Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, 1807an Bizkaiko Jaurerriak agindutako aita Lerinen Foruei buruzko argitaratu bako azterlana argitaratu dabe

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, José María Gorordok lagunduta, 1807an, Bizkaiko Jaurerriak aginduta, Fray Domingo de Lerin y Clavijok idatzi ebazan eta bitxia bada be beste artxibategi batzuetatik desagertu egin ziran esku-izkribuei buruz Bilboko alkate izandakoak egin dauen argitalpena aurkeztu dau gaur Bilbon. Bertan, Arabako Bolibarren eta Donemiliagan egin ebazan hainbat urte euskal foruak aztertzen emon ebazan fraideak, XIX. mendean euskal foruak indar barik izteko oinarri intelektual sendoena izan zan eta Juan Antonio Llorentek idatzi eban “Noticias Históricas de las Tres Provincias Vazcongadas” lanaren liburukietan esaten danari kontra egiten deutso.

Lerinen ohar kritikoak Jose Maria Gorordok aurkitu ebazan –Llorenteren beste lan batzuk bilatzen ari zala, hain zuzen be– eta garai haretan Batzar Nagusietako presidentea zan Ana Madariagari jakinarazo eutsan aurkitutakoa, eta Bizkaiko Batzarretako arduradunak Errioxako monasterioagaz hartu emonetan jarri ebazan, lan horreek argitaratzeko modua aztertzeko. Gorordo izan da argitalpen horren koordinatzailea. Bertan, egilearen berbetan, banan-banan egiten jake kontra Llorentek idatzitako liburuki guztiei. Laburbilduz, aita Lerinek hiru Lurralde Historikoen eskubideakaz jarraitzearen alde egiten dau lan, foruen kontrako burrukalari nabarmena izan zan Juan Antonio Llorenteren lanaren kontra agertuz.

Ana Otaduik joan dan astean emon eutsazan liburu horren lehenengo aleak Donemiliagako monasterioko (Errioxa) fraide prioreari, aita Pedro Merinori, eta beragaz batera, Domingo Lerinen paperak eta komentuan kontserbetan diran beste ondare altxor batzuk ikusi ahal izan ebazan. Gaur, Jose Maria Gorordo ikerlanaren egileak eta Mitxel Unzueta interesik bako laguntzaile eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País erakundearen Bizkaiko Batzordeko presidente izandakoak lagunduta, Lerinen testuen agerpena “ezusteko atsegina” eta Bizkaiko Batzarretako presidente danetik bizi izan dauen “esperientzia parebakoa” dala azaldu dau.

Errioxan dagoan komentuko aita Merinori eta aita Olarteri “interesik bako laguntzarengaitik”, José Mari Gorordori “aktibismoagaitik eta zorroztasunagaitik” eta bere aurretik Batzarretako presidente izan zan Ana Madariagari “kulturaren aurrean erakutsi eban sentsibilidadearengaitik” eskerrak emon ostean, Batzar Nagusietako hitzaldi aretoa beteten eban jende askoren aurrean aurkeztu dan argitalpenak, XIX. mendean euskal foruak indar barik itzi ebezan foruen kontrako tesiei kontra egiten deutsen “hutsune historiografikoa ixtea” dakarrela adierazo dau Otaduik.

Argitalpen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Otaduiren berbetan, “gure Eskubide Historikoen kontzeptu zabala indartzen dabe, subiranotasuna eukien errealidade biren arteko hitzarmenean oinarritutakoa”, hain zuzen be. Gaur egun, XIX. mendearen hasieran planteau ziran Fray Domingo de Lerinen tesiek “balioa izaten jarraitzen dabe, 1878an indar barik itzi zan Foru araubidearen azken aztarnea dan Kontzertu ekonomikoa Euskaditik kanpo zalantzan jarten ari dan honetan, baina baita be “foru nazino” kontzeptuak bide barriak zabaldu ahal dituanean, albo bikotasunetik, 1978ko Konstituzinoan eta Autonomia Estatutuan autortuta dagozan eskubide historikoak eguneratzeko.