Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, AENAk, Loiuko aireportuaren ordutegia zabaltzea, horren eragina jasoko daben udalerriakaz "adostea" gura dabe

Gernika

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkureak eskaerea egin deutso gaur AENAri, Loiuko aireportuaren ordutegia zabaltzea baimendu baino lehen, goizean zabaltzen danean edo gauean ixten danean horren eragina jasoko daben udalerrien “eretxia kontuan izan daian”. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztu daben eta gaur goizean Batzar Nagusietako osoko bilkureak onartu dauen arauz besteko proposamenak holango neurri baten alde egiten dau. “Derrigorrez” izan beharko ditu kontuan bere eraginpeko gunean dagozan biztanle guztiek atsedenerako eta ondo egoteko daukien eskubidean izan daikezan eragin kaltegarriak eta, ganera, horren eragina jasango daben Udalen eretxia eta adostasuna be izan beharko ditu”.

Aho batez onartu dan ekimenean, Batzar Nagusiek, ordutegia zabaltzeagaz (ordu erdi goizez eta ordubete gauez) erlazionautako informazinoari jagokonez “arintasuna” eskatzen deutsie Sustapen Ministerioaren esku dagoan enpresa erakunde publikoari, eta, hori dala eta, AENAri, horren eragina jasango daben udalakaz “maiztasunez” bilerak izan daizala eskatzen deutsie. Ganera, ingurumenagaz erlazionautako eraginaren barruan, “gaueko aireko trafikoak biztanleen loan dauen eragina” modu berezian kontuan hartu daiala eskatzen deutsie enpreseari. Horrez gain, Udalek “euren datuak” aurkezteko aukera izan daiela eskatzen da, hegaldien ordutegia zabaltzeak izan daikean eragin posiblea irudikatzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, aireportua aberastasun iturri eta lurraldea Europagaz lotzeko lehen mailako gunea dala autortu ostean, horretan inplikauta dagozan erakunde guztiei “izan beharreko harremanak izan daiezala, eta ordutegia zabaltzeko proposamenak biztanleen artean eta inguruko udaletan sortzen dauen ardurea kontuan izan daiela eskatzen deutsee, zabaltze horrek eragin zuzena izango dauelako bertako herritarren bizimoduan”.

Zuriñe Argatxa EAJ-PNVko batzarkideak “Bilboko aireportuak Bizkaiko ekonomia sarean daukan garrantzia” autortu dau, eta “eraginkortasun handiagoa ekarriko daben jarduketen alde dagozala esan dau, baina ez edozein preziotan, bizkaitarron ondo izatea arriskuan jarten bada”.

Argatxak kritikau egin dau AENAk “ez dituala kontuan hartzen” aireportuaren eraginpeko inguruan dagozan udalerriak, eta “ez dauela balorau ordutegia zabaltzeak herri horreetako biztanleen atsedenaldian izan daikean eragina”. Bere eretxiz, datu horreek kontuan izan beharko litzatekez egiten dan ingurumen eragineko azterlanean.

EH Bildutik, Zigor Isuskiza batzarkideak adierazo dau Loiuko aireportuaren ordutegia zabaltzea “ezin daitekeala egin Txorierriko udal guztien adostasun barik, eta ezin daitekeala edozein preziotan gauzatu”. “Orekea aurkitu behar dogu herrialdearentzat, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegietatik, ekarriko dauen ustezko onura horren eta herritarren ondo egotearen artean”, defendidu dau.

Ganera, bere eretxiz, egoera horrek “argi eta garbi erakusten dau beharrezkoa dala aireportuen eskumenak Euskal Herriarentzat lortzea”, eta esan dau AENAk “ez dituala erabagiak bere aldetik bakarrik hartu behar, eta Txorierriko herrien eretxiak eta ardurak kontuan hartu beharko dituala”. EH Bilduk “lehentasuna emon deutso EAJ-PNV eta PSE taldeakaz akordioa lortzeari” proposamen honetan, “herriek erabagiten dabena kontuan hartu eta herritarrek esandakoa entzun daiten”. Hori dala eta, talde abertzaleak gaur Batzarretan eztabaidetako ekarri dauen eta antzeko eukia daukan arauz besteko bere proposamena baztertu egin dau.

Joaquín Colmenero PSE-EE-ko batzarkideak esan dauenez, “inork ez dau zalantzan jarten aireportuak egitura ekonomikoan dauen garrantzia, gure lurraldean eta gure erkidego osoan, eta gehiago oraindino azken urteetan bidaiarien kopuruak izan dauen hazkunde handia ikusita. 4,5 milioi bidaiaritik 5 milioitara pasau daiteke. Kopuru horreek aireportuaren ahalmenaren mugan dagoz”.

Halanda be, azpimarratu dauenez “hori guztia kontuan izanda be, ez doguz ahaztu behar ordutegiaren zabaltze horren eragina jasoten daben aireportuaren inguruko biztanleak”, eta hori dala eta, bere ustez “beharrezkoa da jarduera hori inguru horretako herritarren jardueran daukan eraginagaz bateragarri egitea”.

