Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak behin betiko onetsi ditu 2016ko Bizkaiko Aurrekontuak

Bizkaiko Lurralde Historikoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak gaur goizean onetsi dira, Gernikako Batzarretxean egin dan osoko bilkuran, Foru Aldundia eusten daben talde bien laguntzari esker: Euzko Abertzaleak (EAJ/PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE). EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra (PP), euren aldetik, 7.437,7 milioi euro hartzen dituen –aurtongo ekitaldikoak baino %2,6 gehiago– kontu publikoen kontra agertu dira. Kopuru horretatik 1.178 milioi Aldundiaren kudeaketa propiorako izango dira.

Bozketea, ia hiru ordu iraun dituan eztabaidaren ostean egin da. Eztabaidan, Bizkaiko Batzarretako bost taldeetako bakotxak bere jarrerak defendidu ditu, parte hartzeko txanda bitan. Aurrekontuei buruzko Foru Arauak Bizkaiko Batzarraren behin betiko onespena jaso dau, bederatzi bozketa egin eta gero, Sail bakotxeko bat eta Testu Artikulaua berresteko beste bat. Guztiek be emaitza bera izan dabe: jeltzaleen eta sozialisten aldeko 30 boto eta oposizinoko hiru taldeen (EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP) kontrako 19 boto.

Foru Arau proiektuaren erespena batzarretako oposizinoko taldeek erreserbautako 318 zuzenketa-eske partzialakaz (PP taldearen 190, EH Bilduren 94 eta Podemos Bizkaiaren 34) heldu da urteko azkenengo osoko bilkurara, egun batzuk lehenago, abenduaren 18tik 22ra egindako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeetan zuzenketa-eske horreek ezezkoa jaso eta gero. Azkenean, aurrekontuak 436.000 euroko aldaketea izango dau, saio hareetan EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek alkarregaz aurkeztutako hamabi zuzenketa-eske onetsi eta gero (10 partikular eta trantsakzional bi). Horeetatik bost, lehen aldiz Bizkaiko Batzarretako webgunearen bitartez (jjggbizkaia.eus) jasotako herritarren zuzenketa-eskeak dira, Bizkaiko Batzar Nagusietako araudi barriak herritarren partaidetzari jagokonez zabaldu dauen bideari jarraituz. Oposizinoak barriro ikusi dau gaur zelan bota diran atzera bere zuzenketa-eske guztiak.

EAJ/PNVk eta PSE-EEk euren arteko gobernu hitzarmena defendidu dabe eta, hori dala eta, baita Unai Rementeriaren agerraldian onetsi diran lehenengo Kontuak be. “Landutako eta ondo aztertutako Aurrekontu erreal” horreek, ondoren adierazoten diran lehentasunak kontuan izanda diseinau dira, Jon Andoni Atutxa batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez: gizarte zerbitzuei eustea, ekonomia eta enplegua bizibarritzen laguntzea, Bizkaia nazinoartean indartzea eta lurralde “kohesionauagoa” eta administrazino “modernoagoa, gertukoagoa eta gardenagoa” lortzea. “Proiektu eta esparru ideologiko desbardinak izan arren lurraldearen lehentasunen azterketa konpartitua daben indar politikoek onartu ditue”. Atutxak, bere taldea oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eskeen kontra agertu izana justifikau dau, “horreek aurrera eroan izanez gero, foru administrazinoaren funtsezko sektore asko gelditu egin beharko litzatekezalako”.

Carlos Totorika bozeroale sozialistak azaldu dauenez, “sozialistek egingo ebezan aurrekontuak” ez diran arren, “ekonomia berreskuratzeko bidean aurrera egiteko orduan erakundeen egonkortasunari lagunduko deutsien” kontuak diralako eta horretarako, esan dauenez, beharrezkoa da “akordioak lortzea eta puntu batzuetan besteak esandakoa onartzea”. Aurrekontua “desbardinen arteko akordioaren frutua” da, eta sozialistek, enplegua berpiztearen, barrikuntzaren alde apustu egitearen, iruzur fiskalaren kontrako eta harmonizazino fiskalaren aldeko burrukaren, gizarte babesaren edo zerbitzu publikoei eustearen arloetan dituen politika “baztertu ezinak” beteten ditu. Gobernu zentralak aurrera eroandako politikak dirala eta zerbitzu horreek jasan daben “erosinoaren” aurrean, Bizkaiko Aurrekontuak “ongizate estaduan sortu diran murrizketei aurre egiteko euspeneko hormea” diralako.

EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeei jagokenez Kontuen kontra agertu dira, eta baita Foru Gobernua eusten daben taldeak oposizinoko taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske “guztiak” atzera bota izanaren kontra be.

Javier Ruiz, PP taldeak Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak zabaldu dau eztabaidaren txandea, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek erakutsi daben jarrerea eta “herritarrei bizkarra emoteko” erakutsi daben borondatea kritikauz, “70 milioi euro” hartzen dituen bere taldearen zuzenketa-eske guztien kontra agertu diralako. Aurrekontuen “bokazino zentralistea” kritikau dau, baliabide gehienak Eusko Jaurlaritzaren kutxa indartzera bideratzen diralako, eta, baita zergak jatsiz, krisialdi ekonomikoaren urteetan herritarrek egin daben esfortzua “herritar horreei itzuli” gura ez izana be. “Bizkaia, Gipuzkoagaz eta Arabagaz batera, 2012an baino zerga gehiago ordaintzen dituen Espainiako lurralde bakarra da”, esan dau.

Podemos Bizkaia taldetik, Asun Merinerok Aurrekontua “ez dagoala gehiengo sozialaren zerbitzura” kritikau dau. “Ez deutse erantzuten pertsona askoren lehentasun ekonomikoei, sozialei edo kulturalei, hilaren bukaerara heltzen ez diran pertsonen lehentasunei, batez be”, eta ez deutso erantzuten “herritarren arteko desbardintasunaren eta erreskatearen kontrako burrukari”. Gainera, kritikau egin dau bere taldeak aurkeztu dituan zuzenketa-eske guztiek jasan daben ezezko “gogorra, baldarra batzuetan”. Bere esku-hartzeari bukaerea emoteko, “beste aurrekontu batzuk posibleak eta ezinbestekoak dirala” esan dau.

Eta Arantza Urkaregik (EH Bildu) esan dau, zoritxarrez, “hain Aurrekontu garrantzitsuak oso gitxi eztabaidau dirala” Batzar Nagusietan. Beste taldeetako kideek egin daben moduan, koalizino abertzaleak aurkeztu dituan zuzenketa-eske ia guztiak atzera bota izana kritikau dau “kontrako ezelango argumentu sendo barik”. “11.000 euroko zuzenketa-eske bat baino ez da onartu”, “50 milioi euro” hartzen ebezan zuzenketa-eskeetatik, adierazo dauenez. EH Bildu taldeko batzordekideak aldaketa pakete hori justifikau dau, bere eretxiz “posible” dalako “beste lehentasun batzuk” ezarriko dituen eta lehentasunak “behar gehien dituen pertsonengana bideratuko dituen” aurrekontuak izatea. “Ez da egon alkarrizketarik beste taldeakaz, Araban kontrakoa gertau dan arren”, alderatu dau.

Eztabaidea eta bozketak egin ostean, Bizkaiko Batzarrek, 2015. ekitaldiagaz alderatuta %2,4 handituko dan Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa propiorako aurrekontua onetsi dabe. Aldundiko zortzi sailen artean hemen adierazoten dan moduan bananduko da:

- Gizarte Ekintza sailak 472,5 milioi euro izango ditu.

- Ekonomi eta Lurralde Garapen sailak, 245 milioi.

- Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailak, 155,7 milioi.

- Iraunkortasun eta Ingurune Natural sailak, 104,98 milioi.

- Ogasuna eta finantza sailak, 58,47 milioi euro.

- Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasun sailak, 51,41 milioi.

- Euskera eta Kultura sailak, 48,73 milioi.

- Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailak, 41,36 milioi euro.