Aldundiak kargutik kenduko dau aholkulari jeltzale bat, justiziak haren "akusazinoa" erabagiten badau

Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andrea Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, oposizinoko talde guztiek eskatuta (EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP), soziedade delituarengaitik, prebarikazinoarengaitik eta diru publikoen bidebako erabilerarengaitik “inputauta” dagoan Antonio Elorza Zierbenako alkate izandakoa aholkulari moduan izendatzeagaitik. Aldundiko arduradunak Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko batzordean adierazo dauenez, epaitegiek haren “akusazinoa” erabagiten badabe, justizia une honetan ikertzen ari dan pertsonea bere kargutik kendu egindo da. Bitartean, Aldundiak bere karguan eukiko dau, errubakotasun presuntzino printzipioa defendiduz.
Gertakarien kronologia egin aurretik, Unzueta bat etorri da batzarretako taldeakaz, Batzar Nagusiak ez dirala epaitegi bilakatu behar esatean, eta horren ostean kritikau egin dau Zierbenako alkatea izandakoaren ganean egin dan “kondena politikoa eta mediatikoa”. “Itzi deiogun” justiziari bere beharra egin daian, eta ez daigun agerraldi hau “epaiketa paralelo” bilakatu, eskatu dau.
Unzuetak jakinarazo dauenez, urte honetako garagarrileko 28an egin zan Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, Marcelino Elorza, berak zuzentzen dauen sailerako aholkulari izendatu eban, eta hilebete batzuk geroago, “irailaren bukaeran”, aholkulariak berak “jakinarazo eutsan” Foru Aldundiari, justizia Zierbenako udalaren buru moduan egin eban kudeaketea ikertzen ari zala. Batzarretako taldeek adierazo dabenez, epaileak Elorza inputau dau, Eugenio Barquín alkateordea Zierbena Portua izeneko udal soziedadearen kontseilari eskuordetu moduan euki ebalako, goi mailako zuzendaritzako kontraturik egon barik.
Unzuetak azpimarratu dauenez, Elorza “inputauta dago, baina ez akusauta”, eta lerro hori gainditu arte Aldundiak ez dau haren kontra ezelango neurririk hartuko. Bete egingo da, holan, Batzar Nagusiek eurek, urte honetako urtarrilaren 13an egindako osoko bilkuran onetsi zan arauz besteko proposamena (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoagaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz), ustelkeria kasuetan, “ahozko epaiketea zabaltzea agintzen zan” unean, Aldundiko arduradunak euren eginbeharretatik kentzeko.
Oposizinoko talde batzuek zalantzan jarri ditue Elorzak Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko Saileko aholkulari taldeko kide izateko dituan merituak. Unzuetak defendidu egin dau ikertutako pertsonaren izendapena, Ekonomia Zientzietako lizentziaua dalako, Enpresa Zientzietan eta Enpresa Zuzendaritzan Diplomatua, bost hizkuntza egiten ditualako eta hainbat m4ster ditualako eginda, gaur egungo araudiak aholkulari lanpostu bat eskuratzeko ezelango titulazinorik eskatzen ez dauen arren.
Oposizino osoak – EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP–, bere aldetik, eskaerea egin deutso diputatu andreari, Elorza bere kargutik oraintxe bertan kendu daian. Bere inputazinoak, herritarrek klase politikoan daukien konfiantzea murrizten daben eta Aldundiaren izen ona zikintzen daben kasuen aurrean “Aldundiak erreakzionau behar dauen modua jarten dau mahai ganean”.
Podemos Bizkaiako Asun Merinerok salatu egin dau aholkulariak “karnet politikoarengaitik aukeratuak izatea, eta ez merituengaitik”, eta eskaerea egin dau aholkulari jeltzalea kargutik kentzeko, inputauta dagoan honetan, “gardentasunaren eta gobernu onaren keinu moduan”.
David Lopategi EH Bilduko ordezkariak esan dauenez, Aldundiak inputauta dagoan pertsona baten aurrean izan dauen erantzuna “nasaia” izan da, erakundearentzat “kaltegarria da” eta Aldundian “gauzak ez dirala aldatu” erakusten dau, “politika zaharraren estiloa” bereganatu dauelako.
