Aurreko Albisteak

John Garamendik, Sabino Arana 2015 saridunak, Gernikako Batzarretxea bisitau dau

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Sabino Arana 2015 saria jasoko dauen John Garamendi Estatu Batuetako kongresuko kide demokrata euskal-kaliforniarrari harrerea egin deutse gaur goizean Gernikako Batzarretxean.

Euskaldunen ondorengoa dan Estatu Batuetako politikariak, emazteak lagunduta, ibilpidetxoa egin dau Bizkaiko Batzarretako Egoitzatik. Beirateriaren aretoa eta osoko bilkurak egiten diran aretoa ezagutu ostean, Garamendik eta Bizkaiko Aldundiko eta Batzarretako arduradun nagusiek argazkia atara dabe Gernikako arbolaren ondoan, Batzarretxeko Ohorezko Liburuan sinatu aurretik

Sabino Arana Fundazioak, egindako lana autortu deutso John Raymond Garamendiri “Estatu Batuetan eta mundu osoan euskal nortasuna bizirik iraun arazoten laguntzearren”. Berkeleyn eta Harvarden ikasitako, ministro orde izandakoa Bill Clintonegaz, Kaliforniako Estaduko gobernadore orde ohia eta Al Gorerengandik eta Barack Obamarengandik gertu dagoan John Garamendi, jatorriz euskaldunak diran eta mundu osoan banatuta dagozan sei milioi euskaldun baino gehiago horreen arteko bat da. Euskaldun horreek, “euskal lurragaz daukien lotura sentimentalari, euren sustraien defentsan daukien konpromiso aktiboa gehitzen deutsie”. Aurton XXVII. edizinoa beteten daben Sabino Arana Fundazioaren sariak, bihar banatuko dira Bilbon.