Aurreko Albisteak

Bihar hasiko da Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuaren aurrean aurkeztu diran 335 zuzenketa-eske partzialen eztabaidea

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Batzarretako taldeek 2016ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuaren aurrean aurkeztu dituen 335 zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko ditue bihartik, barikutik, abenduaren 18tik, martitzenera, abenduaren 22ra. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen barruan programau diran zortzi saioetan, Aldundiko sail bakotxeko bat, batzarretako taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske partzialei buruzko euren eretxia emongo dabe: Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek alkarren artean aurkeztutako 10 zuzenketa-eske partzialei, eta Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako 191ei, EH Bilduren 99ri eta Podemos Bizkaiaren 35i buruzkoa, hain zuzen be.

Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egingo diran bileren ordena hau izango da: barikuan Herri administrazio eta Erakunde Harreman saileko zuzenketa-eskeak landuko dira (goizeko 09:00etan); Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailekoak (11:30ean); eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailekoak (13:30ean). Astelehenean Gizarte Ekintza sailaren (goizeko 09:00etan), Iraunkortasun eta Ingurune Natural sailaren (11:00etan) eta Ekonomi eta Lurralde Garapenaren (13:00etan) txandea izango da. Zuzenketa-eske partzialen eztabaidea martitzenean, abenduaren 22an, amaituko da, Euskera eta Kultura sailagaz (goizeko 09:00etan) eta Ogasuna eta Finantza sailagaz (eguerdiko 12:00etan).

Zuzenketa-eske gehien jaso dituen sailak honeek izan dira: Euskera eta Kultura (59); Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna (53); eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala (50). Horreen ostean egongo litzatekez Gizarte Ekintza (45); Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak (42); eta Ekonomi eta Lurralde Garapena (38). Eta, azkenik, zuzenketa-eske gitxien jaso dituen sailen artean Ogasuna eta Finantzak (17) eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa (8) dagoz. Ganera, 21 zuzenketa-eske aurkeztu dira Foru Arau Proiektuaren artikuluen alderdiren bat aldatzeko, eta beste bi Udal Finantzaketea aldatzeko.

Ekonomia eta Ogasuneko batzordean egingo diran zuzenketa-eske partzialen eztabaidaren ostean, Bizkaiko aurrekontuak onartzeko edo ez onartzeko Batzarretako izapidetzea hilebete bukaeran egingo dan osoko bilkuragaz amaituko da. Aurreikuspenak kontuan izanda, abenduaren 30a izan daiteke osoko hori egiteko aukeratuko dan eguna.