Batzar Nagusiek "Kaleratze bako lurralde" izendatu dabe Bizkaia

Hileko azken eguazten guztietan bezela, Gernikako Batzarretxeak bere ateak zabaldu ditu barriro, kontroleko osoko bilkurea egiteko. Joan dan eguaztenean Bozeroaleen Batzarrak Gernikan hartu eban akordioan oinarrituta, Batzarretxean behargin bat hil zala eta dolua erakutsiz, osoko bilkura bertan behera geratu zanez landu barik geratu ziran arauz besteko bost proposamenak jaso ditu gaurko saioak. Gai hori Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andreak gogoratu dau, eta oso oroitzapen “berezia” adierazo dau hildako beharginari zuzenduta.
Eztabaidatutako arauz besteko proposamenen artean, EH Bildu eta Podemos taldeek batera ekarritako Kaleratzeak Stop Desahucios plataformaren ekimena azpimarratu behar da, Bizkaia “Kaleratze bako lurralde” izendatzeko. Aldeko 22 botogaz (EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PSE-EE) eta 27 abstentzinogaz (EAJ-PNV eta PP) onartu dan ekimenak agindua emoten deutso Aldundiari, “preminazko hainbat neurri” martxan jarri daizan.
Ekintza horreen artean, “Batzar Nagusi honeek beharrezko diran baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditue lehen etxebizitzako kaleratze eta urtenarazoteak geldituarazoteko eta, behar izan ezkero, bizileku bat izateko aukerea bermatzeko” eskaerea egiten dauena dago. Akordioan eskaerea egiten da, baita be, “etxebakotzeak saihesteko jarduera guztiak koordinauko dituan pertsona edo organismo bat izendatzeko, beti be Kaleratzeak Stop Desahuciosekin eta etxebizitza duin baten eskubidearen alde lan egiten daben gainontzeko alkarteakaz lankidetzan jardunez”.
Proposamen horren bitartez, Batzar Nagusi honeek Lurralde honetan jarduten daben finantza erakundeengana joko dabe “fede oneko zordunen kaleratzeak geldituarazo daiezala eskatzeko, jabetzan dituen etxebizitza hutsen errolda galdatzeko eta hutsik dagozan etxebizitza honeek alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jarri daiezan” exijitzeko. Erantzunik jasoten ez bada, abian jarri beharreko neurriak aztertuko ditu, besteak beste, “finantza erakunde horreekaz behar egiteari iztea”.
Ganera, proposamenak eskaerea egiten deutso Eusko Jaurlaritzari, Alokabidek kudeatzen dauen Etxebizita Publikoen Parkeari jagokonean, beharrezkoak diran erabagi eta modifikazino legalak burutu daizan, pasa dan 2014ko apirilaren zazpian etxebizitza publikoen inkilinoei buruz hartutako akordioa betearazoteko.
Proposamena aurkeztu daben alderdiek –EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak– “ezin dala beste alde batera begiratu” adierazo dabe. Herritarrek erakundeengan daukie jarrita euren konfiantzea, premina eta beharreko egoeren aurrean “leporik ez emoteko”. Adierazo dabenez, euren helburua, herritar guztiek etxebizitza duina eukiteko daben eskubidea bermatzea da, eta horretarako lehen pausua lurraldean etxebakotzeak gelditzea da. Podemosek adierazo dauenez, Bizkaian “60 etxebakotze baino gehiago gertatzen dira hilero, eta Kutxabank da etxebakotze gehien eragiten dituan erakundea”.
“Gure eskuetan dago egoera horreek saihestea”, adierazo dau Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, adierazpen sinbolikoa dala ezeztatuz. Bere berbetan, “guztiok” jasan daikegun egoereari aurre egiteko balioko dau. Horregaitik enpatia eskatu dau, “pertsona horreen lekuan jarteko”.
