Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak adierazo dauenez, Derioko sabotajean erretako zortzi autobusak barriro martxan jartearen kostua "2,4 milioi eurokoa" izango da

Batzordea

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio diputatua Batzar Nagusietara etorri da gaur, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek eskatuta, joan dan zemendiaren 1ean Derioko Udalerrian Bizkaibuseko zerbitzu publikoko autobusen kontra egindako sabotajean jasandako kalteen ondorio ekonomikoak azaltzeko. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, “onartu ezina” dan ekintza batean erretako autobusak barriro martxan jartearen kostua “2,4 milioi eurokoa” da. Ertzaintzak egin dituan ikerketek erakusten dabenez, “ekintza terroristatzat” hartu daiteke.

Ertzaintzaren behin betiko txostenaren zain, Reyesek esan dau aseguruak “1.144.548 eurogaz” estalduko dauela autobusak erre izana. Erretako autobusen arteko zaharrenaren matrikulea 2005ekoa da, eta barriarena 2014koa. Txatarrarengaitik jasotako diru-sarrerak edo frankiziaren ordainketea moduko beste kontzeptu batzuk kendu ostean, aseguruak ordainduko dauen dirua “972.217 eurora murriztu dau Aldundiko arduradunak, ibilgailu guztietarako”. Gertatutakoa “ekintza terroristea” izan dala egiaztetan bada, enpresa emakidadunak Eusko Jaurlaritzaren “74.000 euroko” ez ohiko laguntzea be jaso daike.

Kalte ekonomikoak zehaztu aurretik, Reyesek, “EANM-en (Euskal Askapen Nazionalerako Mobimenduaren) inguruko bihozbakoek egindako ekintza “bandalikoen” “atxakirik bako gaitzespena” egin dau, enpresagaz alkartasuna erakutsi ostean. Bere berbetan, Acha Taldeak Derion dituan kotxetegietan zapatutik, urriaren 31tik, domekara, zemendiaren 1era, bitarteko gauean egindako sabotajea kaltegarria da “beharginentzat, erabiltzaileentzat eta gizarte osoarentzat”. Erretako 8 autobusez gain, kotxetegien zoruak eta pabilioi baten atzekaldeak be kalteak jaso ebezan.

Diputatuak eskerrak emon gura izan deutsez autobusen enpreseari “egin dauen esfortzuarengaitik” eta euren alkartasunagaz, astelehenean zerbitzu “guztiak” “normaltasunez” eskini ahal izateko beste unidade batzuk jarri ebezan Bizkaibuseko emakidea daukien ganerako enpresei. Kalteak jasandako lineek Bilbo eta Teknologia Elkartegia, aireportua, Mungia eta Bermeo lotzen ebezan. Aldundiak baimena emon dau 10 urtetik gorako autobusak ibili daitezan, gaur egungo arautegiak horretarako aukerarik emoten ez dauen arren, egoerearen “salbuespenezko” izaerea dala eta. Une honetan zirkuletan ari diran unidadeak txikiagoak dira. “Hamabi metrokoak dira”, eta erretako autobusak hamabost metrokoak ziran.

Batzar Nagusietako taldeen aurrean emondako azalpenetan, Reyesek esan dau enpresa emakidadunak unidade bakotxaren kostua aurreratuko dauela –250.000 euro gehi BEZ– eta horren ostean Aldundia izango dala 8 autobusen kopuru osoa 10 urteko epean amortizauko dauena, urteko “%6ko” finantza kargea be ordainduz. Garraio sailak “6 hilebeteko” epealdia aurreikusi dau material mobikorra martxan jarteko. Dana dala, unidade bi lehenago helduko dira, erretako autobus batzuk, antzinatasuna dala eta, kentzetik gertu egozalako, eta horreek aldatzea lehendik be aurreikusita egoalako.

Aldundiak eta Acha taldeak emondako erantzunaren “arintasuna” txalotu ostean, batzarretako taldeak, aho batez, sabotajearen kontra agertu dira. PP taldeko Jesús Isasik bere “gaitzespen indartsuena eta enpresarentzako eta beharginentzako laguntzea” erakutsi ditu. Gertakari horreek “beharginen artean ondoriorik ez izatea” gurako leuke. Sailari eskaerea egin deutso “martxan jarri beharreko bide judizialak martxan jarri daizan, jende hori justiziaren esku jarteko, egindakoa ordaindu daien”. Horri jagokonez, Reyesek baieztu dauenez, jarri beharreko salaketa judiziala jarrita dago daborduko.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek esan dabenez, indarkeriazko ekintza horrek ez dau “ezertan” laguntzen egileek defendiduten daben kausa, hau da, ETA-ko presoak “euren senideengandik gertu egotea”. Podemoseko Mikel Isasik esan dau, gurako leukela ekintza horreek “terroristatzat” ez hartzea, ez litzatekelako “zuzena” izango ekintza horren arduradunei “6 edo 8 urteko zigorra” jartea “autobusak erretzeagaitik”. EH Bilduko Zigor Isuskizak, “gertakariak salatu”, eta Acha taldeko Enpresa Batzordeak sabotajearen ostean egindako jakinarazpenean adierazo ebanagaz bat etorri ostean, esan dau “holango ekintzek ez deutsiela ezertan laguntzen bake prozesuari”.

PSE-EE taldeak, bere aldetik, Joaquín Colmenero batzordekidearen bitartez, kalte ekonomiko “garrantzitsua” salatzeaz gain, gertakariak zerbitzuaren kalidadean be eragina izango dauela esan dau. Izan be, diputatuak berak esandakoagaz bat etorriz, zerbitzuak “eraginak izango dituala” adierazo dau.

Ildo berean, Unai Lerma EAJ/PNV-ko ordezkariak esan dau ekintza horrek “gizarte osoaren gaitzespena dauela. Mina eta sufrimendua dakarrela eta ez deutsela ezertan laguntzen egileek bilatzen ei dituen helburuei”. Reyesek esandakoa entzun eta gero, kostua haseran aurreikusitakoa baino “handiagoa” izango dala azpimarratu gura izan dau batzordekide jeltzaleak.