Batzar Nagusiek Bermeoko Zarragoitxi gaztelua kontserbetako "preminazko neurriak" hartzeko eskaria egin dabe

Adituek esan dabenez XIII. mendekoak diran Bermeon aurkitutako aztarna arkeologikoak 2013an eta 2014an egindako hondeaketa kanpaina bitan atara dira lupetik, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak interes arkeologikoko aztarna izendau ditu. Batzarretako kideak bat etorri dira jausteko arriskuaren aurrean esku-hartzea beharrezkoa dala esatean, baina Mikel Bagan jeltzaleak esan dau ez dagoala arrisku hori “abaletan dauen daturik”. Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien bost taldeek adostu dabenez, ikerketa arkeologikoa jarriko da martxan, Arturo Aldecoa popularraren berbetan Bizkai osoan “Erdi Aroko arkeologiarako interes gehieneko” puntuetako bat dana balioan jarteko.
EZ DA ONARTU "ANTXUSTEGI" ITSASONTZIA ONDASUN KULTURAL IZENDATZEA
PSE-EE taldeko Juan Oterminek esan dauenez, Batzar Nagusietan batzordean “Antxustegi” arrain ontziaren egoerea landu dan bosgarren aldia izan da. Egurrezko itsasontzi hori Bilboko Itsas Adarreko Itsas Museoaren kai lehorrean dago 2003tik, Olabeagan. Gaur, EH Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena landu da, eskaerea egiteko Eusko Jaurlaritzari, "Antxustegi" itsasontzia kalifikatutako Ondasun Kultural izendatu daian, “garrantzitsua dalako eta balio berezia daukalako”, eta “presakoa” dalako itsasontzi horretan esku hartzea eta babesa emotea, bere egoerea kontuan izanda. Ekimena ez da onartu. Aldeko boto 2 jaso ditu (EH Bildu), kontrako 10 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta abstentzino 2 (Podemos Bizkaia).
Talde guztiek autortu dabe Euskera eta Kulturako batzordean itsasontziak ondarearen ikuspegitik daukan balioa, baina ez dira ados jarri esku-hartze bat aurrera eroateko aukerea adosteko orduan. Arazo nagusia, eragiketa horren kostuari “aurre egitea” ezinezkoa izango litzatekela izan da.
EH Bilduk, “tailer” bat sortzearen aldeko apustua egin dau, artisautza arrantzako Euskal Herriko itsasontzi zaharrena berreskuratu ahal izateko eta, aldi berean, etorkizuneko artisauak prestetako. Meritxell Elgezabal batzordekidearen ustetan, “oraindino ez da beranduegi”, “hilten itzi jakon arren”. Bizkaiko Batzarretara ekarritako eskaerea Albaola alkartearen txosten batean oinarritu dau.
“Nahaste borraste juridikoa proponiduten deuskuzu”, erantzun deutso Arturo Aldecoak (PP). Bere berbetan “paradoxa” bat da Eusko Jaurlaritzari eskaerea egitea itsasontzia babesteko, erakunde horrek adierazo dauenean daborduko, eta txosten teknikoetan oinarrituta, itsasontziaren egoerea “itzuli ezina eta berreskuratu ezina” dala. Batzordekide popularrak esan daudenez, konponbide bakarra, beste batzuek eskuratzeko eta zaharberritze beharrez arduratzeko Museoagaz negozietea izango litzateke.
PSE-EE taldeko Juan Oterminek, Josune Ariztondo lehengo Kulturako diputatuak Batzarretara ekarritako datuak aitatu ditu. Bertan esaten zanez, zainketa eta kontserbazino gastuak "1.534.523 eurokoak" ziran. Daborduko inbertiduta dagoan kopuru horri, une honetan beharko litzatekezan "350.000 euroak" gehitu beharko litxakiez. Ganera, bat etorri da PP taldeagaz, EH Bilduren proposamena legearen aldetik “nahaste borrastea” izango litzatekela esatean. Horrez gain, joan dan urrian Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak izandako agerraldia gogoratu dau. Bertan, diputatuak itsasontziaren egoerea “itzuli ezina eta diru aldetik oso garestia” dala esan, eta, ganera, “konpondu eta gero zenbat iraun daikean be ez dagoala argi” be adierazo eban.
Talde biakaz bat etorriz itsasontzia berreskuratzea “aurre egin ezineko inbertsinoa” izango litzatekela esan ostean, EAJ-PNV-k adierazo dau “ezinezkoa dala ondare guztia kontserbetea”, eta bat etorri da ganerako herri administrazinoakaz batera itsasoko euskal ondarearen kontserbazinorako Plan Integrala egitea proponiduten dauen Euskera eta Kulturako diputatu andrearen ideagaz.
Saio berean, PP taldeak eskatuta, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak webgunea "Bizkaiko Museoak" (museoak.bizkaia.eus) aurkeztu dau. Bertan, Bizkaiko museoei buruzko informazinoa jasoten da.