Batzar Nagusien osoko bilkureak Gardentasunari buruzko Bizkaiko Foru Araua onartu dau
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osoko Bilkureak Gardentasunari buruzko Bizkaiko Foru Araua onartu dau gaur goizean Gernikan. Erespena, batzordean onartu diran “24 zuzenketa-eskegaz” heldu da Batzarretako azkenengo izapide horretara, eta horreen artean Batzarretako talde guztien ekarpenak jasoten dira, PP-renak izan ezik. Saioa arintzeko eskuak jasota egin diran bozketen emaitzak, lurraldearen gardentasunari buruzko lehenengo arauaren ganean lortu dan adostasunaren parte bat erakutsi dau. Foru Araua EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen erabateko gehiengoari esker onartu da, baina artikulu askotan testuak oposizinoaren aldeko eretxia be jaso dau. Oposizinoak gaurko osoko bilkurarako erreserbau dituan zuzenketa-eskeetako bat be ez da onartu.
Aldundiak aurkeztu dauen Gardentasunari buruzko Foru Araua 41 artikulutan egituratzen da, eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu andreak aurkeztu dau. Bere eretxiz, “Bizkaiko Foru Aldundiko, erakunde autonomoetako, fundazinoetako, soziedadeetako eta foru sektore publikoko ganerako erakundeetako gardentasuna eraginkor bihurtzeko eta bermatzeko” tresnea da. “Estaduko legearen gitxieneko eskaria gainditzen dau”, esan dau.
Euren ekarpenakaz “hasieran oso ona zan proposamena hobetu egin daben” batzarretako taldeen beharra eskertu ostean, Bizkaiko arauak Aldundiaren “konpromisoetako bat” beteten dauela eta Bizkaia administrazino gardenen “abangoardian” jarten dauela azpimarratu dau Bengoetxeak.
Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen eretxiz, arauaren helburua, Aldundiaren eginbeharrei eta baliabideei buruzko “kalidadezko informazino eguneratua eta errez sartzeko modukoa, argia eta erreza” eskintzea da, eta bere azken helburua hau da: Foru Erakundeak herritarren aurrean kontuak “errazago aurkeztu ahal izatea”. Horretarako, María Presa jeltzalearen berbetan, arauak antolakuntza mekanismoa aurreikusten dau, gardentasuna “eraginkorra” izan daiten, Erreklamazino Batzordea, hiru urteko Gardentasun Plana eta Urteroko Memoria sartuz.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek oposizinoko taldeek araua hobetzeko eta akordioak lortzeko erakutsi daben “borondatea” eskertu dabe, PP-rena izan ezik. Hori dala eta, Foru Gobernua eusten daben taldeek “24 zuzenketa-eske” onartu ditue. Beste “10” batzordean, proiektuaren negoziazino prozesuaren ostean, baztertu zirala gogoratu dabe.
ALDAKETAK HASERAKO PROIEKTUAN
Batzarretako taldeek eztabaidan gogoratu daben moduan, araua “hobekuntzakaz” heldu da Gernikara. Eztabaida saioan aitatu diran gauzen artean, azpimarratu behar da araua kontuan izanda Aldundiak ingelesez eta frantsesez be argitaratu beharko dauela informazino “garrantzitsuena”. Dokumentuak planteetan dauenez, arauak proponiduten dauen urtebeteko epea baino epe laburragoan be egin ahal izango dira barrikuspenak; eta Erreklamazino Batzordeak izendatzen dauen pertsonak agerraldia egin beharko dau urtero Batzar Nagusietan, Memoria moduan aurkeztuko dan balantzea azaltzeko.