Podemos Bizkaia taldetik, Nuria Atienzak esan dau ulertzen dabela “Vuelingen aldetik behar bat egotea, eta enpresa horrek, AENAren bitartez, ordutegia zabaltzea eskatzea”. “Ez da eskandaluzko zabaltzea, baina ordutegia zabaltzea eskatzen dauen enpresa pribadu bati buruz ari gara berbetan, eta zertarako galdetzen dogu, izan be, “zenbat hegaldi gehiago kudeatu eta eskini daitekez ordubete eta erdi gehiagotan?”, galdetu dau.

Atienzaren eretxiz, beharrezkoa da “balantza batean jartea horren eragina jasoko daben herritarren ondo egotea eta enpresa pribadu baten irabazi ekonomikoak”. “Zein da osasunari jartzen deutsagun prezioa? Bizkairentzat ze irabazi ekarriko dau horrek, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegietatik? Zenbateko irabazia Vuelingentzat?”, itaundu dau. Eta horren ostean esan dau Loiuko aireportuko ordutegia zabaltzeak “kalte nabarmena eragingo leukela Txorierriko biztanleen bizitzaren kalidadean”.

Jesús Isasi batzarkide popularra, bere aldetik, “gaur egun dagoan ordutegiaren barruan hegaldi gehiago eskintzearen alde” agertu da. “Danok dakigu aireportua beharrezkoa dala, baina inork ez dau bere etxe ondoan gura, eragin kaltegarriak eta hainbat arazo sortzen ditualako”, autortu dau.

Beste alde batetik, esan dauenez, Aldundiak, “aurrekontuen bitartez, Bilboko aireportuaren sustapenean aritzen dan enpresa bat, Bilbao Air, finantzetan dau, eta enpresa hori Bilboko aireportuaren erabilerea handitzeko helburu garbiagaz sortu zan”. “Kexau egiten zarie zarata dagoalako, baina gero zarata gehiago egotea bultzatzen zabilze, eta dana uztartzen jakin behar dogu”, esan dau, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztu daben proposamenari baiezkoa, “baina kritikeagaz” emon aurretik.


PODEMOS TALDEAREN EKIMEN BI ATZERA BOTA DIRA

2016ko lehenengo osoko saioa, baina, Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat baztertuz hasi da. Proposamenaren bitartez, talde horrek eskaria egin gura eutson Aldundiari, “Foru Aldundiak musturreko klima fenomenoetara egokitzeko plan integrala” prestau daian. Talde morearen ekimena ez da onartu, aldeko 13 boto izan ditualako (Podemos eta EH Bildu), kontrako 30 (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta 4 abstentzino (PP).

Ganera, osokoak talde morearen beste mozino bat be ez dau onartu. Mozino horretan eskaria egiten jakon Espainiako Gobernuari, Ceuta eta Melillako hesiak kentzeko eskatzeko, holan pertsona migratzaileak hartu ahal izateko, giza eskubideak defendiduteko planteamendu bategaz. Ekimenak EH Bilduren aldeko eretxia eta EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen kontrakoa jaso dau.


KONTROLEKO OSOKO BILKUREA

Ohiko lan saioa amaitu ostean, etenaldi barik, kontroleko saioa hasi da, Bizkaiko Foru Aldundiari zuzendutako hamaika gaigaz, lau itaun eta ahozko zazpi erantzun-eske. Bertan, beste ezer baino lehen, jakin da Foru Gobernua, Aldundiaren esku dagozan eta ordaindu behar diran errepideen, AP-68 autopista, adibidez, tarifikazinoaren “eredu integral barria” prestetan ari dala. Bizkaiko errepideetako ordainketa sistema politikak aztertzeko aukerari buruz PP taldeak egin dauen itaunari erantzunez, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak iragarri dau bere saila, une honetan, hainbat “azterlan koantitatibo eta koalitatibo” ari dala egiten, ordainketen kostua “arintzeko” helburuagaz, baina beti be kontuan izanda “bermatu egin behar dala” ahalmen handiko sarearen finantza eredua. Diputatu jaunak adierazo dauenez, eredu hori Bizkaiko Batzar Nagusietara ekarriko da bere egunean, bertan eztabaidetako.

Iragarpen hori egin aurretik, Pradalesek AP-68 autopistaren % 2,5eko igoerea justifikau dau. Adierazo dauenez, bizkaitarrek beherapen “garrantzitsuak” daukiez daborduko lurraldean ordaindu behar diran errepideak behin eta barriro erabili behar izanagaitik, eta horren ostean esan dau prezio horreek ezarteko orduan ez dala bakarrik kontuan hartzen KPIren bilalaerea –Jesus Isasi popularraren esanetan KPIren bilakaerea % -0,3 eta % -0 artean mobidu da 2015ean–, kontuan hartzen dira, baita be, trafikoaren bilakaerea eta errepideak eregitearen eta mantentze lanen kostuak. AP-68 autopistaren kasuan, urtarrilaren 1etik aurrera gauzatu dan igoerea “zentimo batekoa” da Boroaraino eta “4 zentimokoa” Durangoraino. Igoera horretan kontuan izan da, baita be, 2009. eta 2010. urteetan tarifak izoztu egin zirala, eta hurrengo bietan murriztu egin zirala. Datu horreen artean azpimarragarria da 2012an murrizketea “% 5,8koa” izan zala, KPIak gora egin eban arren. Pradalesek adierazo dauenez, azken urteetan Foru Aldundiak “4.978.000 euro” emon ditu ordaindu beharreko errepideak erabiltzeagaitiko laguntzinoetan, eta “7.210 pertsona” izan dira laguntzino horreen onuradun.

