartzeko arrakasta indizeak “%60koak” izan dira. Uste dogu funtzionau daikiela, izaera barritzaile hori eta beste autonomia erkidego batzuetan lortu daben emaitzea ikusita”, esan dau Aldundiko arduradunak. Laespadak iragarri dauenez, beste anezka “bi” apirilean jarriko dira martxan, “lau” maiatzean eta “beste lau” irailean. Horreei, gaur bertan Santa María la Real Fundazinoagaz itxi dan akordioaren ostean Telefónica Fundazinoak finantziauko dituan beste biak gehituko jakez.
Bederatzi anezka horreetarako aurrekontua “334.590” eurokoa da, “104.000” daborduko Bilbon, Ezkerraldean eta Enkarterrin aurrera eroaten ari diranentzat. Laespadak behin eta barriro esan dauenez, hori “beste” programa bat da Aldundi barruan, “ez bakarra”, bere saila “eten barik ari dalako aldaketak eta barrikuntzak sartzen enplegu politiketan”.
EH Bilduk autortu dau enplegu anezken apustuak eragin “positiboa” izan daikeala, eta eskaria egin dau barriro, sustatzaileek Behargintzak izenekoak kontuan izan daiezan, arlo horretan “daben esperientzia dala eta”. Josu Unanue Batzarretako talde abertzaleko bozeroaleak zalantzan jarri dau ““340.590 euro” horreek “nahikoa” izango diranik hasieran aurreikusitako bederatzi enplegu anezkak aktibetako.
PP-ko Eduardo Andrésen kalkuluetan “ez da sartzen” legealdi osoan hogei anezka martxan jarterik, Ahaldun Nagusiak iragarri eban moduan. “Askoz gehiago jartea gurako neuke”, 2016an hamaika zabalduko dirala kontuan izanda. Batzordekide popularrak iragarri dauenez, bere taldeak gai horren ganeko mozinoa aurkeztuko dau hurrengo ohiko osoko bilkuran. Laespadak ez dau baztertu “gehiago izateko aukerea, beste lankidetzaren bat be ateetan daukagulako”.
Podemos Bizkaiako Josean Elgezabalek zalantzan jarri dau Telefónica Fundazinoa danik anezka barriak bultzatzeko irabazi asmorik bako erakunderik “egokiena”. Eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek “denporea” eskatu dabe lehenengo hiru anezken emaitzak ikusteko. “Presak ez dira onak, eta gai honetan kontu eta zorroztasun osoz ibili behar gara, zelan egiten daben aurrera ikusiz, anezkekin jarraitzeko”, esan dau Joaquín Colmenero sozialistak. Telefónicagaz lortutako akordioa “positiboa” da, anezka dalako “lan barik dagozanak aktibetako tresnarik hoberena”, gehitu dau Aitor Ibarra jeltzaleak.
ATZERRITARREN LEGEAREN ALDAKETAREN ALDE
Beste alde batetik, Podemos Bizkaia taldeak, arauz besteko proposamenaren bitartez, eskaria egin dau, Espainian eratuko dan hurrengo gobernuak “indar barik itzi daian” atzerritarren legea, “bidebakoa, baztertzailea eta demokraziaren kontrakoa dalako” eta bere ordez, pertsona “guztiek” emigretako daben eskubidean oinarrituko dan legea jarri daian indarrean.
Azkenean, talde morearen proposamena, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben osotasuneko zuzenketa-eskeak arindu dau. Zuzenketa-eskeak “indar barik iztea” esan beharrean, Legearen “erreformea” planteau dau, adostasun zabalagaz, “muga edegiak” moduko termino “demagogikoak” baztertuz, heltzen diran pertsona guztien duintasuna errespetauko dala bermatuz eta euren oinarrizko eskubideak autortuz.
Gaurko zuzenketa-eskeak puntu bi jasoten ditu. Lehenengoaren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Espainiako Gobernuari “ahalik eta adostasun politiko eta sozial handienagaz”, erreformak sartu daizan Atzerritarrek Espainian dituen Eskubideei eta Askatasunei buruzko 4/2000 Lege Organikoan, Zuzenbideko Estadu Demokratikoaren printzipioetan eta exijentzietan, pertsona guztien duintasunaren errespetuan eta giza eskubideen bermean oinarrituta, politika publiko guztiaren lehentasun moduan.
Bigarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Espainiako Gobernuari, “atoan indar barik itzi daian” “beroan egindako itzulketak” izenekoak lege barruan sartu gura dituan xedapena eta “etorkin irregularren autortzan eta osasunerako eskubidean muga larriak ezarri ebazan” Lege-dekretua.
Horrez gain, ekimenak, beste gauza batzuen artean, mugetako hesietan “kontzertinak” izenekoak atoan kentzeko, pertsonen osotasun fisikoan arrisku larriak eragiten dituelako, eta baimenak emotea eta barriztetea arinduko daben administrazino prozedurak hobetzeko, eskaria egiten dau sustraitzeari eta familiak alkartzeari jagokezanak, batez be.
PP izan da jeltzaleen eta sozialisten zuzenketa-eskearen kontra agertu dan talde bakarra, “ate edegiko politika ardurabakoa dalako. Ezin doguz danak modu egokian hartu”. Konponbidea “ez da danontzako paperak”, esan dau Eduardo Andrések, eta bereiztu gura izan ditu “gerratik iges egiten dabenak eta gizakiak garraiatzen dituen mafiak”.
Andrések, “ontasun ariketa” moduan definidu dau Bizkaiko Batzarretako ganerako taldeek onartutako ekimena. EBren politikagaz bat etorriko dan “errealismo” ariketea egitea, eta erakunde horri onartutako neurriak “bete daizala” eskatzea proponidu dau, emigrazino komunaren edo mugen ganeko politikak, adibidez. “Kontua ez da ate edegiko politikea egitea, giza eskubideen alde gehiago egingo dauen politikea bultzatzea baino”, gogoratu deutso Irene Edesa jeltzaleak.
“MAREA URDINAREN” ALDE
Beste alde batetik, EH Bildu, PSE-EE eta Podemos Bizkaia taldeek alkarren arteko arauz besteko proposamena aurrera ateratea lortu dabe, “marea urdina” izenekoari laguntzea emoteko. “Correscales-Prekarietatearen aurkako korrika” zezeilaren 18an Bilbotik abiatu eta lau egun geroago Bartzelonara heldu zan lasterketa solidarioa da, telekomunikazinoen arloan lan egiten daben teknikarien aldarrikapenakaz alkartasuna adierazteko.
Ekimen horretan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, horretarako laguntza ekonomikoa eskatzeaz eta martxa haretan parte hartzeaz aparte, konpromisoa hartzen dabe, kontratu eta lehiaketa publikoetan “lan izaerako gizarte klausulak” beteten dirala “zaintzeko”.
EAJ-PNV eta PP taldeak abstenidu egin dira, euren ustez batzarretako taldeek ez dituelako diruz lagundu behar holango ekimenak. Halanda be, jeltzaleek argi eta garbi itzi dabe gizarte mobimenduaren alde dagozala, “laneko prekariedadearen kontrako burrukan” esan gura dabenagaitik.