Artxandako tuneletako eta "Supersurreko" trafikoek "% 6,46ko" eta "% 5,89ko" hazkundea izan eben, hurrenez hurren

2015. urtea “urte ona” izan da Artxandako Tuneletako eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbideko (MHS-VSM) trafikoa berreskuratzeko, ordaindu beharreko errepide horreen erabilerak, “krisialdi ekonomikoa dala eta”, behera egin dauen ekitaldi batzuen ostean. Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde garapena Sustatzeko foru diputatu jaunaren eretxiz, Bilbora sartzeko tunelen erabilereak “% 6,46ko” igoerea izan dau. Batzar Nagusien aurrean gaur izan dauen agerraldian, Aldundiko arduradunak esan dauenez, “Supersur” deritxon errepidearen kasuan, hazkunde hori “% 5,89koa” izan da.
Pradalesek, EH Bilduk eskatutako agerraldi batean eskini ditu datu horreek. Agerraldi horretan, bere sailak deitu dituan “lizitazino biei” buruzko informazinoa emon dau. Lizitazinook, Artxandako Tuneletan eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidean hauteman diran arazoen jatorria eta portaerea aztertzeko egin dira.
Ordaindu beharreko errepide horreetako lur-azpiko puntu batzuetan, “arrakala, hezetasunen eta itogin” moduan agertu diran “arazoak” dirala eta Bizkaiko Batzarretara etorteko eskaria egin dauen EH Bilduri erantzunez, Aldundiko arduradunak adierazo dau arazo horreek, hain zuzen be, Aldundiak “aldian behin” egiten dituan ikuskapen lanei esker hauteman dirala. Lizitazino bien kostu osoa “563.000 eurokoa” da, eta “etorkizunean etorri daitekezan arazoei aurrea hartu ahal izateko egin beharreko prebentzinozko beharretarako” baino ez dira, kontuan izan behar dalako azpiegitura horreek “Naturaren eragina jasaten daben elementu biziak dirala”.
Artxandako tunelen kasuan, Aldundiak, espezializautako enpresen aldetik jasotako “8 proposamen” aztertu beharko ditu –eskintzak jasoteko epea joan dan abenduaren 9an amaitu zan–, azterketa lan “zorrotzagoak” egiteko. Arazoei buruz argia eta konponbideak emon beharko dituen azterlan horreek "379.000 euroko" lizitazinorako aurrekontua (BEZ aparte) eta “10 hilebeteko” epea daukie.
MHS-VSMren kasuan, eta “16 kilometro galeria baino gehiago” aztertu ostean, azterlanak, “Supersur” deritxon errepidearen bi galeriatan banatutako “100 metroko” zatian zentrauko dira. Puntu bi horreek aztertzeaz gain, jarduketan, bizitzako zikloaren amaierara heltzen ari ziran “sentsoreak” eta “inklinometroak” aldatuko dira. Horri jagokonez, lizitazinoaren aurrekontua "187.186 eurokoa" izango da (BEZ aparte), “3 hilebeteko” epeagaz.
Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak kritikau egin dau diputatu jaunak “arazo” horreei garrantzirik ez emotea. “Ez dira arazo txikiak”, esan dau, “bizkaitarrak hipotekau dituen milioi askoko” azpiegituretan agertu izana kritikauz. Ganera, salatu dauenez, txosten tekniko horreek egiteko inbertsinoak “beste leku batetik urten” beharko dau.
Pradalesek, barriz, jarduketa horreek “prebentzino” izakerea daukiela azpimarratu dau, eta adierazo dauenez, tuneletan sortu daitekezan arazoei “aurrea hartzeko” balio izango dabe. Eta gogoratu dauenez, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea foru sareko “kalitate handieneko” errepidea da, “eraikuntzaren eta segurtasunaren ikuspuntuetatik”.
KATADIOPTRIKOAK KENTZEA
Podemos Bizkaia taldearen itaunei erantzunez, Pradalesek Ekonomi eta Lurralde garapeneko batzordeari jakinarazo deutsonez, bere sailak foru errepide sareko zati bitan kendu ditu daborduko katadioptrikoak. Segurtasuneko elementu horreek errepidearen bazterbideetan egoten dira, errepidearen trazaua hobeto adierazoteko eta segurtasun gehiago emoteko. N-240 errepideko 11,2 eta 43 kilometro puntuen artean (Urgoitiko bide-kurutzearen ostean) eta N-634 errepideko 73,1 eta 89,8 kilometro puntuen artean (Zaldibar-Zornotza) kendu dira.
Talde “moreak” eskaria egin dau, “change.org” webgunean Aldundiari elementu horreek kentzeko eskatuz sortu dan herritarren eskariaren barri izan eta gero Pradales Batzar Nagusietara etorri daiten, elementu horreek “arriskua sortzen dabelako txirrindularien zirkulazinoan”. Kanpaina hori txirrindulari batek abiatu eban, joan dan “abenduaren 7an” gailu horreetako batek eragindako istripua jasan ostean, EH Bilduk adierazo dauenez.
Egoerea aztertu eta “saiakera eta akats probak” egin ostean, Aldundiak, automobil gidarien eta txirrindularien artean “konfliktibidade intrinsekoa” dagoan errepideetatik katadioptrikoak kentzeko erabagia hartu dau, eta baita hiru baldintza honeek beteten dituan bideetan be: “trafiko intentsidade handia, ibilgailu astunena batez be, abiadura handiko bidea, eta txirrindularien zirkulazino kontzentrazino handia”; aitatutako errepide biek baldintza horreek beteten ditue.
Podemos taldearen itaunei erantzunez, “10.700 katadioptrikoak” kentzen gastau diran “13.000 euroak” mantentze lanetako emakida daukien enpresen aurrekontuetan sartzen dirala adierazo dau Pradalesek. Elementu horreek beste errepide zati batzuetan “erabiliko dira”.
BAZTERTUTAKO AGERRALDI ESKARIA
Podemos Bizkaia taldeak baztertu egin dau diru-laguntza publikoak jaso ostean porrot egin daben enpresei (Unitec, lkertia, Axia, eta Ziurtek) “auditoriak ez egiteagaitik” eskatutako agerraldi eskaria. Neskutz Rodríguez bozeroaleak denporea eskatu dau, Aldundiak emondako informazinoa aztertu ahal izateko.