Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak 175.000 eurotan balorautako aldaketak onartu ditu Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuan

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek, batzarretako taldeek 2016ko Bizkaiko Aurrekontu proiektuaren aurrean aurkeztutako hirurehun zuzenketa-eske partzial baino gehiagoren eztabaidea hasi dabe gaur. Gaur goizean egin diran hiru saioetan (Herri administrazio eta Erakunde Harreman saila, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun saila eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio saila), Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen barruan aurkeztu diran ehun zuzenketa-eskeetatik hiru onartu dira, eta horreek 175.000 euroko aldaketea eragingo dabe. Adostutako zuzenketek, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek alkarregaz aurkeztutako ekimenei jagokez, jeltzaleek eta sozialistek atzera bota dituelako oposizinoak – EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP– defendidutako zuzenketa-eske guztiak.

Herri administrazio eta Erakunde Harreman sailaren aurrekontuen programak lantzeko eta bozketako lehenengo saioan, aldaketa bakarra, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek proponiduta, Urruneko Unibersidadeari (UNED) 120.000 euroko diru-laguntza nominatiboa emoteari jagokona da, Bizkaia Katedra programaren barruan. Diru-kopuru hori Foru Aldundiaren kreditu orokorretik jasoko da.

Horrez gain, batzordeak, Foru Gobernua eusten daben talde bien ekimenez, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailaren kontuen barruan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bardintasun programen barruko “sentsibilizazino jardueren” partidara 30.000 euro bideratzea onartu dau. Hirugarren aldaketea, aurrekontu horretan bertan 25.000 euro gehiago jarteari jagokona da, “errefuxiatuei laguntzeko”, Alexia Castelo sozialistak azaldu dauenez. Azkenengo zuzenketa-eske hori aho batez onartu da. Dana dala, oposizinoko taldeak haserre agertu dira, helburu berberagaz eurek aurretik aurkeztu dituen antzeko ekimenak ez diralako onartu.

Eztabaidako saioek astelehenean jarraituko dabe, eta bertan landuko dira Gizarte Ekintza sailaren (goizeko 09:00etan), Iraunkortasun eta Ingurune Natural sailaren (11:00etan) eta Ekonomia eta Lurralde Garapena sailaren (13:00etan) aurrekontuen testuetarako proponidu diran zuzenketa-eskeak. Zuzenketa-eske partzialen eztabaidea martitzenean amaituko da, Euskera eta Kultura sailagaz (goizeko 09:00etan) eta Ogasuna eta Finantza sailagaz (eguerdiko 12:00etan).