Elena Unzuetak abeltzainentzako laguntza plana barrikusi egingo dala iragarri dau, azken aldian Karrantzan izandako otsoen erasoen ostean
Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Podemos eta PP taldeek eskatuta, Karrantzan otsoak dauen presentziaren, espezie horrek inguruko abereei egindako erasoen, Aldundiak baimendu dituan otso-ehizaldien eta abereak galtzeagaitik abeltzainei emondako laguntzen ganeko azalpenak emoteko. Bere esku-hartzean, Aldundiko arduradunak, Aldundiak abeltzaintzako ustiapenei emoten deutseezan laguntzak “barriro aztertuko dirala” iragarri dau.
Holan, beharrean ari dira espezie horrek eragin dituan kalteak konpentsetako laguntzak eguneratzen. Laguntza horreen bitartez igaz, aurretik eskaria egin eben 10 abeltzaini lagundu jaken 2.199 eurogaz. “Balorazino moduluak barriro aztertzen ari gara beharrean, eta kalte-ordainetan, orain arte kontuan hartu ez diran baina abeltzaintzako jardueran kalte ekonomiko garrantzitsuak eragiten dituen beste kontzeptu batzuen balorazinoa sartzeko modua ari gara begiratzen, abereak desagertzea edo abortuak, adibidez”, adierazo dau Elena Unzuetak.
Aldundiko arduradunak Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko batzordeari jakinarazo deutsonez, Karrantzan izandako otsoen azkenengo erasoak izan ziran Aldundia otso-ehizaldi bi baimentzera eroan ebenak, urtarrilaren 22an eta 24an. Ehizaldi horreen helburua ez zan espezie hori lurraldetik “desagertuarazotea”, Foru Aldundiaren beharra “abeltzaintzako jardueraren eta espezie horren kontserbazinoaren arteko” orekea bilatzea dalako. “Ez dogu otsoa desagertuarazotea bilatu, eta ez da holangorik gertatu”, esan dau.
Azkenengo otso-ehizaldi bi horreetan –2015ean hiru egin ziran– 4 otso harrapau dira, eta Aldundiak badaki otsoa “badabilela oraindino Karrantzatik”, horren ostean “eraso gehiago” izan diralako. Unzuetak esan dauenez, otsoak Karrantzako biztanle guneetara hurbiltzen ari dira, eta hori dala eta, bertako biztanleak “bildurtuta dagoz”.
Unzuetak datu gehiago be emon ditu. 2014ko urtarriletik gaur egunera arte 35 abeltzaintza ustiapeneko “194” abelburuk jasan ditue zuzenean “egiaztautako otsoaren 80 erasoaldi”. “Gitxi gorabeherako” kalkulua eginez, 2015eko urtarriletik gaur egunera arte Karrantzako abeltzainek “21.000 eta 45.000 euro inguru arteko” galerak izan dituela esan dau diputatu andreak.
Aldundia beharrean ari da abeltzaintzaren eta otsoaren arteko “ahalik eta bizikidetza harmoniatsuena” lortzeko, beti be bioaniztasuna eta ingurune naturala bere esanahi zabalenean kontuan izanda. Unzuetak onartu dau “ez dituela ezagutzen” otsoa Bizkaian egotearen zergaitiak, beste gauza batzuen artean otsoak “mobikortasun geografiko handia” dauela kontuan izan behar dalako.
Unzuetak barriro azpimarratu dauenez, otso-ehizaldiak “orekea bilatzeko politikaren parte bat baino ez dira. Espezializautako enpresa bategaz ari gara beharrean laneko dinamikak ezarteko eta otsoek eragindako heriotzak ziurtatzeko, eta beste erkidego batzuekaz be harremanak doguz, estrategiak ikasteko”. “Esperientzia hori kontuan izanda, ikusten dogu ez dagoala orekea bermatzen dauen formula magikorik”. Otsoa babesten dauen legedia daukan Portugalen, espezie horrek “%20ko jatsierea izan dau”. Otso-ehizaldietan oinarritutako politikea dauen Galizian barriz, Bizkaian gertatu dan moduan, “otsoaren presentziak %20 egin dau gora”.
EH Bilduk “zoriondu” egin dau Aldundia, abeltzaintzaren sektoreari begiratzen deutson kudeaketea dala eta, baina gero bat etorri da batzarretako ganerako taldeakaz, gai hori “sentsiblea, konplexua eta anitza” dala esatean. “Arazoa jasaten daben sektoreakaz planak adostearen” alde agertu da, otsoa gizonagaz “batera bizi daiten”. “Orekea lortzea ez da erraza, baina Bizkaiko gizarteak ezin dau otsoaren biziraupena krisi larria jasaten ari dan abeltzaintza sektorearen esku”, adierazo dau Mikel Kormenzanak, eta abeltzainek, talde ekologistek, Administrazinoak eta batzarretako taldeek osatutako “jarraipeneko mahaia” eratzea proponidu dau.