Zuzenketa-eske trantsakzionalen irudiaren bitartez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek oposizinoko taldeek planteautako aldaketa batzuk jaso ditue, osorik ez badira be, eta gaur horreek gogoratu dira Gernikan. Holan, publizidade aktiboa, errez ulertzeko eta irakurtzeko diseinuen eta mezuen bitartez egingo da, desgaitasuna daben pertsonek informazinoa jasotzea bermatzeko. Edozein herritarrek eskatu ahal izango dau publizidadeak aitatutako baldintza horreek betetea. Ganera, arauaren aplikazinoak oso-osorik errespetau beharko dau datuen babesari buruzko legeria, erakusten diran dokumentuetan izaera pertsonaleko datuak emon barik.
Horrez gain, arauaren artikuluetako batek adierazoten dauenez, Aldundiaren eta Merkataritzako soziedadeen defizitari, zor publikoari eta gastu erregelari buruzko informazinoa azken urteetako bilakaera grafikoa erakutsiz emongo da, biztanleen arabera bananduta. Ganera, Aldundiak bere lan boltsak eta horreen osaketea argitaratu beharko ditu.
Beste betebeharretako batek Gardentasunaren Atariagaz dauka zerikusia. Aldundiak hilebete biko epea eukiko dau gehienez, araua indarrean sartzen danetik, atari horren xehetasun teknikoak eta eukiak zehazteko, erregelamendu baten edo Foru Erakundearen akordioaren bitartez. Atari horretan, entzute aktiboa bermatzera zuzendutako guneak ezarri beharko dira, herritarren partaidetzea errealidade bihurtzeko. Informazinoaren eskatzaileak baliabide elektronikoak erabiliz egin ahal izango ditu kontsultak, idatziz eta baita abotsaren bitartez be, eta erregistroaren bidez edo arreta orokorreko bulegoen bidez be bai, jakina.
Oposizinoko taldeen ekarpen asko jaso dituen aitatutakoez aparte, Foru Gobernua eusten daben talde biek -EAJ-PNV eta PSE-EE- EH Bilduren bost zuzenketa-eske partzial be onartu ebezan. Gogoratu danez, emondako informazinoan, alderdi politikoei, federazinoei, koalizinoei edo hautesleen alkarteei hauteskundeetako gastuak finantzetako emondako diru-laguntzak jaso eta azalduko dira.
Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gardentasunaren Atariaren bidez, aurkeztu diran administrazino helegiteei eta administrazinoarenganako auzibidezko helegiteei buruzko urteko txostena argitaratuko dau, Erakundearen “ibilpide juridikoa” errazteko.
Proponidutako beste aldaketa bat Erreklamazino Batzordeagaz dago lotuta. Hiru kidek eta ordezko beste hiruk osatuko dabe, karrerako funtzionarioak izan beharko dira eta horreen artean ez da egongo izendapen libreko lanposturik beteten dauen inor. Ganera, bere osaketak, Administrazinoagazko hartu emonak euskeraz izateko herritarrek daben eskubidea bermatu beharko dau.
ONARTU EZ DIRAN ZUZENKETA ESKEAK
Gaurko eztabaida saiorako erreserbautako zuzenketa-eskeetako bat be ez da onartu. Horreen artean egon dira PP taldeak haseran aurkeztutako guztiak eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen beste batzuk. Jeltzaleek eta sozialistek kritikau egin ditue popularrak, “onartu ezin daitekezan” eskariak aurkeztu dituelako. Ez dabe PP taldearen “posea” ulertzen, Bizkaiko legea Kongresuan onartu dana baino “zorrotzagoa” dala kontuan izanda.
Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak bere proposamena aitatu dau, alderdi politikoen fundazinoak edo aldi baterako kontratua daben beharginak arauaren mende egon daitezan. “Erabateko ezezkoa” aurkitu dau bidaien banakapen zehatza egiteko, kontratisten erregistroa eratzeko edo Foru Erakundeko Kontratazino Mahaian gardentasun handiagoa egoteko eskarien aurrean.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaiako bozeroaleak, osoko bilkuran jaso ez diran ekarpenetako batzuk aitatu ditu, arauak, herritarrek parte hartzeko prozesuak bultzatzeko atea zabaltzea, adibidez. EAJ-PNV taldearen eretxiz, arau horrek bere bidea eroan beharko dau.