Beste alde batetik, eta suteen arriskuari aurre egiteko Aldundiak dauen estrategiari buruz itaundu dauen PP taldeak eskatuta, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak jakinarazo dau basoa dan lurraldearen “% 60” horretara zuzendutako estrategia “integrala” jarriko dala martxan. Baso horreen “% 75” esku pribaduetan dago.

Unzuetak adierazo dauenez, estrategia horrek “bost ildo estrategiko” ditu: milioi bat metro kubiko baino gehiagoren kudeaketea bermatuko dauen egurraren mobilizazino plana; ustiapen pribaduen hobekuntzeari laguntzeko baso arloko neurriak (Aldundiak, bost urtetan, “22,2 milioi euro” inbertidu ditu neurri horretan); baso publikoen kudeaketa zuzena, “urtean 1,8 milioi euro” inbertiduz; Euskadin “78.208 hektareak”, horreen artean “% 54” Bizkaien, ziurtapena lortzea eragin dauen basoko ziurtapen sistemea; eta neurri zehatzak sektoreko alkarteakaz, beste gauza batzuen artean baso arloko “jardunbide onei” buruzko informazinoa emoteko, sastrakak kentzea, garbiketea, erretzea edo arbolen eta elektrizidadeko harien artean itzi beharreko tartea moduko gaiei jagokenez.


EMAKUMEAREN PRESENTZIA GARRAIOAN

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesioko diputatuak, bere aldetik, garraio publikoaren arloan, bai bidaiarien eta baita merkantzien garraioan be, emakumeen presentzia bultzatzera bideratutako hainbat ekimen jarri behar dirala martxan iragarri dau. Vicente Reyesek, Euskal Sozialistak taldeko batzarkide dan Alexia Castelok emakumeek garraioan behargin lez daukien parte hartzeari eta garraioaren arloan emakume beharginak kontratetako orduan “genero ikuspegia” sartu beharrari buruz egindako erantzun-eske bati erantzunez esan dau hori.

“Egoera hori konpontzeko, gure Sailetik konpromisoa hartu dugu Bardintasunaren aldeko V. Foru Planari laguntzeko, hainbat ekimen martxan jarrita”, adierazo dau. “Zehatzago esanez, generoaren arabera bereiztutako datuak sartuko doguz merkantzien garraiorako baimenen bisaduan; emakumeek lanbide horren barruan dituen aukera profesionalak zabalduko doguz; sailaren administrazinoko jardueran hizkuntza ez sexistea erabiltea zainduko dogu, horretarako beren beregi egindako hizkuntzaren gidaliburua eginez; eta, bukatzeko, kontratazinoko pleguetan, garraioaren arloan sexuen bardintasuna bultzatzeko neurriak sartuko doguz, holan, BFAgaz kontratuak egiten dituen enpresek, kontratua gauzatzeagaz lotutako beharginen artean emakume gehiago izateko ahalegina egin daien”.

PP taldeak egindako erantzun-eskeei erantzunez, Bilbora heltzean AHTa lur azpian sartzeko Eusko Jaurlaritzak iragarri dauen proiektuaren garrantzia azpimarratu dau Reyesek. Proiektu horri esker “90.000 m2 libre geratuko litzatekez azaleran, erdia, gitxi gorabehera, espazio libreak izango litzatekez, eta ganerakoak urigintzarako baliauko litzatekez. Holan, azkenean, Abando eta Bilbo Zaharra alkartu egingo litzatekez, lorategiek eta etxebizitzek hartutako oso gune handiaren bitartez. Horrek eragin handia izango leuke Bilboren urigintza aldeko barriztapenean”, azaldu dau.

Reyesek, Bizkairen interesen kontra egitea aurpegiratu deutso PP taldeari, bere erantzun-eskean AHTa amaituko dan geltokia finantzauko dauena Aldundia izan behar dala sartu dauelako, gai horren eskumena Gobernu zentralarena dala dakien arren. Esan dauenez, Euskadiko erakundeetatik, 2019. urtean martxan egongo litzateken behin betiko soluzino merkea lortzeko ari dira beharrean, Gobernu zentralak, AHTa Bizkaiko hiriburura helduko dala erabilten dituan aurreikuspenakaz bat etorrita.

PP taldetik, Javier Ruiz bozeroaleak “primizia” emon gura izan deutso. Esan dauenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dauen proiektuak “gaiztasun tekniko nabarmenak dituala” uste dau Sustapen Ministerioak, eta hori gauzatu ezkero, geltoki “disfuntzionala” eregiko litzateke, proiektua “ez datorrelako bat” beste zerbitzu batzuen artean abiadura handiko trenak jaso behar dituan geltokiaren “beharrakaz”.