Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, Artxanda zeharkatzen dauen errepidean trafikoa astirotzeko hobekuntzak "aztertu daizan"

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2016ko lehenengo lan saioa egin dabe gaur. Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Batzordeak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eske transakzionala onartu dau gaur. Zuzenketa-eske horren bitartez eskaerea egiten jako Aldundiari, sei hilebeteko epean, Artxanda, Enekuri eta Santo Domingo lotzen dituan BI-3741 errepidean “egoeraren barri eta egin beharreko hobekuntzak jasoko dituan azterlana” egin daian.
Batzordearen eguneko gai zerrendan arauz besteko proposamen bi jaso dira, bat PP taldeak aurkeztutakoa, eta bestea EH Bildurena. Proposamenek, inguruko biztanleek osatutako Artxanda Plataformaren errebindikazinoak jaso ditue. Plataformako kideek batzarretako taldeakaz egindako hainbat bileretan jakinarazo dabenez, inguru horretan ibilgailuak “oso arin” ibilten dira. Eskarien artean borobilgune bi eregitea eta oinezkoentzako altxatutako hainbat igarobide eta espaloiak egokitzea dagoz.
Bizkaiko Batzarretan onartu dan jeltzaleen eta sozialisten zuzenketa-eskeak datozan hilebeteetan jarraitu beharreko lan egiteko ildoa planteetan dau. Irene Edesa batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, bertan, “ezaugarriak, trafikoa eta inguruko errepidearen eta lurraren erabilerak” aztertu beharko dira, inguruko bide segurtasuna hobetuko daben soluzino teknikoak diseinau ahal izateko, ibilgailuentzako igaroteko abiadura egokia eta erabiltzaile ahulenentzako, txirrindularientzako eta oinezkoentzako, babesa bermatuz.
Holan, jeltzaleen eta sozialisten eretxiz, bide arloko soluzinoa Bilboko eta Sondikako urigintza planen barruan egon beharko da, eta azterlanak, kostuak, eta aitatutako errepideak hartzen dituan udalerri bi horreekaz koordinauta gauzatu beharko dan inbertsino plana zehaztu beharko ditu.
Batzarretako talde guztiak aurretiazko azterlana egitearen alde agertu dira. Jesús Isasik (PP) adierazo dauenez, helburua, aisiarako leku bat zeharkatzen dauen errepidea “atseginago” bilakatzea da. Ganera, ez da ahaztu behar gidari askok Enekuritik edo Santo Domingo Ganetik zirkuletan dabela “iges egiteko bide moduan, trafiko pilaketak dagozanean”.
EH Bilduk uste dauenez, jarduketea “preminazkoa” da, eta azterlana “lehenengo pausua da errepidearen hobekuntzea Aldundiaren 2017ko aurrekontuetan sartu ahal izateko.
Proposamena baloretan sartu barik, Podemos Bizkaiak kritikau egin ditu gai hori Batzar Nagusietan sartzeko aukeratu diran “formak”, Herritarren Eskarien batzordea erabili ez izana kritikauz. Batzorde hori agintaldi honetan sortu da Bizkaiko Batzarretan, araudi barriagaz bat etorrita. Aitatutako batzordea erabili eitekean auzokideen plataformak euren proposamenak zuzenean azaltzeko, une eta saio bakarrean, Batzarretako talde guztien aurrean.
TXIRRINDULARITZAKO BIDEEI BURUZKO “APP”-A
Batzordeak, PP taldeak aurkeztutako arauz besteko beste proposamen bat be onartu dau, Aldundiari eskaria egiteko Bizkaiko Lurralde Historikoko txirrindularientzako ibilpideak eta bidegorriak jasoko dituan “app”-a egin daian, denpora gitxi barru Google Earth aplikazinoa desagertu egingo dalako. Talde guztiak neurri horren alde agertu dira, abstenidu egin dan Podemos Bizkaia izan ezik.
Kontxi Claver batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Saila, une honetan, 2005ean egin zan Aldundiaren webgunearen “bizikletaz ibilteko sarearen bistaratzailean” Google plataforma bidez eskintzen dan informazino hori erakutsiko dauen aplikazino “hedagarria” eta “eskalagarria” egiteko beharretan ari da. Claverrek esan dauenez, Lantikek urte honetako “lehenengo hilebeteetan” aktibauko dau aplikazino barria, eta ordenagailuetan, tabletetan eta telefono mobikor adimendunetan funtzionauko dau. Dagozan ibilpideak erakusteaz gain, aplikazinoak, Bizkaian dagozan “bizikletentzako aparkalekuei, intermodaltasunari, leku interesgarriei, parkeei edo aisiarako lekuei” buruzko informazinoa be emongo dau, beste gauza batzuen artean.
EH Bilduk eskaria egin dau, eguneratze hori Aldundiaren baliabideak erabiliz egin daiten, Lantik foru soziedadearen bitartez, eta "software" librea erabilita, gitxiago gastetako. Horrez gain, publizidadea emoteko eskaria be egin dau, bizikletaren erabilerea sustatzeko. Podemos Bizkaia izan da PP taldearen ekimenaren alde agertu ez dan bakarra, bere eretxiz merkaduan txirrindularientzako ibilpideei buruzko “behar beste informazino” dagoalako, erakunde publikoek eta pribaduek emondakoa. “Gai garrantzitsuagoak dagoz”, esan dau Neskutz Rodríguezek, eta, ganera, aplikazino horreen eukien kalidadea zalantzazkoa dala be esan dau.
TIKETAK EMOTEA ORDAINDU BEHARREKO ERREPIDEETAN
Bukatzeko, batzordeak PP taldearen beste ekimen bat onartu dau, Aldundiari eskaerea egiteko, AP-8 autopistan eta Artxandako tuneletan ordaindu izana justifiketan dauen tiketa emon daiten “erabiltzaileek beren beregi eskatu behar barik”. EAJ-PNV eta PSE taldeak ekimenaren alde agertu dira, EH Bildu abstenidu egin da eta Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dau.
Jesús Isasik (PP) adierazo dauenez, danok dakigu kasu batzuetan autopistako tiketak ez dirala emoten, eta bere ekimena justifiketako orduan, esan dau “oharra” izan gura dauela, ordain lekuetako beharginek errepide horreetako erabileraren ordainagiriak “ofizioz” emon daiezan.
Proposamenaren alde agertu arren, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek guzurtau egin dabe PP-ko bozeroaleak esandakoa. “Oso noizbehinka” gertau diran gauzak dira, araudiak behartu egiten ditualako ordaindu beharreko errepide horreetako beharginak, ordainketaren ordainagiria emon daiezan. “Tributu arloko eginbeharra da”, eta Interbiak-eko baldintzen pleguetan dago jasota, erantzun dau María Presa jeltzaleak. Plegu horreetan jasoten danez, “beti” emon behar dira ordainagiriak.
Alexia Castelo sozialistak, bere aldetik, “salbuespenak egon daitekezala” onartu dauen arren, “arau orokorra existidu egiten dala” esan dau. Isasiri eskaria egin deutso, herritarrak nahasten ibili ez daiten, kasu hori, Bizkaiko Foru Aldundiak ostalaritzan tiketak emotea sustatzera bideratutako kanpainaren parean jarriz.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, popularren proposamenaren kontra zergatik agertu diran azaldu dau, talde horren eretxiz “2015eko urritik” autopistako beharginek tiketa emoteko beharra daukielako. “Ez daukagu pertzepzino hori”. Tiketa “eskini edo emon egiten deuskue”, gehitu dau EH Bilduko Zigor Isuskizak.