PP-ko Jesús Isasik jakinarazo dauenez, euren burua “etxebakotzeetatik libre” aldarrikatu daben uri guztiek autortzen dabe ezinezkoa dala horreek geratzea. Adierazpena “sinbolikoa, aplikazino praktiko bakoa” dala esan dau, eta “baliabiderik ez daukien” kaltetuei, euren eskubideen defentsan aholkularitzea emoteko laguntza juridiko zerbitzua aktibetearen alde agertu da. Bere berbetan, Bizkaian badago udal esperientzia bat, Ermuan, eta holango ekintzek “arrakasta handia” lortu dabe bertan, esan dau.
Alexia Castelok (PSE-EE) gonbidapena egin dau arlo horretan, beste administrazino eta alkarte batzuekaz batera “modu koordinauan” aurrera egiten jarraitzeko, eta azpimarratu dau adierazpena oso garrantzitsua dala herritarrek ikusi daien erakundeak euren arazoengaitik arduratzen dirala. Gauza zehatzetara jatsiz, bere taldeak uste dau garrantzitsua dala finantza erakundeek euren etxebizitza hutsak etxebakotutako pertsonen esku jartea eta Eusko Jaurlaritzari alokairu sozialak merketzea “exijitzea”, alokairu horreek familia baten diru-sarreren %30 baino altuagoak izan ez daitezan.
EAJ-PNV-ko Unai Lermak adierazo dau bat datozala pertsona horreek etxebizitza duina eukiteko eskubidea lortzeko helburuagaz. Administrazinoak “ezin dau beste leku batera begira egon XXI. mendean benetako gizarte dramea dan horren aurrean”, baina, adierazpen bat egin arren, adierazpen horrek ez dauela arazoa konponduko esan dau. Adierazpen horren izaera “efektistea” eta erakunde publikoetatik egin dan beharra be autortu ditu.
ZIERBENAKO ALKATE IZANDAKOA KARGUTIK KENDUKO DA “AHOZKO EPAIKETEA ZABALTZEN BADA"
Bizkaiko Talde Popularrak egindako itaunari erantzunez, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak barriro esan dau kontroleko osoko bilkuraren hasieran, batzordean gai berari buruzko azalpenak emon ostean, Foru Aldundiak foru aholkulari kargutik “baztertu egingo dauela” Marcelino Elorza Zierbenako alkate izandakoa “ahozko epaiketea zabaltzen bada”.
Aldundiko arduradunak, joan dan astelehenean, soziedade delituarengaitik, prebarikazinoarengaitik eta diru publikoen bidebako erabilerarengaitik salatuta dagoan Zierbenako alkate izandakoaren egoereari buruz esandakoa aitatu dau barriro. Zehaztu dauenez, Elorzaren kontra epaitegietan zabaldu diran diligentziak “Aldunditik kanpokoak dira eta ez dabe ezelango erlazinorik pertsona horrek aholkulari moduan egiten dauen beharragaz”.
Azpimarratu dau, baita be, “gaur egun Marce Elorzaren egoera judiziala inputaua dala, eta ez akusaua, eta oraindino inork ez deutsola ahozko epaiketarik zabaldu behar danik jakinarazo modu ofizialean”. Hori dala eta, “epaile batek bestelakoa esaten dauen arte, errubakotasun presuntzinoa errespetau behar dala” esan dau barriro. Holan ez bada, ziurtatu dauenez, Aldundiak “atoan” aplikauko dau Batzar Nagusi honeek, urtarrilaren 13an, PSE-EE-ren proposamenari baiezkoa emonez, EAJ-PNV eta PP taldeen aldeko botoakaz, emon eben agindua, kargu publikoa kargutik kentzeko lerroa zein dan erabagiz, hau da, “ahozko epaiketea zabaltzea agintzen zan” unea.
