Aurreko Albisteak

Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, oposizino barik, Bizkaiko ogasuneko zordunen argitalpena adostu dau

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek, martiaren 10eko Bizkaiko Lurralde Historikoko Tributuei buruzko 2/2005 Foru Arau Orokorra aldatzeko Foru Arau proiektua onartzeko lehenengo pausua emon dabe gaur. Bertan, beste aldaketa batzuen artean, milioe bat euro baino gehiagoko “tributu zorrak edo zehapenak” daukiezan zergadunen zerrendea argitaratzeko aukerea zabaltzen jako Foru Ogasunari, joan dan abenduan Estaduko Tributuen Agentziak egin dauen antzera. Arau proiektua idatzi dauenak –Foru Aldundiak– esan dauenez, neurri hori, iruzur fiskalaren kontrako “prebentzinozko eta hezkuntzazko tresna” moduan ulertu behar da. Batzordean aldeko 10 botogaz (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta 4 abstentzinogaz (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) onartu dan erespena osoko bilkureak berretsi beharko dau orain, indarrean sartu daiten.

Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean izandako eztabaidea, zordunen zerrenda horretan agertzeko gitxieneko kopuruan zentrau da. Zuzenketa-eske baten bitartez, EH Bilduk muga hori 100.000 eurotan jartea gura izan dau, baina Bizkaiko Foru Aldundiak planteau dauen testuaren alde agertu diran hiru taldeek ez dabe hori onartu “oso kopuru baxua dalako”. Orokorrean, aldaketeak, Estaduko ganerako lekuetan apliketan dan legedia Bizkaian be apliketea eragingo dau.

Aldaketeak artikulu barria gehitu dau, Bizkaiko Ogasunagaz 1.000.000 euroko kopurua gainditzen dituen “zorrak edo zehapenak” daukiezan iruzurgileen “ulertzeko moduko” zerrenda horreek “aldian behin” argitaratzeko, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez. Ogasunak 2016ko bigarren seihilekoan argitaratuko leuke lehenengo zerrenda hori, martiaren 31n itxitako datuakaz. Dana dala, arauak ezarten dauenez, hurrengo urteetarako erreferentziazko datea urte bakotxeko abenduaren 31 izango litzateke. Horren eragina jasaten dabenek hamar eguneko epea eukiko dabe alegazinoak aurkezteko, eta alegazinoek ez badabe kontrakorik esaten, euren datuak –izena eta IFZ–, pertsona fisikoak edo juridikoak badira be, hiru hilebetez argitaratuko dira, baliabide telematikoen bitartez.

Arau proiektuari “ondo etorria” emon deutsie batzarretako talde guztiek, “jokaera gaitzesgarriak” zabaltzeko neurri barri moduan hartu dabelako. Dana dala, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak abstenidu egin dira, ezarri dan mugea “altuegia” dala uste dabelako. Halandabe, koalizino abertzalea muga hori negozietako prest agertu da, talde horren ustetan, une honetako terminoetan “hankamotz” geratzen dalako.

Arau proiektuaren alde agertu diran taldeek azpimarratu dabenez, “pausu garrantzitsua” da iruzur fiskalaren kontrako burrukan. PPko Arturo Aldecoak esan dauenez, “akuilua izango da, jendeak ez daian zorrik euki” Ogasunagaz. Milioe bat euroko mugea “pausu egokia” da, eta etorkizunean barriro aztertu egin beharko da, baina beti be kontuan izanda intimidaderako eskubidea eta datuen babesari buruzko legedia gardentasunerako neurriakaz uztartu behar dirala, adierazo dabe Alexia Castelok (PSE-EE) eta Janire Bijueskak (EAJ-PNV). Batzordekide biek esan dabenez, “gaitza da alderdi biak neurrian hartzea”, beti ez dagoalako “engainua egiteko helburua” zergadun horreen jokaeretan.


SAN MAMES BARRIKO ARKITEKTOAREN AGERRALDIA

Batzordeak aho batez onartu dau EH Bilduko batzarretako taldeak eskatu dauen agerraldi eskaerea, César Azkarate San Mames Barriko arkitektoa Batzar Nagusietara joan daiten, San Mames Barriko estalkia handitzeko asmoa dala eta sortu dan egoeraren barri emon daian. Koalizino abertzaleak, estalkiaren ordainketea bere gain nork hartu behar dauen “argitzeko” informazinoaren bilaketa prozesuan sartu dau agerraldi hori. Zigor Izuskizak adierazo dauenez, “zalantzak” dagoz Athletic taldearen zelai barriaren “iragazgaiztasunari” jagokonez haserako proiektuan “akatsak” egon ete ziran gaiaren inguruan.