EH Bilduren eretxiz, gardentasuna lortzeko ez da nahikoa gardentasunari buruzko araua onartzea, “aldaketa handiak eskatzen ditu Foru Gobernuaren jarduteko moduan”. Halanda be, Arantza Urkaregik autortu dauenez “gauza asko adostea lortu da, proiektua hobetuz, baina adostasuna ez da erabatekoa izan”.
Koalizino abertzaleko batzordekideak faltan bota dau, adibidez, fundazinoak be arau horren mende egotea edo Gobernu Kontseiluaren akordio “guztiak” argitaratzea. Onartu ez diran bere zuzenketa-eskeen artean, “publizidadeko gastu guztiak argitaratzea, esleipen publikoen inguruan informazino gehiago eskintzea edo zerbitzuen gutunak egitea” egozan. Eta garrantzitsuena, dagozan “oztopoak” kentzea, herritarrek eskatzen daben informazino guztia jaso daien.
Bukatzeko, batzarretako taldeek gaur “bide barria hasten dala” eta arauak hobetzeko aukerea emoten dauela autortu dabe. “Gaur ez da ezer amaitzen, bide luzea hasten da. Begiak zabal-zabalik izango doguz gardentasuna benetakoa izan daiten”, adierazo dau EH Bilduko Arantza Urkaregik.
ZORDUNEN ZERRENDEAREN ARGITALPENA
Gardentasunari buruzko Foru Arauaren ostean osoko bilkurak Bizkaiko Foru Ogasunaren zordunen zerrendea argitaratzeko aukerea emongo dauen araua be onartu dau. Tributuei buruzko Bizkaiko Foru Arau Orokorrean artikulu barria sartzea aldeko 31 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE, eta PP), 8 abstentzinogaz (EH Bildu) eta kontrako boto 2gaz (Podemos Bizkaia) onartu da.
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez, Aldundiak “aurtongo bigarren seihilekoan” argitaratuko dau Bizkaiko Ogasunaren eskumen diren tributuetan “milioi eurotik gorako” zorra daben pertsona fisikoen edo juridikoen lehenengo zerrendea. Lehenengo zerrenda horretarako martiaren 31ko eguna hartuko da erreferentzia moduan, baina datozan ekitaldietarako zerrendea abenduaren 31ko datuakaz itxiko da.
BASOEN GARBIKETAREN ETA BIDESARIEN AZTERLANAREN GANEKO MOZINOAK ONARTU DIRA
Gardentasunari buruzko Foru Araua eta Bizkaiko Foru Ogasunaren zordunen zerrendea argitaratzeko aukerea emongo dauen araua onartu ostean, Gernikako Batzarretxean alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkureak, PP taldearen mozino bi onartu ditu, “basoen garbiketarik eza” dala eta dagoan sute arriskuari aurre egiteko Aldundiak dauen estrategiari buruzkoa bata, eta Bizkaiko bide sareko bidesarien prezio politikaren ganekoa bestea.
Bizkaiko Batzarrek onartu daben lehenengoa, Aldundiak “sute arriskua murrizteko preminazko garbiketea behar daben gure basoetako puntuak hautemateko estrategia iraunkorra” ezartea izan da. Bizkaiko Batzarrek agindua emon deutsie Foru Aldundiari, egin beharreko hori “Udalakaz, basogintzako teknikarien alkarteakaz edo Basalanegaz koordinauta” egin daian. Ekimena batzarretako talde guztien aldeko eretxiagaz onartu da, abstenidu egin dan Podemos Bizkaia taldearena izan ezik.
