Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, 1807an Bizkaiko Jaurerriak agindutako aita Lerinen Foruei buruzko argitaratu bako azterlana argitaratu dabe

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Donemiliagako komentua (Errioxa) bisitau dau gaur, 1807an, Bizkaiko Jaurerriak aginduta, Fray Domingo de Lerin y Clavijok idatzi eban azterlanaren eskuz idatzitako kopia bat dagoan lekua. Azken mende biak argitaratu barik egon da. Bertan, Arabako Bolibarren eta Donemiliagan egin ebazan hainbat urte euskal foruak aztertzen emon ebazan Cadizko beneditarrak, eta XIX. mendean euskal foruak indar barik izteko erabili izan zan oinarri intelektual sendoena izan zan eta Juan Antonio Llorentek idatzi eban “Noticias Históricas de las Tres Provincias Vazcongadas” lanaren liburukietan esaten danari kontra egiten deutso. Eskuz idatzitako kopia hori monasterio horretako artxibategian kontserbau dau Fray Juan Bautista Olarte liburuzainak, agustindar errekoletoak.

Datorren martitzenean Batzar Nagusietan aurkeztuko dan liburu horren lehenengo aleak monasterio horretako fraide prioreari, aita Pedro Merinori, emon gura izan deutsaz Ana Otaduik. Beragaz batera, Domingo Lerinen paperak eta Donemiliagako Monasterioan kontserbetan diran beste ondare altxor batzuk ikusi ahal izan ditu.

Lerinen ohar kritikoak Jose Maria Gorordok aurkitu ebazan –Llorenteren beste lan batzuk bilatzen ari zala, hain zuzen be– eta garai haretan Batzar Nagusietako presidentea zan Ana Madariagari jakinarazo eutsan aurkitutakoa, eta Bizkaiko Batzarretako arduradunak Errioxako monasterioagaz hartu emonetan jarri ebazan, lan horreek argitaratzeko modua aztertzeko. Gorordo izan da argitalpen horren koordinatzailea. Bertan, egilearen berbetan, banan-banan egiten jake kontra Llorentek idatzitako liburuki guztiei. Laburbilduz, aita Lerinek hiru Lurralde Historikoen eskubideakaz jarraitzearen alde egiten dau lan, foruen kontrako burrukalari nabarmena izan zan Juan Antonio Llorenteren lanaren kontra agertuz.


ARGITALPENAREN AURKEZPENA

Arlo horretako teknikariek egin beharreko alderatzeak egin ditue, Errioxako komentuko liburutegian aurkitutako lanaren egiazkotasuna ziurtatzeko, eta horren ostean Lerinen testuen transkripzino paleografikoa egin da, ezagutuarazoteko. Emaitza, argitaratu bako alea da, printzipioz euskal ikerlarientzat eta intelektualentzat argitaratuko dana, eta datorren martitzenean, abenduaren 1ean aurkeztuko dana Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (K/Hurtado de Amezaga, 6). Arratsaldeko 18:30ean hasiko dan ekitaldian Jose Maria Gorordo argitalpenaren egilea egongo da, eta bergaz batera, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Mitxel Unzueta jurista, senatari eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País erakundearen Bizkaiko Batzordeko presidente izandakoa egongo dira.