Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Karpinerako 25.000 euroko diru-laguntzea bideratzea erabagi dabe, herritarrek halan eskatuta

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek, batzarretako taldeek 2016ko Bizkaiko Aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztutako hirurehun zuzenketa-eske partzial baino gehiagoren eztabaideagaz jarraitu dabe gaur goizean. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean gaur erabagi dan zuzenketa-eske baten bitartez, Karpin Abentura parkerako 25.000 euroko partidea sartzeari argi berdea emon jako. Hori izan da gaur onartu dan Aurrekontuetako aldaketa koantitatibo bakarra. Bertan, Gizarte Ekintza, Iraunkortasun eta Ingurune Natural eta Ekonomia eta Lurralde Garapen sailen Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske partzialak eztabaidau dira.

Joan dan barikuan egindako lehenengo saioan gertau zan bezela, gaur onartu diran hiru zuzenketak Foru Gobernua eusten daben talde biek alkarregaz erregistrautako ekimenak dira: Euzko Abertzaleak (EAJ/PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE). Gaur goizean eztabaidau diran ganerako zuzenketa-eskeak (76 PP-renak, 47 EH Bildurenak, eta 10 Podemos Bizkaiarenak) baztertu egin dira, aitatutako talde bi horreek kontra agertu diralako.

Bizkaiko Batzar Nagusiek horretarako prestau dituen bideak erabiliz, 2016ko Foru Aldundiko aurrekontuaren aurrean herritarrek aurkeztu dituen zuzenketa-eskeetako batzuetan eskaria egiten zan Karpin parkerako laguntza ekonomikoa be sartzeko, María Presa jeltzaleak azaldu dauenez. Iradokizun hori jasoz, EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek zuzenketa-eskea aurkeztu dabe alkarren artean. Bertan, lehen aldiz, 25.000 euroko diru-laguntza “nominatiboa” sartzen dabe Karrantzan dagoan animalien munduari buruzko gune tematikorako.

Aldeko 13 botogaz (EAJ/PNV, PSE-EE, EH Bildu eta PP) onartu dan laguntza horrek Podemos Bizkaia taldearen abstentzinoa izan dau, talde horrek aurrekontu partida “handiagoa” eskatzen ebalako, Asun Merinero ordezkariak azaldu dauenez, baina Iraunkortasun eta Ingurune Natural saileko aurrekontuen barruan, eta ez Ekonomia eta Lurralde Garapen sailekoetan. Azkenean azken sail horren aurrekontuen barruan sartu da.

Beste alde batetik, gaur goizean egin diran hiru saioetako lehenengoan, Gizarte Ekintzakoan, EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek eskatuta, mendekotasuna daben pertsonei zuzendutako Gizarte Laguntzako arretarako 1.250.000 euroko partidea “handiagarria” izan daitela onartu da, egon daitekezan “gertakariei” edo “behar handiagoei” erantzun ahal izateko, Alexia Castelo batzordekide sozialistak jakinarazo dauenez. Aldaketa hori aho batez onartu da.

Ganera, kontu berberen barruan, jeltzaleen eta sozialisten beste zuzenketa-eske batek diru-laguntza “nominatibo” bilakatu dau Urridunen Euskal Alkartearen Bidaideak garraio egokituko flotea “barriztetako” 50.000 euroko partidea.

Batzarretako taldeen zuzenketa-eske gehien jaso dituanetakoa izan dan Iraunkortasun eta Ingurune Natural saileko aurrekontuari jagokonez, ez dau aldaketarik izan. Oposizinoak aurkeztu dituan berrogeita hamar zuzenketa-eske partikularrak ez dira onartu, batzordekide jeltzaleen eta sozialisten kontrako 9 botoengaitik –guztira 15 boto dira–. Emaitza horregaz berberagaz joan dira onartzen aurrekontuan sartu diran programa guztiak.

Zuzenketa-eske partzialak eztabaidetako saioak bihar amaituko dira, Gizarte Ekintza sailaren (goizeko 09:00etan), Iraunkortasun eta Ingurune Natural sailaren (11:00etan) eta Ekonomia eta Lurralde Garapena sailaren (13:00etan) aurrekontuen testuetarako proponidu diran zuzenketa-eskeakaz. Oposizinoko hiru taldeek, seguruenez datorren abenduaren 30ean egingo dan urteko azkenengo osoko bilkurarako gorde ditue euren zuzenketa-eskeak.