BIZKAIAK 4,2 MILIOI EUROGAZ ZIGORTUKO DAU AUTZAGANE ABEE-A
Denpora gitxi barru barriro hasiko diran Autzaganeko tunelen lanei buruzko hainbat erantzun-eske egin ditue Batzarretako taldeek, Gernikako Batzarretxean gaur egin dan osoko bilkuran. Alde batetik, PP taldeak, Autzagane ABEE-agaz egoan kontratua bertan behera itzi ostean obra horreek dirala eta eskatu daitekezan penalizazinoei buruz galdetu dau. Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko Foru Diputatuak adierazo dauenez, Sacyr, Mariezcurrena, Bycam eta Viconsa enpresek osatutako ABEE-ak ez ebazan bete epe osoei eta zati batekoei buruz kontratuko baldintzen pleguan egozan hainbat klausula eta obra zuzendaritzaren hainbat agindu. Hori dala eta, Foru Aldundiak“4.230.668 euroko” penalizazinoa aplikau deutso irailean egindako obraren azkenengo ziurtapenean.
Horrez gain, Batzarretako EH Bildu taldeak, lizitazinorako pleguak aurreko lehiaketan erabili ziran berberak izango ete diran jakin gura izan dau. Pradalesek iragarri dauenez, pleguak “ia berberak” dira, eta enpresek datorren abenduaren 11ra arteko epea daukie eskintzak aurkezteko.
Pradalesek koalizino abertzaleari erantzun deutsanez, ez da beharrezkoa izango ingurumen eraginari buruzko txosten barria egitea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak jakinarazo dauenez. Autzaganeko tunelak bukatzeko proiektuan planteau diran “aldaketek” ez dabe ingurumen eraginari buruzko txosten barririk behar, “proiektuak ez dauelako ezelango aldaketarik jaso”, jakinarazo dau. Aldaketa “bakarra” ataratako lurrak botateko lekuari buruzkoa da. Baimendutako inerteen hondakindegietara eroango da. Orain arte obraren jarduketa eremuaren barruan izten zan.
URAREN KUDEAKETA “PUBLIKOA”
EH Bilduk, azkenengo osokoan, afonia zala eta, Elena Unzuetak erantzun barik itzi eban uraren kudeaketeari buruzko itaun bat berreskuratu dau. Mikel Kormenzanak esan dauenez, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia, kargua hartzeko hitzaldian, Bizkaiko uraren kudeaketa osoa Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren esku egotearen alde agertu zan. Batzarkide abertzaleak adierazo dauenez, une honetan uraren tarifikazinoari buruzko dekretu barria ari da adosten Eusko Jaurlaritzan, eta horrek “eragin zuzena” izango dau bizkaitarrok ura erabilteagaitik ordaintzen doguzan fakturatan. Kormenzanak Aldundiari galdetu deutso ea bermerik ete dagoan Bizkaiko uraren kudeaketea publikoa izan daiten.
Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak baieztu dauenez, Aldundiaren helburua Lurraldeko uraren kudeaketea Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan sartzea da, holan Uraren Esparru Arteztarauari eta udal zerbitzuak koordinetearen eta zerbitzuak modu egokian emoten dirala bermatzearen aldeko apustua egiten dauen Uraren Euskal Legeari jarraituz. Aldundiaren helburua “zerbitzuak homogeneizetea eta tarifak bateratzea” da, eta diputatuak esan dauenez, hori lortzeko modu bakarra Partzuergo bakarragaz aritzea da. Kormenzana ez da ados egon diputatuak esandakoagaz, bere esanetan emaitza bikainak emoten dituen beste eredu batzuk egon badagozalako, eta adibide moduan Busturialdeko Ur Partzuergoa jarri dau.
Unzuetak adierazo dauenez, garrantzitsuena uraren zikloaren kudeaketea “publikoa” izatea da, eta gure lurraldean kudeaketa hori “konplexua da eta udalen baliabideak gainditzen ditu”. Adibide moduan esan dau zerbitzu horreek emotea garestiagoa dala Karrantzan Bilbon baino, eta Partzuergo bakarragaz behar egitearen abantailak “kostuaren murrizketea eta eskualde guztietarako prezio uniformea eta solidarioa” dala. Dana dala, Aldundiak esan dau udalerriak dirala euren borondatez sartu behar diranak Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan parte hartzera.