Horrez gain, Batzarretako talde popularraren ekimenez, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsie Aldundiari, bere konpromisoa betez Erakundeak prestauko dauen Bizkaiko bidesarien azterlana Udalen aurrean aurkeztu daian “ahalik eta gardentasun eta lankidetza maila altuena lortu ahal izateko”. EH Bildu izan da proposamenaren alde agertu ez dan bakarra, bere eretxiz proposamen horrek “etxera teilatutik hastera” eroaten gaituelako, ez dauelako kontuan hartzen “inplikautako eragileen” partaidetzea, AP-8ko bidesariaren kontra Durangaldean eratu dan herritarren plataformea, adibidez.
BAIEZKOA ALDUNDIAREN KONFIANTZA KONTUARI
Beste alde batetik, osoko bilkureak, Bizkaiko Foru Aldundiak Arbitraje batzordearen aurrean aurkeztu dauen Eskumen Arazoari “babesa emotea” eskatzen eban PP taldearen arauz besteko proposamena onartu dau. Aldundiak gure foru berezitasuna defendiduteko aurkeztu dau, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dan erakunde antolakuntzari buruzko Lege Proposamenaren tramitazinoaren aurrean. Ekimena aldeko 25 botogaz (EAJ-PNV eta PP), kontrako 15egaz (EH Bildu eta PSE-EE) eta 5 abstentzinogaz (Podemos Bizkaia) onartu da.
Aurrekoa dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak Eskumen Arazoa aurkeztu eban Arbitraje batzordearen aurrean, batzorde horrek erabagi daian proposamen hori bat datorren Euskadiko Autonomia Erkidego barruko egituraketa sisteman ezarrita dagoan eskumenen banaketaren ganean.
ETAKO PRESOEI BURUZKO ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusiek presoen gaiari buruzko argazkia egin dabe, EH Bildu taldeak eta EAJ-PNV-ko batzarretako taldeak planteau dituen ikuspegi desbardin bitatik. Koalizino abertzaleak laguntzea bilatu dau, gaixorik dagozan euskal presoen eskubideen aldeko ekimena onartzeko; eta jeltzaleen ekimenak, barriz, Gobernu Zentralak aurrera daroan espetxe politikaren aldaketea bilatu dau. Lau puntutan egituratutako ekimen biak onartu egin dira.
Bere ordezkarien eta Podemos taldekoen aldeko botoakaz (13 batzarkide), sozialisten eta popularren kontrakoakaz (10) eta EAJ-PNV-ren (22) abstentzinoagaz onartu dan EH Bilduren ekimenean eskari zehatza egiten da gaixorik dagozan hiru preso bizkaitarrek (Txus Martín, Gorka Fraile eta Ibon Iparragirre) osasun tratamendu osoa jaso daien Basauriko kartzelan. Horrez gain, ekimenean eskaria egiten da “Foru erakundeek” bisita bat antolatu daien, preso horreen egoerea ezagutzeko.
EAJ-PNV taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak Podemos Bizkaiaren aldeko botoa, PP eta PSE-EE talden kontrakoa eta EH Bilduren abstentzinoa izan ditu. Proposamen honetan gonbidapena luzatzen jako, Espainiako Gobernuari, kartzeletako politikea bizikidetzako politika bilakatu daian eta, hori dala eta, politika hori aldatzeko eskatzen jako. Gernikako Estatutuan esaten dana kontuan izanda presondegietako eskumenaren transferentzia Euskadiko erakundeakaz adostea be eskatzen da.
Ganera, jeltzaleen ekimenean eskaria egiten jake presoei eta presoen aldeko erakundeei, birgizarteratzerako legezko prozesuak aurrera eroateko beharrezkoak diran pausuak emon daiezan. Ganera, presoak euren etxebizitzetatik gertu dagozan kartzeletara hurbiltzeko prozesua be eskatzen da. Proposamenari bukaerea emoteko eskaria egiten da Batzar Nagusiek giza eskubideen bortxaketa bakotxaren bidebakokeriaren aintzatespen kritikoa eta berezia bultzatu daien, indarkeria ETAk edo beste edozeinek eragindakoa bada be.