Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilboko tranbia unidadeen barruan makina baliobakoitzaileak instaletea eskatu dabe

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako batzordeak Bilboko tranbia unidadeen barruan makina baliobakotzaileak instaletea eskatu dau, Bilbon dagoan Batzar Nagusietako egoitzan egindako bilkuran. Bizkaiko Batzarrak Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako arauz besteko proposamena onartu dau gaur, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaerea egiteko, Eusko Jaurlaritzaren aurrean “egin beharreko gestinoak” egin daizan, garraiobide horretan makina baliobakotzaileak jarteko. Une honetan, Euskotranen geralekuetan baino ezin daitekez baliobakotu txartelak. Ekimenak, Batzarretako EAJ-PNV, PSE-EE, Podemos Bizkaia eta PP taldeen aldeko botoa eta EH Bilduren abstentzinoa lortu ditu, eta, ganera, gonbitea egiten deutso Eusko Jaurlaritzari, txartelak saltzen dituen makinak “aztertu” daizan, “argiagoak” izan daitezan”.
Jesus Isasik (PP), Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak gogoratu dauenez, 2007an eta 2009an Bizkaiko Batzarrak onetsitako proposamena defendidu dau, gaur egungo Barik gailuak “txikiak” dirala, eta tranbia barruan ezelango arazorik barik instalau daitekezala esanez. Proposamenak beste gauza bat be gehitzen dau, markesinetan dagozan salmentarako makinen diseinua hobatzea, Isasiren berbetan “nahasketak sortzen dituelako”.
Batzarretako taldeek adierazo dabenez “denpora asko” igaro da tranbiaren erabiltzaileek txartela baliobakotzeko modua hobatzeko asmoz Bizkaiko Batzarretan hainbat ekimen onartu ziranetik. “Traba egiten dauen edozein elementu baztertu egin behar da”, adierazo dau Mikel Bagan jeltzaleak, eta “aurretik azterlanak” egitearen eta Bizkaiko Batzarrek agindutakoa betetearen aldeko apustua egin dau. Podemos Bizkaia eta PSE-EE taldeen eretxiz, igaro dan denporea “nahikoa” izan da, eta neurria “atoan” jarri beharko litzateke indarrean.
EH Bildu bat etorri da geralekuetan dagozan makinen diseinua hobatzeko eskatzen dauen proposamenaren parteagaz, eta ez bakarrik bertako bezeroengan pentsauz, baita kanpotik datozanengan pentsauz be, ez dagozalako funtzionetako modura ohituta. Halanda be, ez dira barrukaldean makina baliobakotzaileak jartearen aldekoak, horrek “ilarak” sortu daikezalako txartela baliobakotzeko orduan. “Gure zalantzak daukaguz. Jendeak barneratuta dauka euren txartela geralekuan baliozkotzeko funtzionamenduaren dinamikea”, adierazo dau Isuskizak.
METRO BILBAOKO TARIFEN IGOEREA: "% 3,55EKOA”
Saio berean, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako diputatuak, joan dan urtarrilaren 1etik aplikau dan Metro Bilbaoko tarifen igoerea azaldu dau. EH Bilduk eskatuta, Aldundiko arduradunak adierazo dau Bilboko lur azpiko trenaren “batez besteko” igoerea “% 3,55ekoa” izan dala, eta igoera horretan modu positiboan diskriminau gura izan dirala ohiko bezeroak eta gizarte izaerea daben tituluak erabilten dituenak, metroa aldian behin baino erabilten ez dabenen aurrean. Ganera, “tarifen igoerea gizarte eta ekonomia erespideak kontuan izanda egin da, zerbitzuaren kalidadeari eta galerei arrazoizko maila jasangarrietan eustea bermatuz”, esan dau. Igoerea ez da bardina izango danontzat. “Fidelizazino erespidea aplikau da, garraiobidea gehien erabilten daben erabiltzaileen alde, aldian behingoaren aurrean”.
Bezero ohikoenak batez besteko igoeraren azpitik geratzen dira. Holan, Reyesek adierazo dauenez, gura beste bidaia egiteko aukera emoten dauen Gazte Txartelak “ez dau igoerarik” izan. Hileko txartelari jagokonez, hiru guneetako batez besteko igoerea “40 zentimokoa” da, hau da, batez besteko igoerea “% 1,32koa” da. Eta 65 urtetik gorakoentzako Gizatransen kasuan, bidaia bakotxak 33 zentimo balioko ditu, hau da, edozein gunerako zentimo bat “baino ez da igo”. Gazteentzako urteko txartelak “% 0,92ko” batez besteko igoerea izan dau. “Laburbilduta, gizarte izaerako beherapen garrantzitsuak dituen prezioak dira, aurrekontuak zorrotz egin behar diran garai honeeetan”.