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Emakumearen kontrako Indarkeriaren gaia alde guztietan nabarmendu da gaurko osokoan, indarkeria matxistaren kontrako Nazinoarteko Egunean. Osokoak, indarkeria matxistaren kontrako Herritarren Ituna izan gura dauen eta Podemos Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eske transakzionala onartu dau. Akordioak gonbidapena egiten deutso Foru Aldundiari, indarkeria matxistaren kontrako burrukara eta biktimen arreta osora bideratutako ekintzak, baliabideak eta programak indartzeko eta zabaltzeko. Proposamena onartu egin da talde horreen eta PP-ren aldeko botoakaz, eta EH Bildu abstenidu egin da.
Osokoaren beste une batean, eta EH Bilduk indarkeria matxistea baztertzeko Foru Aldundiak aurrera daroazan politikei buruz egindako erantzun-eskeari erantzunez, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatu andreak, beste ezer baino lehen, aurton Bizkaian hildako emakume biak ekarri ditu gogora, “Leire eta Almudena”. Adierazo dauenez, Aldundiak esku hartzeko lerro bi aurreikusten ditu tratu txarrak jasandako emakumeentzat, eta horreetan esku-hartze programak eta prebentzinora bideratutako ekintzak jasoten dira.
Indarkeria matxistea jasaten daben emakumeei laguntzeko Aldundiak dituan baliabideak zehaztu ostean, osokoa hasi aurretik Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteari lila koloreko ikurra jarri deutsan Laespadak iragarri dau 2016an “etxebizitzan esku hartzeko taldea, hezitzailez osatutakoa” jarriko dala martxan.
Holan, Laespadak gizartean eraldaketea eta balioetan aldaketa sakona bultzatzeko alegatua egin dau, “danon artean” bardintasunean oinarrituta egongo dan eta gizonek eta emakumeek eskubide eta betebehar berberak izango dituen gizarte eredua eregiteko.
Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak adierazo dauenez “betiko politika berberakaz ez dogu gizarteko gatx hori amaitzerik lortuko”, eta 2015eko eta 2016ko bardintasun politiketako aurrekontuak “ia berberak” dirala azpimarratu dau. “Bardintasunerako politiketan eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako burrukan ez gara %0,25era ailegetan”, adierazo dau.
Laespada defendidu egin da, “Aldundiaren programek eskatzen jakona beteten dabela” esanez, eta azpimarratu dau Aldundiak berak gauzatutako esku hartzea ez dala nahikoa indarkeria baztertzeko. “Gizarte osoak noranzko berean egin behar dau bultza”, eta helburu horri begira, “2016ko lehenengo hiruhilekoan” Bardintasunerako foru arau bat onesteko hasiko dirala beharrean azpimarratu dau diputatu andreak. Aurreikusitakoa beteten bada, Araua datorren urtearen bukaeran onetsiko da Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Arauari buruz galdetuta, Laespadak azpimarratu dau “egonkorra eta sendoa” izatea gura dauen arau hori batzarretako taldeen, alkarteen eta gizarte zibilaren partaidetzagaz egingo dala, “ahalik eta adostasun handiena” lortzeko. Benetako erronkea da legealdi honetarako, “egiazko” bardintasunari hasikerea emoteko.
Helburuei jagokenez, arauak maila handiagoa emongo deutse foru politikei, bardintasun arloko printzipioak eta helburuak finkatuko ditu, Bizkaian bardintasunera zuzendutako neurriak araupetuko ditu eta Aldundia erreferente bilakatuko dau beste administrazino batzuen aurrean, besteak beste.
Beste erantzun-eske batean, Podemos Bizkaia taldeak, Zuzendaritzetan emakumeen kontratazinoaren ganean bardintasunaren alde Aldundiak daukan konpromisoari buruz galdetu dau. “12 gizon eta 6 emakume” dagoz, esan dau Asun Merinerok, eta gero, kopuru horrek bardintasunaren bertsino “eskasa” ezkutetan dauela adierazo dau. Aldundiak “ez dau ahal dauen guztian laguntzen bardintasunean”, esan dau.
