Aurreko Albisteak

Bizkaiak, egoera "berezietan" dagozan adinbakoak jasotzeko "bost familia" behar ditu

Bilbao

Bizkaiak, egoera berezian dagozan neska-mutikoak “une oro” jaso ahal izateko “bost familia” behar ditu. Abagune bereziak eta behar bereziak dituen adinbakoak dira batez be, sarritan anai-arrebak, borondatezko familiako harrera jasoteko gaiztasunak dituenak edo programa horretan lekurik aurkitzen ez dabenak. Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andreak, zaintzapean dagozan adinbakoen familiako harrera programa “profesionalizauaren” balantzea egin daian Bizkaiko Talde Popularrak eskatu dauen agerraldian emon dau datu hori.

Diputatu andreak adierazo dauenez, programa hori 2014. urtean hasi zan, esperientzia “pilotu” baten bitartez. Hasera batean, Bizkaiko “78” familiak emon eben izena esperientzia horretan, eta horreetatik “4k” hartu eben parte harrera prozesuagaz hasteko Aldundiak emondako prestakuntza prozesuan, eta horreetatik “bakarra” izan zan haurtzaroko zerbitzuaren behin behineko onespena jaso ebana. Roblesek adierazo dauenez, Haurtzaroko zerbitzuagaz hartu emonetan jarri ziran pertsonen artean “%75” emakumeak izan ziran; “%42” 25 eta 34 urte artekoak ziran, eta beste %33” 35 eta 44 urte artekoak; eta “%45ak” ez eban beteten programak eskatzen eban laneko esperientziaren erespidea.

Datu horreek emon eta gero, Sánchez Roblesek adierazo dau harrerea egiten daben familiek bete beharreko baldintzak “zorrotzak” dirala, borondatezko harrerarako eskakizunei, kasu horreetan titulazino berezia eta aurretiazko esperientzia gehitzen jakezalako. Holan, familiako tutoreak gizarte hezkuntzako, haur psikologiako edo pedagogiako titulua eta “gitxienez urte biko” esperientzia izan behar dau, eta, horrez gain, “erabateko dedikazinoa” eskini, beste eskakizun batzuen artean. Pertsona hartzaile profesionalak laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea dau.

Diputatu andreak azaldu dauenez, esperientziak erakusten dau adinbakoa familia baten barruan zaintzeak, urte gitxiko adinbakoak diranean, batez be, egoitza batean eskintzen jaken arretan baino “garapen pertsonal hobea” lortzen dauela. Bere berbetan, borondatezko harrera programa “emaitza onak” ari da eskintzen. Bizkaiko azken datuek, harrerako familietan “327 ume” dagozala adierazoten dabe.

Behar “bereziak” dituen adinbakoen soslaiari jagokonez, eta “kasu bardin bi” ez dagozan arren, orokorrean, “arazo psikopatologikoak dituen nerabe aurrekoak edo nerabeak, anai-arrebek osatutako taldeak edo euren jatorrizko familiara itzultzeko aukerarik ez daben 10 urtetik gorako umeak” izaten dira, Sánchez Roblesek azaldu dauenez.

Aldundiko arduradunak esan dau programa pilotua joan dan “urtarrilaren 26an” amaitu zala, eta bere sailaren helburua “aurrera jarraitzea” dala, une honetan “stand by” egoeran dagoan arren, Bizkaian aurrera eroaten ari dan esperientziaren erdian, arauzko eremu bat sartu dalako indarrean, Umeak eta Nerabeak Babesteko garagarrilaren 28ko 26/2015 legea, hain zuzen be.

Lege horrek “ondorio juridikoak” izan ditu, eta hori dala eta, sailak gogoeta epealdia hasi behar izan dau, Bizkaiko Aldunditik hasitako programak aitatutako legedia hori beteten dauen ala ez ikusteko. Roblesek adierazo dauenez, Aldundiko zerbitzu juridikoek Bizkaian hasitako programak “legeak dituan eskakizunak beteten dituela” ondorioztatu dabe eta, hori dala eta, Aldundiaren “borondatea” programagaz “jarraitzea” da, programak “izen bat edo beste izaten badau be”, funtsezkoena, oinarrizkoena, “umeen ondo izaterako erantzunak emotea” dalako.


