Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Zugaztietako Eskulturen Parkerako konponbidea eskatu dabe

batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako Batzordeak, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batera aurkeztutako arauz besteko proposamena onartu dau gaur goizean. Bertan, eskaria egiten jako Foru Aldundiari, une honetan Zugaztietan (Trapaga) dagoan eskulturen parkea dagoan lekuko lurren kontrola berreskuratu daian, proiektua aurrera eroateko sustatzaileakaz akordiorik lortzen ez bada. 2007ko urrian Bizkaiko Foru Aldundiak baimena emon eutsan Meatzalde Goikoa Kultur Taldeari euskal artisten artelanak aire zabalean erakusteko, Aldundiaren lurretan. Kulturgune horren kudeaketea “arazoz” beteta egon da, Batzarretako talde guztiak gaur autortu dabenez. Ekimenak EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoa jaso dau, eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia abstenidu egin dira.

Azken urteotan ustiapenean hauteman diran “arazoak” hor dagozan arren, proposamena aurkeztu daben taldeek, “artea eta natura uztartzea eta herritarrei hurbiltzea” oso idea “barritzailea” dala azpimarratu dabe. María Presa jeltzaleak adierazo dauenez, kultur proiektuak parkearen kudeaketeagaz arduratzeko prest dagozan “beste erakunde” batzuen interesa biztu dau. Hori dala eta, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, eskaerea egin dabe Aldundiak, interesauta dagozan administrazinoakaz batera, “dagoan aukerarik hoberena aurkitu daian, Zugaztietako meategi herrixkaren ondoan dagoan eskulturen barrutia ahalik eta ondoen kudeatu ahal izateko”. Eskulturen artean, hil aurretik proiektu horren alde agertu zan Nestor Basterretxea sortzaile handiak emondako artelan bat dago.

Halanda be, ekimenean ez da baztertzen, azkenean, Aldundiak akordio onik ez lortzearen aukerea, eta hori dala eta, eskaria egiten jako foru erakundeari, gaur egungo erakunde kudeatzaileagaz dagoan kontratua “balio barik itxi daian” eta lurren kontrola berreskuratu daian. Hori holan bada, lurzoruak “beste erabilera batzuetara bideratzea eskatzen dabe, inguruko eragileei entzun ostean”.

PSE-EE taldeko Juan Oterminek “gatazka” horretarako konponbidea bilatzeko eginbeharrekoetan sartu dau Bizkaiko Batzarrek emondako agindua. Helburua, Aldundiak kultur proiektuagaz jarraitzea eta gaia “bideratzea” da, idea “ona” dalako, artearen eta naturaren artean sinergiak sortzen diralako. “Proiektu traktorea da inguruko turismorako”, gehitu dau Presak.

Batzordera bere arauz besteko ekimena ekarri dauen Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, bere proposamena baztertzea erabagi dau, adostasun handiagoa lortzeko. Arturo Aldecoa batzordekidea bat etorri da ganerako taldeakaz, ideia “barritzailea” dala esatean, baina bere eretxiz, “iruzurra” izan da. Hori dala eta, bere ustez Aldundiak “barriro formulau behar dau proiektua, eta ez dau zertan leku berean zertan jarraitu behar”.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, euren aldetik, ez dabe jeltzaleen eta sozialisten proposamenaren alde agertu gura izan, euren ustez oraindino “argitu beharreko kontu asko” geratzen diralako. Elsa Pamparacuatrok (Podemos) gurago dau aurretik “gatazka horretan inplikauta dagozan alde guztiak entzutea, legealdi honetan bertan martxan jarri dan Eskarien eta Herritarrakaz izan beharreko Harremanen batzordean”.

EH Bilduko Meritxell Elgezabalek inplikautako eragile guztiak kontuan izatearen aldeko apustua egin dau, inguruko biztanleak batez be, “ez dabelako begi onez ikusten” gaur egungo kokalekua “ez dauelako meategi ingurunea errespetetan”. Horrez gain, UPV/EHU-ko Arte Ederretako Fakultadeko irakasleek egindako txostena be hartu beharko da kontuan. Meatzalde Goikoa Kultur Taldearen existentziaren, proiektuan interesauta dagozan erakundeen eta Basterretxeak emondako artelanaren titulartasunaren inguruan dagozan zalantzak argitzeko be eskatu dau.


GERNIKAKO FORU ARTXIBATEGI ZAHARRERAKO ERABILEREN BILA

Beste alde batetik, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatu andreak, Podemos Bizkaiaren eskariari erantzunez, Gernikako Foru Artxibategi zaharraren eraikinaren gaur egungo egoeraren eta etorkizunean izango dauen erabileraren barri emon dau. Eraikin hori Gernikako Batzarretxetik oso gertu dago. Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, higiezina “oso egoera onean dago”, Aldundiak azken hamarkadatan egin dituan konponketa lanak dirala eta. Une honetan errentari baten bila dabil Aldundia, erabilerea emoteko.

Bilbaok adierazo dauenez, higiezina “une jakin batzuetan” Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País alkarteak erabili izan dau artxibategi moduan, baina une honetan bere sailak beste erakunde batzuekaz be egin dau berba, urtenbidea emoteko. Erakunde horreen artean Busturiako toki garapenerako Urremendi agentzia, Bizkaiko Batzar Nagusiak eurak edo Euskal Herriko Museoa aitatu ditu. Diputatu andreak adierazo dauenez, momentuz “ez dago ezer itxita”.