Parte batean, Laespadak arrazoia emon deutso Podemoseko ordezkariari, “kremailera zerrenden” aldeko apustua egitean, baina gero esan dau ez dauela uste Aldundiak “emakumeak alde batera izten dituanik” zuzendaritzako postuetan, Gobernu Kontseiluan bertan “gizon baino emakume gehiago dagozalako”.
KANPORA JOANDAKO GAZTEEI BURUZKO ZIFRAK
Eguneko gai zerrendagaz jarraituz, PP taldeak gazte bizkaitarren emigrazinoari buruz itaundu deutso Aldundiari. Talentua erakarteko eta bertan eusteko programak zehaztu ostean, Imanol Pradalesek esan dau unibersidadea amaitu daben Euskadiko gazteen “%9,59ak” Euskadiko Autonomia Erkidegotik kanpo egiten dauela behar –2014ko datuek erakusten dabenez–. Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak adierazo dau, Eustatek esaten dauenez, “65.000 gazte” dirala 2000 eta 2012 artean “Bizkaitik kanpora joan diranak”. “Ondo prestautako giza kapitala galtzen ari gara”. Zifra dantza horretan, Pradalesek beste datu bat emon dau, “unibersidadea amaitu daben euskaldunen %80ak hemen egiten dauela behar”.
GIZARTERATZERAKO LAGUNTZAK
Gizarteratzerako laguntzen kontrolari buruz galdetuta, Teresa Laespadak esan dau laguntza horreek “eten barik” egiaztetan dirala, udaletako eta Aldundiko zerbitzuetatik. Kontrola beste erakunde batzuetara be zabaltzen da, Foru Ogasunera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza orokorrera eta Lanbidera, hain zuzen be.
Laespada haserre agertu da, PP taldeak “laugarren aldiz” ekarri dauelako gai hori Bizkaiko Batzarrera. Horrek, laguntzen kontrolari buruz “zalantzea sortzeko” estrategia erakusten dau. Egiten dozuena “demagogia” da, esan deutso PP-ko Eduardo Andrési. Bere eretxiz, laguntza horreek “betete maila altua daukie. Ez dago iruzurrik, eta behar beste kontrol mekanismo dago”. Hori dala eta, ez dau uste beharrezkoa danik “ezelango neurri gehigarririk” sartzea.
Berbetako euki dauen denporaz baliauz, oinarrizko zerbitzu batzuk “gaindituta” dagozala salatu dau PP-k, eta, hori dala eta, beharrezkoa izan dala laguntzak eskatzea zerbitzu horreetan arretea eskintzen daben behargin gehiago ekarteko.
USANSOLOREN DESANEXINOA
EH Bilduk, Aldundiaren ustez, Usansoloko biztanleek –horreetako batzuk aretoan egon dira– euren etorkizunari buruz erabagia hartzeko aukerea gauzatzeko eskubidea ete daukien, egin dauen itaunari erantzunez, Ahaldun Nagusiak, osokoan izan dauen parte hartze bakarrean, “bai” laburragaz erantzun dau, eta ostean gogoratu deutso koalizino abertzaleari usansolotarrak “eurak erabagiten dabena izango dirala”, baina desanexinorako prozedurak, pausu batzuk ezartea eskatzen dauen arautegia jarraitzea eskatzen dauela adierazo dau: azterlan teknikoak, juridikoak eta ekonomikoak egingo dituan batzorde mistoa sortzea; biztanleei kontsulta egitea; eta prozesuari bukaerea emotea erabagia Batzar nagusietan berretsiz.
HIESAREN KONTRAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Gernikan alkartutako Batzar nagusiek, osoko bilkuraren hasikeran Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak irakurri dauen Adierazpen Instituzionalaren bitartez, pertsona guztiek HIESaren kontrako tratamendua jasoteko eskubidea izatea eskatu dabe, eta “pandemia horri amaierea emoteko” itxaropena erakutsi dabe. (ikusi erantsitako adierazpena).