BATZARRETAKO TALDEAK

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira gizarteko arazo horri erantzun ahal izateko Aldundiak hasi dauen programea azpimarratzeko orduan, euren eretxiz familia barruko harrerea dalako soluzinorik hoberena ume horreentzat, harrerako etxeen edo egoitzen aurrean. “Hasera batean egoitza handietan sartzen genduzan, gero etxeetan eta orain, familietan. Beste pausu bat da”, azpimarratu dau Juan Otermin batzordekide sozialistak, eta programak “ibilpide luzea” dauela gogoratu dau. “Aldundiak ondo egin dau etenalditxo hori hartzean, programea normaltasunez aurrera eroan ahal izateko”, esfortzua “autortzeak merezi dauelako” eta ildo “zuzena” daroalako, esan dau.

Zuriñe Argatxa jeltzalearen berbetan, esperientzia pilotu horren balorazinoa “positiboa” da. “Pazientzia” eskatu dau, programagaz “ahalik eta arinen” jarraitu ahal izateko, eta programan sartzeko baldintzak “oso garrantzitsuak” dirala azpimarratu dau. Bere eretxiz, esfortzu handia egin behar da, familia gehiago animau daitezan programan parte hartzera, sentsibilizazino kanpainen bitartez.

Horri jagokonez, Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, gizarte sentsibilizazinorako “beste bide batzuk” erabilteko eskaria egin dau, mezua “ez dalako heldu”. Programagaz “aurrera jarraitzearen” alde agertu da, baina bere “zalantzak” agertu ditu, Aldundiak zerbitzu hori erakunde pribadu baten bitartez “kanpora atara behar” horren aurrean. Bere eretxiz, Aldundiak epe bat jarri beharko leuke lantaldea handitzeko. PP taldeak egindako erantzun-eskeen ostean, proba pilotuaren esleipenduna Agintzari Gizarte Ekintzako Kooperatibea izan zala jakinarazo dau Sánchez Roblesek. Aurretik, Oterminek esan dau Gobernu Zentralaren legeak “debekau” egiten dauela programa hori baliabide propioak erabiliz gauzatu ahal izateko sektore publikoan kontratazinoa egitea.

Podemos Bizkaiako Nuria Atienzak, bere aldetik, familia “bakarra” izatea aukeraketa prozesua gainditu dauena penagarria dala esan dau. Hori egiaztatu aurretik Gipuzkoako esperientzia azpimarratu dau. Bere esanetan, Gipuzkoan harrerako “26” familia dagoz. Lurralde horretako programea “oso aurreratuta dago, lehenago hasi ziralako”, diputatu andreak autortu dauenez, eta adierazo dau Bizkaiko esperientzia Gipuzkoakoagaz eta beste eredu bat jarraitzearen aldeko apustua egin dauen Arabakoagaz alderatzen dabilzala “ikuspegi teknikoak” erabiliz.

Sánchez Roblesek esan dauenez, bere eretxiz familien harrerako aukeraketa prozesuaren emaitza horren zergaitia ez da sentsibilizazino kanpainarik ez egotea edo desegokiak izatea, “mila modutara” egin dalako. Emaitza horren zergaitia Bizkaiko esperientziaren ibilpide laburrean, dagozan eskakizun “zorrotzetan”, eta holango adinbakoak norberaren etxean eta familian hartzeko erabagia “gaitza” izatean dagoala uste dau, erabagi horrek “erantzukizun handia” eskatzen dauelako. Bukatzeko “bere eskerrona” adierazo gura izan deutse familia horreei, profesionalizautako programan izena emoteko erabagia “oso-oso ausarta” dalako.