Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek eskaria egin dabe Aldundiak Getxoko Udala "aholkatu" eta La Galeako itsas-argiaren eta gotorlekuaren zaharbarritze lanen finantzaketan lagundu daian

batzordea

Gaur goizean Bilbon alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako batzordeak EAJ/PNV-k aurkeztutako zuzenketa-eske bat onartu dau, Aldundiari eskaria egiteko Getxoko Udalagaz hitzartu beharreko akordioak hitzartu daizan, La Galeako Gotorlekua berreskuratzeko “aholkularitza teknikoa eta finantzaketan laguntza posiblea” emoteko. PP-k aurkeztu dauen eta jeltzaleen zuzenketa-eskea jaso dauen arauz besteko proposamenak talde bi horreen eta PSE-EE-ren aldeko eretxia jaso dau. EH Bildu kontra agertu da eta Podemos Bizkaia abstenidu egin da.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira esatean La Galeako Itsas-argiak eta Gotorlekuak osotzen daben moltso monumentala “oso puntu garrantzitsua” dala turismoaren eta kulturaren ikuspegitik, eta beharrezkoa dala herri administrazinoek bertan parte hartzea. Eusko Jaurlaritzak moltsoari buruzko Kultur Ondasun adierazpena onartu aurretik, Arturo Aldecoak (PP), Bizkaiko Golkoko “lehenengo” itsas-argia barne hartzen dauen gune hori “balioan jartearen” alde agertu da, eta horri, “ondo kontserbauta” dagoan XVIII. mendeko gotorleku militarra gehitu behar jako.

PP-ren jatorrizko ekimenak eskaria egiten eban, Foru Aldundiak bere gain hartu eian, hitzarmen baten sinaduraren bitartez, La Galeako Itsas-argiaren eta Gotorlekuaren “kudeaketea eta kontserbazinoa”. Ganerako taldeen eretxiz, hori Aldundiaren eskumenen eremutik kanpo dago. Hori dala eta, Euzko Abertzaleak taldeak (EAJ-PNV), Aldecoak atoan onartu dauen zuzenketa-eskea aurkeztu dau, leku horren zaharbarritzea bultzatzeaz gain, “udalaren autonomia” errespetau daiten, leku horren jaubea Getxoko Udala dalako.

Horri jagokonez, Mikel Bagan jeltzalearen eretxiz bidezkoa da joan dan zemendiaren 25ean Udaleko osoko bilkurak berak hartu eban erabagia errespetetea. Bertan arkitektura moltsoa berreskuratzeko planari “lehentasuna emotea” eta horretarako “beharrezko kreditua edo kredituak bideratzea” erabagi zan, Foru Aldundia moltso horren azken jomugari buruzko erabagian sartzea saihestuz.

Moltso arkitektonikoa berreskuratu behar izateagaz ados egon arren, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek gotorlekuak etorkizunean izango dituan erabilerei buruzko zalantzak erakutsi ditue. Hori dala eta, talde lila abstenidu egin da eta EH Bilduk kontrako botoa emon dau. Podemoseko José Angel Elgezabalek, erakundeakaz eta gizarteko eragileakaz “batera egindako eta adostutako” proiektua eskatu dau, eraikinei emongo jaken erabilerea be azalduz; EH Bilduko Meritxell Elgezabali jagokonez, gotorlekuaren erabilera publikoa “bermatzeko” eskaria egin dau, hori ez dauelako “hitzez hitz” topetan onartutako proposamenean. Alderdi hori Udalean landu zan mozino haretan be baztertu zan.


AURRERA JARRAITZEN DAU ESKAIOLAZ EGINDA DAGOEN “EL PALANKARI” ESKULTURAREN BILAKETEAK

Beste alde batetik, Euskera eta Kulturako diputatu Lorea Bilbao batzordera joan da, PP-k eskatuta, Higinio Basterra eskulturagilearen "El Palankari" (1912) izeneko estatua aurkitzeko bere sailak egindakoaren barri emoteko. Jaubea Bizkaiko Foru Aldundia dan eskulturea Gernikako Batzarretxean egon zan “1964 eta 1979 artean”, Arturo Aldecoak esan dauenez.

Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, bere saileko “hiru teknikari” egin beharreko azterketak ari dira egiten hiru metro inguruko altuerea dauen eskaiolazko eskultura hori aurkitzeko. Garai haretan Batzarretxearen atzekaldeko eskultura nagusia izan zan. Dana dala, Bizkaiko Jaurerriak (1970), Foru Aldundiko Ogasuneko sailak (1989 eta 1990 artean) eta Aldundiko Kultura Sailak (2012an hasitakoa eta oraindiko amaitu barik dagoana), egin dituen azkenengo hiru inbentarioek, eta hainbat dokumentazinok eta Gernikako eta Abellanedako Batzarretxeetako, Euskal Museoko, Berreginen Museoko eta Arte Eder Museoko eta Foru Artxibategiko dokumentazinoa eta lekuak eta garai haretako egunkariak eta aldizkariak aztertu izanak ez dabe argitu Galdameseko meatzari bat irudikatzen dauen irudia non egongo ete dan.

Bilbaok adierazo dauenez, bere sailak ikertzen jarraituko dau, “kontakizun koherentea” aurkitzeko, azkenengo erreferentzia dokumentala 1963koa dalako, eta 1970ean pieza hori Gernikan egoala esaten dauelako. Aldundiko arduradunak esan dau joan dan mendearen hogeiko hamarkadan, beste leku batzuen artean Sevillako eta Bartzelonako erakusketa unibersaletan egon zan eskulturaren desagerpena 70eko hamarkadaren bukaeran gertau eitekeala, Xabier Sáenz de Gorbearen argitalpen batean adierazoten danez, azaldu dau Bilbaok.

Aldecoak eskaria egin deutso Aldundiari, demokrazia indarrean sartu eta denpora gitxira, Gernikako Batzarretxea egokitzeko beharrak egin ahal izateko artelanaren leku aldaketan ustez parte hartu eben enpresen dokumentazinoa aztertu daian. “Badagoz eskulturaren existentzia aitatzen daben Batzar Nagusietako 1979ko aktak”. “Ez dot itxaropenik galtzen, biltegiren batean egongo ete dan”, esan dau batzordekide popularrak, diputatu andreari, bere sailak gai hori salatu daian eskaria egin aurretik “ez daiten enkanteren batean agertu”. Bilbaok konpromisoa hartu dau artelana Aldundiaren ondarearen inbentarioan sartzeko, “berme” moduan, etorkizunean agertzen bada, eta bilaketeagaz jarraitzeko, baina ez dau baztertu azterlana “deuseztatuta” egotearen aukerea.

Aldundiko arduradunak batzarretako taldeak nasaitu gura izan ditu bere sailak dituan zainketa zerbitzuari jagokonez. 1986an Aldundiaren kontserbazino eta zaharbarritze unidadea sortu zanetik, “dana inbentariauta dago eta segurtasun neurriak guztiz eraginkorrak dira”, esan dau Bilbaok, eta eskaria egin dau, kasu hori ez daiten erabili Bizkaiko ondarea kontserbetako metodoei buruzko “zalantzak sortzeko”. Metodo horrek ez datoz bat 70eko Bizkaiko gizarteak kulturaren aurrean eukan sensibilidadeagaz.

Bitxikeria moduan, diputatu andreak adierazo dau Gerrikabeitiaren, eskulturagilearen modelo izan zan meatzariaren, senideek eskultura erosi gura izan ebela 1960an, “3.000 pezetarengatik”.