EAJ-PNV taldeak uste dauenez, otsoak Bizkaien dauen presentzia “gero eta handiagoa izango da”, eta neurriak “egokiak dirala” eta “ez dirala ardura barik hartu” azpimarratu dau. “Neurri horreek abeltzainen eta otsoaren biziraupenaren arteko orekea bilatzen dabe”. Sozialistakaz batera, jeltzaleek Mario Saenz de Buruaga aditua batzordera etortea eskatu dabe, gai horren ganeko bere ikuspuntua azaldu daian.
Arturo Aldecoak (PP), bere aldetik, esan dau Aldundiak “bape erraza ez dan orekea” bilatzen dauela abeltzainen eta ekologisten interesen artean. Karrantzan otsoen “aldian behingo” presentziak eragina izango dau abereengan, baina esan dauenez, “badagoz heriotza horreek eragiten dituen txakur basatiak be”. Hori dala eta, laguntzetan txakurren erasoak be kontuan hartzea eskatu dau.
Podemos Bizkaiak, bere aldetik, Bizkaiko lurraldean “ez dagoala” otsoaren arazoaren ganeko “soluzino integralik” esan dau.
ZUGATZEN MOZKETEA ABANTO ZIERBENAN
Podemos Bizkaia eta PP taldeei erantzunez, Elena Unzuetak jakinarazo dau zehapen espedientea zabaldu jakola enpresa bati, Abanto Zierbenako baso guneetan, “10. poligonoan”, hain zuzen be, kontrolik bako zugatzen mozketea egin dauelako.
Foru Administrazinoak esan dauenez, enpresa horrek eragindako kalteak “5.643 metro karratutan justifikazino bako zugatz mozketak egitea, 1.178 metro pista baimen barik zabaltzea, eta baimen barik barriro zugatzak landatzeko 1,5 hektarea prestetea” izan dira. Baimen barik moztutako arbolen artean, erreken sortzapen gunetik kanpo baimen barik moztutako 143 oin, eta erreken eraginpeko guneetan moztutako 592 oin dagoz, 2.191 urritzez gain”. Enpresak, “530 pinu eta 450 eukalipto” egozan gunean jarduteko baimena baino ez eukan.
Unzuetak adierazo dauenez, enpresak baimen bako inguru batean aritzeko “intentzionaltasuna” izan ebala emoten dau, eta jarduketa oso azkarra izan zanez, ezin izan zan hori saihestu, “egun gitxi batzuetan” gauzatu zalako. “Heltzeko gaitza dan eta gitxi ikusten dan troka gunean dagoan basoa da”. Unzuetak esan dauenez, enpresa horrek, ganera, “pistak be legea bete barik eta aurretik emon beharreko baimen barik” zabaldu ditu.
EH Bilduren eretxiz, gertakari hori “Bizkaia pinuz eta eukaliptoz beteten dauen baso ereduaren ondorioa” da. David Lopategiren berbetan, eredu hori dala eta “familia askok euren basoak bertan behera izten ditue, eta basoak suntsitu eta pinua eta eukaliptoa landatzen daben enpresa piraten esku geratzen dira. Enpresa horri bardin deutso danak, badaukalako gura ebana. Isuna jarteak bardin deutso”, salatu dau.
PP taldeak, bere aldetik, eskaria egin dau enpresa hori arau hausleen “zerrenda berezian” sartu daiten. Eta Podemos Bizkaiak zalantzak agertu ditu mozketa hori “egun 1ean edo 2tan egin izanaren ganean. Elena Unzuetak eskaria egin dau, basozainaren txostenaren ganean zalantzarik agertu ez daiten, eta egiaztatu dauenez, enpresa horrek “ezin izango dau etorkizunean Aldundiarentzat egiten diran beharretan parte hartu”.
LANKIDETZEA KONPOSTAREN ARLOAN
Horrez gain, talde popularrak eskaria egin dau, Aldundiak, denpora gitxi barru Epeleko planta zabalduko dala kontuan izanda sortutako konpostari urtenbidea emoteko Gipuzkoagaz alkarlanean aritzearen ganeko informazinoa emon daian. Gai horren inguruan, Unzuetak azaldu dauenez,Artigaseko Konpostegian izandako esperientziak “erakusten deusku ez dagola erabilgarritasunik Bizkaian egiten dan konposterako”, eta konpostaren inguruko esperientziak ezagutzeko Alemaniara bidaiak egin dirala adierazo dau.
Esperientzia horreek egiaztau ostean, Unzuetak jakinarazo dau Aldundiak Bizkaiko konpostaren ganeko “jarduketa plana” egingo dauela aurten, konpostaren kudeaketea benetako egoerara eta Bizkaiaren beharretara egokitzeko. Diputatuak Arabagaz eta Gipuzkoagaz koordinazino lanak egiteko konpromisoa erakutsi dau.