Foru Aldundiak "%12" igoko ditu "auto-enplegurako" laguntzak 2016an

Diputatuaren berbetan, Foru Aldundia “2010. urtetik aurrera” dago beharrean denporan zehar iraun daben hiru ildo nagusietan. Lehenengoa, enpresa proiektuak sortzeko eta martxan jarteko aholkularitzea. Bigarren ildoa, enpresa funtzionetan ari dan lehenengo urtean laguntzeko emoten diran diru-laguntzak. Eta, azkenik, hirugarren ildoa, enplegua sortzeko laguntza bereziei jagokena. Jarduketarako ardatz horreetan oinarrituta, Foru Aldundiak, 2012ko urtarriletik 2015eko irailera bitartean, “4.592 laguntza” emon ditu – “7.681 eskaritatik”–, eta laguntza horreen kopurua “23.809.748 eurokoa” izan zan.
Emondako laguntza gehienak bigarren moetakoak dira, hau da, enpresa ekimenen lehen pausuetan laguntzeko emondakoak. Azkenengo lau urteetan laguntza horreek “19,4 milioi” eurokoak izan ziran. Urtez-urte partidak gero eta handiagoak diran arren, Laespadak autortu dau horreen hazkundea ez datorrela bat jasotako eskari kopuruagaz. 2015eko lehenengo bederatzi hilebeteetan erregistrau ziran 2.213 eskarietatik, “704” proiektu esleitu ziran, eta horreen zenbatekoa "3.489.000 eurokoa" izan zan. “Asko dira kanpoan geratzen diranak”, “autonomoak” batez be, bere berbetan “krisi ekonomikoa gehien jasaten dabenak”. Unanuerentzat egoera hori “larria” da, eta “errealidadea ezkutau izana” be larria da.
Podemos Bizkaiak adierazo dau penagarria dala auto-enplegua lehentasuna ez izatea Aldundi honentzat. Asun Merineroren berbetan “esfortzua ez da nahikoa”, eta eskaria egin dau foru arauak “jendearen beharretara” egokitu eta partida horreek handitu daitezan. Foru laguntzen aldetik laguntza askorik jasoten ez daben sektoreetarako “lehentasunezko tratua” be eskatu dau, eta sektore horreen artean hezkuntzea, osasuna edo artea sartu ditu. Laespadak emon dituan datuak kontuan izanda, azkenengo urteetan laguntzak merkataritzan eta motordun ibilgailuen konponketan (%25), jarduera profesionaletan, zientifikoetan eta teknikoetan (%22), eraikuntzan (%12) eta ostalaritzan (%9) zentrau dira batez be, hamalau tipologiatan banandutako sailkapenean.
Urteko azkenengo batzordea izan dan honetan Laespadak azpimarratu dauenez, Aldundiak “urte guztietan” handitu ditu auto-enplegurako partidak, baina baliabideak “mugatuak” dirala autortu dau. 2014an bakarrik, “258” proiektu kanpoan geratu ziran “aurrekonturik ez egoalako” enpresa barriak sortzeko laguntzen artean.
Diputatuak jakinarazo dauenez, bere saila emondako laguntzen “ebaluazinoa” ari da egiten une honetan, “beste modu bateko” esparrua ezarteko. Eskarien “konkurrentzia lehiakorra” indartzea aztertzen ari dira, “aurrera egiteko gaitasuna” daukien enpresei laguntzeko, konkurrentzia librean aurkeztutakoen “%30ak” ez dauelako aurrera jarraitzen. Ganera, Laespadak, “ekonomia berdeagaz edo alkartasunagaz” erlazionauta dagozan enpresak indartu behar dirala eta “laguntasuneko lana” be egin behar dala uste dau.
Arlo horretan bat etorri da Alexia Castelo batzarkide sozialistagaz, harek be enpresei “laguntasun handiagoa” emotea eta gaur egungo deialdiaren eraginkortasunari buruzko azterketea egitea eskatu dauelako, “konkurrentzia librearen” ondorioa “lehenengo heltzen danak lehenengo kobretea” dalako, bere berbetan. Batzordekide sozialistak esan dauenez, jarduteko modu horrek potentzialtasun handiagoko proiektuak “kanpoan geratzea” ekarri daike. Batzordekide sozialista “arduratuta” agertu da ekintzailetzaren tipologia ikusita, laguntzak “ostalaritzan, merkataritzan eta eraikuntzan” zentretan diralako.
EAJ/PNV-ko Mikel Baganek, bere aldetik, 2012. eta 2014. urteen artean laguntzak “bikoiztu” egin dirala azpimarratu dau. “Esfortzu garrantzitsua egin da”, baina balorazinoa egiteko eta konkurrentzia libreko deialdien gaiari “bueltaren bat emoteko” unea dala uste dau. Bere zalantzak agertu ditu Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen idearen aurrean, hau da, Foru administrazinoak eragina izan daikeala eskariak beste sektore batzuetara bideratzeko orduan. “Ez dakit ze punturaino dan posible horretan eragina izaterik”, esan dau.
EGUAZTENEAN, ABENDUAREN 30EAN, AURREKONTUAK ONARTZEKO OSOKOA ETA KONTROLEKO SAIOA
Eguaztenean, abenduaren 30ean, goizeko 09:00etatik aurrera, 2016ko Bizkaiko Aurrekontuak onartzeko Batzarretako azkenengo izapidea gauzatuko da Gernikako Batzarretxean. Foru Arau proiektuaren erespena, oposizinoko batzarretako taldeek erreserbau dituen 325 zuzenketa-eske partzialakaz (PP-ren 191, EH Bilduren 99 eta Podemos Bizkaiaren 35) helduko da Bizkaiko Batzarretako azkenengo osoko bilkurara, abenduaren 18tik 22ra egin diran Ekonomia eta Ogasuneko batzordeetan baztertuta geratu ostean. Batzorde horreetan EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek alkarregaz aurkeztutako hamabi zuzenketa-eske onartu ziran (horreetako asko herritarrek aurkeztutako zuzenketa-eskeetatik jasotakoak), eta horreek 436.000 euroko eragina izan dabe, 1.178,2 milioi euro hartzen dituan kudeaketa propiorako foru aurrekontuaren barruan. Aurrekontuei buruzko eztabaidaren ostean, Batzar Nagusiek hamahiru gai dituan kontrol saioa deitu dabe: Aldundiari egindako lau itaun eta bederatzi ahozko erantzun-eske.