Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu desgaitasuna daben pertsonak eguneko zentroetara eta egoitzetara sartzeko 65 urteko adin mugea aldatzea

Gizarte Ekintzako batzordeak ez dau onartu gaur Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen proposamena, desgaitasuna daben pertsonak “eguneko arretako zentroetan, aldi baterako egonaldietan eta egoitzetan” arretea jasoteko adin mugea 65 urtetik 70 urtera luzatzeko. Proposamena aurkeztu dauen taldea izan da arauz besteko proposamenaren alde agertu dan bakarra, batzarretako ganerako taldeek (EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu) kontrako botoa emon dabelako, abstenidu egin dan Podemos Bizkaia izan ezik.
Popularrek neurria justifikau dabe, adin hori bost urtetan luzatu eta hilebete bi “baino” igaro ez diranean –60 urtetik 65era igo zan–, beharrezkoa dalako “pausuz-pausu” joatea, adin muga hori 75 urtetan geratu daiten. Talde horren eretxiz, adin hori da egokiena, desgaitasuna daben pertsonen senideen aldetik jasotako “kexak” kontuan izanda.
Popularren proposamenak batzarretako ganerako taldeen ezezkoa jaso dau, lehenengo, orain denpora gitxi, Euskadi osorako arau orokor moduan 65 urteko adin mugea ezarten dauen Gizarte Zerbitzuen Karterak ezarri dauen epeagaz zer gertatzen dan ikusi behar dala uste dabelako. EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeek eskaria egin dabe “salbuespenak” arau moduan ulertu ez daitezan, kartera hori, kolore politiko desbardinetako gobern(ez eratutako Euskadiko erakundeen egiturea osatzen daben administrazinoen arteko “adostasunaz” onartu dalako.
Jon Sánchez jeltzaleak esan dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak foru dekretua egin beharko dau zerbitzu kartera hori Bizkaiko errealidadera egokitzeko, eta bertan, “kasu bakotxa aztertzeko aukerea” aitatu ahal izango da, kasu moetak “oso ugariak eta anitzak” diralako. Hiru taldeek denporea eskatu dabe “adostasunez” onartu dan eredua zabaltzeko, baina ez ditue ateak itxi etorkizunean egin daitekezan aldaketen aurrean, “bizirik” sortu dan eredua dalako.
BIZKAIKO GIZARTE ZERBITZUEN MAPEA
Beste alde batetik, EH Bilduk Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andrearen agerraldia eskatu dau, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapea aurrera eroateko eta Eusko Jaurlaritzak abenduan onartu eban EAEko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa (2016-2019) gauzatzeko bere sailak emon behar dituan pausuak azaldu daizan.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatu andreak joan dan astean beste agerraldi batean adierazo eban moduan, Gobernu kontseiluan kide dauen Sánchez Roblesek esan dau “une honetan” Aldundia eta udalak Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapea “definitzeko” fasean murgilduta dagozala. “Atzo bukatu zan” Udalek Foru Aldundiak egindako proposamenaren aurrean “kontsultak egiteko eukien epea”, eta orain “behin betiko zonakatzea definidu beharko da”, “gizarte zerbitzu anitzak zelan alkartzen diran, zeintzuk diran dagozan zerbitzuak eta zelan zabalduko diran” ezarteko, adierazo dau.
Sánchez Roblesek esan dauenez, behar hori hiru printzipiotan oinarrituta ari da egiten: “Udalen autonomiaren aurreko errespetua, akordioan erantzukizuna izatea eta errealidade printzipioa”, hau da, “daukagunean oinarrituta euki behar dogun horretara heltzeko behar egitean”. Adierazo dauenez, beste agerraldi bat egingo dau gizarte zerbitzuen “zonakatzea” definitzen danean.
EGOITZEA TRAPAGAN
Trapagan mendeko adinekoentzako egoitzea eregiteari eta martxan jarteari buruz itaundu ostean, Gizarte Ekintzako diputatu andreak esan dau, aitatu dan Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa horren diseinuak “une honetan” ez dauela azpiegitura horren ganeko behin betiko erabagirik hartzeko aukerarik emoten. PP-k eskaria egin deutso, “2017. urtea bukatu orduko amaituta egongo dan 80 plazako” egoitzea egiteko aurreko Foru Gobernuak hartu eban konpromisoa bete daian. Diputatu andreak batzordera etorteko konpromisoa agertu dau, ekipamendu horren etorkizunari buruz berba egiteko.