Bizkaiko Batzar Nagusiek Kultur Txartelerako partidea 150.000 eurotan handitzea erabagi dabe

Batzarretako taldeek 2016ko Bizkaiko Aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskeen eztabaidaren azkenengo jardunaldian, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak aurreko saioen gidoiagaz jarraitu dau, eta Euzko Abertzaleak (EAJ/PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak baino ez ditu onartu. Euskera eta Kulturako foru saileko kontuak landu diran saioan, batzordeak Kultur Txartelaren garapenerako 150.000 euroko gastu partida barria sartzea erabagi dau. Kopuru hori Aldundiaren kreditu orokorrari egin beharreko ordainketatik kenduko da, zuzenketaren aurkezleek azaldu dabenez.
Jeltzaleen eta sozialisten ekimen horrek, eurek adierazo dabenez, Kontu horreen aurrean herritarrek egindako iradokizunak aurkezteko alegazinoetako batzuk bereganatzen ditu. Kontuek izapide barria bete dabe gaur Bizkaiko Batzarretan. Lehen aldiz, Bizkaiko Batzarrak zazpi eguneko epealdia sartu dau, bizkaitarrek euren alegazinoak aurkeztu daiezan, erakundearen webgunearen bitartez (jjggbizkaia.eus).
Lorea Bilbaok 2016an kudeatuko dituan aurrekontuei buruzko eztabaidan onartu dan beste zuzenketa-eske bat, Foru Gobernua eusten daben taldeek herritarrek egindako ekimenak eurenganatzetik etorri da. Euskera eta Kulturako aurrekontuak, Hedapena eta Museoak programaren barruan, Meatzaritzaren Euskal Museoaren Fundazinoak jasoten dauen partidearen igoerea jasoko dau. Oposizinoko taldeek gauza bera eskatu dabe aurretik. Fundazino horri 80.000 euro bideratuko jakoz, hasieran aurreikusitakoak baino 20.000 gehiago.
Euskeraren sustapenerako programan, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek batzordean bertan aurkeztu daben zuzenketa-eske trantsakzionala onartu dau PP taldeak, euskeraren sustapenari zuzendutako laguntzei bideratutako kopuru ekonomikoa handitzeko. Popularren asmoa, hasierako 425.000 euroko partidea beste 50.000 eurotan handitzea zan. Azkenean, PP-k onartu egin dau hazkunde hori 55.000 eurokoa izatea, jeltzaleek eta sozialistek eskatu daben moduan. Hazkunde horren bitartez, Aldundiak, herritarrek euskeraren ezagutzea sustatzeari jagokonez “proponidutako helburua hobeto lortzea” bilatzen da, egileek adierazo dabenez.
EH Bilduk, bere aldetik, on ikusia emon deutso Foru Aldundia eusten daben talde biek aurkeztutako zuzenketa-eske trantsakzionalari, 11.000 euroko partidea sartzeko eskola kiroleko begiraleen eta hezitzaileen artean euskerea sustatzeko.
Ogasun eta Finantzetako aurrekontuen zuzenketa-eske partzialak eztabaidatu diran eguneko bigarren saioan, zuzenketa-eskeen eta programen bozketeak ez dau ezustekorik ekarri. Oposizinoak aurkeztu dituan 17 zuzenketa-eske partzialak onartu barik geratu dira. Hogei zuzenketa-eske ingurugaz batzordera heldu dan Aurrekontuei buruzko Foru Arau Proiektuaren Testu Artikulauari jagokonez, azkenengo testuak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek iradoki dituen hiru zuzenketa tekniko sartuko ditu.
Bukatzeko, oposizinoko hiru taldeek, seguruenez datorren abenduaren 30ean egingo dan urteko azkenengo osoko bilkurarako gorde ditue euren zuzenketa-eskeak. Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak emongo dauen aurrekontuei buruzko erespena PP taldearen 191 zuzenketa-eskegaz, EH Bilduren 99gaz eta Podemos Bizkaiaren 35egaz helduko da Gernikako Osoko Bilkurara. Joan dan barikutik gaur arte egin diran zortzi saioetan jeltzaleek eta sozialistek, banan-banan, atzera bota dituen 325 zuzenketa-eske dira.