Arturo Aldecoaren (PP) eretxiz, Elorza “politikagaz lotutako gaiak dirala eta” dagoala inputauta da“arazoa”, eta ironiagaz esan dau ez dagoala inputauta bizikideen erkidegoagaz erlazionautako gaiak dirala eta. Ordezkari popularraren eretxiz, interesaua bera izan beharko litzateke postua iztea erabagi beharko leukeena, eta holan ez bada, Aldundiak kargutik kendu beharko leukeela, “aldi baterako”, epaitegiek euren erabagia emon arte.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek bat egin dabe Unzuetak esandakoagaz, justizia epaitegiei euren beharra egiten izteko esanez, oraindino ez dalako gainditu Batzar Nagusiek, kontrako boto barik, onetsi eben lerroa; Aldundiko kargu bat bere kargutik kentzea fiskaltzak “ahozko epaiketea zabaltzea” erabagiten dauenean, une horretan salatutako pertsonea “inputauta edo ikertuta” egotetik “akusauta” egotera igaroten dalako.
Holan gertatzen bada, urtarrileko arauz besteko proposamen haren alde agertu zan eta Aldundiaren Kode Etikoa sinau daben karguak dituan Batzarretako talde sozialistak kargua iztea “exijiduko dau”. “Orduan egongo da hemen alderdi sozialistea, baina ez lehenago”, adierazo dau Alexia Castelok, eta uste dau holan egiten ez bada, “edozein salaketa nahikoa izango dala baten bat bere kargutik kentzeko”.
EAJ-PNVko María Presak esan dau bat datorrela Batzarretako ganerako taldeakaz, ustelkeriaren arloan “ezin dala beste leku batera begiratu”, esatean. “Delitu bat egiten dauenak ordaindu eta erantzukizun politikoak bere gain hartu beharko ditu”, esan dau. Baina kritikau egin dau Aldundiaren eta bere alderdiaren “zintzotasuna eta gobernu ona zalantzan jarten dituen” salaketa horreen ostean dagoan “motibazinoa”. “Kargu jeltzaleak salatzea kirola” bilakatu da, esan dau.
Batzordekide sozialistak esan dauenez, zoritxarrez, “inork ez dau ezer egiten errubakotasuna adierazoten daben epaiak emoten diranean”. Kasu honetan, “kaltea eginda dago, eta susmoaren gerizpea guztiz zabaldu da”. Hori dala eta, beste ezer baino lehen errubakotasun presuntzinoaren printzipioa errespetetea eskatu dau.
AZTERLANA LAPURRETAK JASATEN DITUEN ABELTZAINENTZAKO LAGUNTZEN LERROA ZABALTZEKO
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu dau Aldundiak “lapurretak jasan dituen Bizkaiko abeltzainei laguntzak emoteko lerro bati buruzko azterlan” bat egitea. Ekimena defendidu dauen Arturo Aldecoa popularrak adierazo dauenez, sektore horretan ganadu, makina, bazka eta tresna lapurretak ari dira gertatzen, beste batzuen artean, eta horrek oraindino eta gatzago egiten dau eten barik beherantz doazan lurraldeko abeltzaintza ustiategiak bizirik irautea. Lapurretea “azken kolpea” izan daiteke abeltzain batzuentzat eta, horregaitik, alkarlanerako bideak zabaltzearen alde agertu da, beti be, lapurretea “egiaztauta dagoanean, salaketa baten bitartez, eta eragindako kalteak argi eta garbi erakutsi daitekezanean”.
Ganerako taldeak azterlana egitearen alde agertu dira, baina zalantzan jarri dabe laguntzak emoteko aukerea, oraindino zehaztasun asko lotu behar diralako, zenbat ordaindu beharko dan edo nor izango dan onuraduna, adibidez. Ganera, uste dabe aldeak sortu daitekezala beste sektore batzuekaz alderatuta. “Gatxena laguntzaren esparrua lege esparruagaz bateratzea izango da”, adierazo dau Jon Sánchezek, eta autortu dau –bere taldeak lehen sektoreko “adituei” eta aseguru etxeei kontsultak egin eta gero– “nahiko gatxa dala lapurretak jasaten dituen taldeentzako laguntzak martxan jartea”. “Uste dogu ezinezkoa izango dala hori lege esparru barruan gauzatzea. Hori dala eta, Sanchez, “sektorean itxaropenik ez sortzearen alde” agertu da.