Diputatuak adierazo dauenez, herritarrak jakin behar dau Metro Bilbaok izoztu egin ebazala tarifak 2015ean eta, 2013an eta 2014an, igoerak KPIa baino “puntu erdi txikiagoak” izan zirala. Aurtongo igoereak hori be hartu dau kontuan, eta baita inbertsinoak eta mantentze lanak “gero eta handiagoak dirala” be. Ganera, ez da ahaztu behar, galerak eta inbertsinoak ordaintzen dituen herri administrazinoek –Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak “erdi bana”– Metro Bilbaok eskintzen dauen zerbitzuaren kalidade mailari eusten jarraitzea gura dabela herritarrek.
Holan, Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, erakunde biek “136 milioi euro” bideratuko ditue 2016an metrora, Metro Bilbaoren ustiapenaren galerei eusteko –“11 milioi eurokoa”, adierazo dauenez– edo gaur egungo zerbitzua hobatzeko eta 3. linea eregiteko eta martxan jarteko. Reyesek esan dauenez, tarifen igoeraren ondorioz, “milioi bi euro” gehiagoko diru sarrerak lortuko dira.
BATZARRETAKO TALDEAK
EH Bilduren ustez, tarifen batez besteko igoerea –“%3,55”– asko eta asko urruntzen da KPIren igoeratik. Jesús Isasi popularraren berbetan, indize horrek, kontsumoaren prezioei jagokenak, ez dau igoerarik izango, “% 0,3ko” jatsiera baino. Isuskizak esan dauenez, Barik zorroagaz egiten dan bidaiak “% 5,2ko” igoerea euki dau, eta hori da erabiltzaile gehienek, “% 53k” erabilten dabena. Super 50 bonoak, lur azpiko trenaren bezeroen “% 8k” erabilten dabenak, be igoera berbera izan dau. Isuskizaren berbetan, igoera hori ez da “igoera txikia, ia hutsaren parekoa”. “Herritarren boltsikoaren flotazinoko lineari erasotzen deutso”, gehitu dau Isasik. Metro Bilbaoren datuak kontuan izanda erabiltzaileen kopurua “estankau” baldin bada, igoera horrek “ez dauka zentzurik”, lur azpiko trenaren erabilerea handitzeko eta sustatzeko orduan, adierazo dabe Podemos taldeko lekuetatik.
Joaquín Colmenerok (PSE-EE), bere aldetik, ordezkari popularraren “demagogia” kritikau dau, alde batetik igoerea kritiketan dauelako, eta bestetik “eten barik”, hobakuntzak eskatzen ditualako, 3. linea eregitea, adibidez. Bere ustez, “garrantzitsuena ohiko bezeroak eta gizarte arloko erespideetan oinarrituta dagozan txartelak kontuan izan dirala da”.
Mikel Baganen (EAJ-PNV) ustez, igoerak, Administrazinoek, Bizkaiari “galera kontrolaua izango dauen kalidadeko” garraioa eskintzeko egin daben apustuari erantzuten deutso. “Batzuetan ezinbestekoa da tarifak igotzea, baina aurreko urteak be kontuan izan behar dira. Ahal danean, tarifak dagozan moduan izten dira, baina batzuetan ezinbestekoa da igotzea”, esan dau. Beretzat oso albiste ona da igoerak “eragin txikiagoa” izatea “babestu behar diran” kolektiboetan eta “ohiko” erabiltzaileengan.
EZ DA “BEHARREZKOA” URTEKO GAZTE TXARTELA BIZKAIBUSEN
Beste alde batetik, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako diputatuak, Podemos Bizkaiak eskatutako beste agerraldi bati erantzunez, esan dau bere sailaren eretxiz ez dala beharrezkoa unibersidadeko ikasleentzako urteko txartela ezartea Bizkaian, UPV/EHUren Leioako campusera joan behar dabenentzat, batez be. Gai hori talde morearen eskutik heldu da batzordera, “change.org” plataforma digitalean 6.000 sinadura baino gehiago jaso dituan herritarren eskaria dala eta.
Reyesek esan dauenez, talde horren beharrak “beteta” dagoz daborduko hileko Gazte Bizkaibus tituluagaz. Urte osokoa “ez da ezinbesteko beharra”, esan dau. 26 urtetik beherako Barik txartelak bidaiaren kostuaren “% 50eko” beherapena eragiten deutso erabiltzaileari, Barik creditrans bategaz alderatuta, eta “% 70ekoa” joaneko billeteagaz alderatuta. Unibersidadera doazan lineatan erabiltzaileen “% 20k” erabilten dau, eta ganerako lineatan “% 5eko” erabilerea dauka.
Bizkaibusek egunero UPV/EHUn eskintzen dauen zerbitzuari jagokonez, gogoratu dauenez, hasi barri dan unibersidadeko ikasturtean, Bizkaibuseko “24 linea” heltzen dira egunero Leioako campusera, klasea dagoan egunetan, “6.500 bidaiari”. Campusera heltzen diran pertsona bitik bat Bizkaibusen heltzen da. “30 autobus baino gehiago” ibilten dira, gehienak ahalmen handikoak. Reyesen eretxiz, datu horreek “gai horri buruzko argi gehiago emoten dabe, eta Leioako campuseko ikasle eta behargin guztiei ahalik eta zerbitzu hoberena eskintzeko Bizkaibusek egiten dauen esfortzu handia hobeto ezagutzeko aukerea emoten deuskue”.