Aldundiak baieztu dauenez, udalek 2016an itzuli beharko ditue Udalkutxaren fondoak
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu andreak gaur goizean Batzar Nagusietan izan dauen agerraldian baieztu dauenez, Bizkaiko udalek datorren urtean itzuli beharko dabe 2015ean Udalkutxatik jasotako dirua. Aldundia ez dago itzulketa hori hainbat urtetan banatzearen alde, Batzarretako talde batzuek eskatu daben moduan. Aldundiak “malgutasuna” erakutsiko dauela esan dau, baina, aldi berean, argi eta garbi itzi dau lurraldeko udalerriek “diru guztia” itzuli beharko dabela 2016an.
Finantzen Euskal Kontseiluak urrian izandako bileran ezarri ebanez, udalerriek “48,5 milioi euro” itzuli beharko ditue. Dana dala, diputatu andreak aitatu dau kopuru hori aldatu egin daitekela, abuztura arte izandako diru-sarreren datuak kontuan izanda kalkulau zalako. Datu erreala otsailean ezagutuko da, 2015eko foru kontuen kitapena egiten danean. Bengoetxeak ez dau aurreratu gura izan kopurua 48,5 milioi horreek baino txikiagoa ala handiagoa izango dan.
Diputatu eta Eudeleko presidente izandakoak autortu dauenez, udalek euren hurrengo aurrekontuetan islatu beharko dabe diru-sarreren jatsiera hori. “Mingarria” da dirua itzuli behar izatea, baina finantzaketa eredua “konpartitutako arriskuan oinarritzen da, gauzak ondo doazanean eta baita gauzak txarto doazanean be”, esan dau.
Batzarretako taldeetatik “malgutasun handiagoa” eskatu jako Aldundiari, udalerriek jasotakoa hainbat urtetan itzultzeko aukerea izan daien. EH Bilduko Arantza Urkaregik salatu dauenez, “zelanbaiteko desorekea” dago finantzaketa ereduan, diru-sarrerak jeisten diranean karga “gehiena udalen ganean geratzen dalako”. Ereduak “akatsak” ditu. “Udalek arazo bat dabe, ez dabela herritarren oinarrizko beharrak erantzuteko aukerarik”, gehitu dau Podemos Bizkaia taldeko Asun Merinerok.
Javier Ruiz bozeroale popularrak uste dau horren guztiaren azpian dagoana oso banaketa eredu “desorekatua” dala. Ekarpenen Legea aldatzearen eta “30 urteko atzerapena daroan” Udal Legea onartzearen alde agertu da, udalek gehiago jaso daien, beste gauza batzuen artean, “eurenak ez diran eskumenak jasaten dituelako”. Esan dauenez, ez da zuzena Eusko Jaurlaritzak “baliabideen %65 eroatea” eta ganerakoa Aldundien eta Udalen artean banatu behar izatea.
PSE-EE-ko Alexia Castelo, udalak, euren gain hartzen dituen zerga kontzertauen bitartez euren baliabideak jasoteko daborduko “adinez nagusiak dirala” esatean Bengoetxeagaz bat etorri ostean, harrituta agertu da Aldundiak “ez dauelako malgutasunik erakutsiko” epeetan, eta are gehiago kontuan izanda aurreko urteetan ordainketa hori hainbat urtetan banatu dala.
EAJ-PNV-ko Jon Andoni Atutxak, bere aldetik, udalek itzuli behar daben dirua, Foru Ogasunak dirua batzeko egindako aurreikuspenetan oinarritutako “aurrerapena” dala gogoratu dau, eta ez dala udalek dirua itzuli behar daben lehen aldia, “2011n eta 2012an” be gauza bera gertatu zalako. Beste urte batzuetan, barriz, alderantzizkoa gertau da, udalek “aurreikusitakoa baino gehiago” jaso dabelako. Kasu biak kolore desbardinetako Foru Gobernuetan emon dirala azpimarratu dau. “Gipuzkoan, EH Bildugaz, eta Araban PP-gaz”. “Ez da inork gura dogun egoerea”, ezta “Bizkaiko 112 udalerrietatik 65etan” agintzen dauen EAJ-PNV-k be, gogoratu dau.
KONTRATATZAILEAREN SOSLAIAREN HOBEKUNTZA
Beste alde batetik, Podemos Bizkaiak egindako erantzun-eskeei erantzunez, Bengoetxeak iragarri dau “2016ko lehenengo hiru hilekoan” martxan jarrita egongo dala “timestamping” denpora zigilua Foru Aldundiaren sistema informatikoan. 2016ko aurrekontuetan Foru Informatika Planaren barruan dagoan partidari esker, Aldundiaren webgunearen Kontratatzailearen Soslaian, lehiaketa publikoen “trazagarritasuna” aktibetako aukerea egongo da. “Herritarrei zerbitzua emoten deutsen eta Aldundiaren kontratuen ganeko kontrola hobetzen lagunduko dauen” egitasmoa da, esan dau diputatu andreak.
AGERRALDI ESKARIAK AUTZAGANE DALA ETA
Eguerdian, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen batzordeak on ikusia emon deutso, kontrako botorik barik, erakunde publikoetako eta pribaduetako arduradunen agerraldia eskatzeari, Autzaganeko tunelen eraikuntza lanak geratzeari buruzko euren bertsinoa emon daien. Beraz, Batzar Nagusiek Oscar Valero Autzagane ABEE-ko arduradunaren presentzia eskatu dabe, eta baita Paula Caviedes Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren zuzendariarena eta Iñaki Arrate URA agentziako plangintza arduradunarena be.
Beste alde batetik, gaurko saioan Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen foru diputatu Imanol Pradalesen agerraldia izan da, EH Bilduk eskatuta, alde batetik Aldundiarenak diran industriako lurrei buruzko informazinoa emon daian eta, bestetik, Gerediaga-Elorrio errepidearen emakida daukan enpreseagaz dagoan kontratuaren araubide ekonomikoaren zehaztasunak emon daizan.
PRECICAST HANDITZEA
Foru titularitatekoak diran industriako lur-sail guztien metro karratuak banan-banan zehaztu aurretik, Industria de Turbo Propulsores (ITP) euskal taldearen filiala dan Precicast Bilbaoren (PCB) lantegi barriaren industria nabearen obrak Azpiegiturak Soziedade Publikoaren bitartez gauzatuko dirala iragarri dau Pradalesek. Lantegia Sestao Bai Industriagunean egongo da.
Bere agerraldian, diputatuak azaldu dau “2015ean Sestao Bai soziedadearen ondare orekea barriro lortzeko hartu diran neurriei esker, PCB konpainiaren industria instalazinoen handitzea Bizkaiko industrigune horretan egitea lortu da. Une honetatik 2021. urtera begira, konpainiak 20 milioi euroko inbertsinoa egitea eta 200 lanpostu zuzen sortzea aurreikusi dau, lantegi guztia martxan dagoanerako”.
Azpiegiturak soziedadeak, “4.615.422,30 euroko” oinarrizko aurrekontua izango dauen industriako nabearen obrea eta “150.000 euroko” aurrekontua daukan obraren zuzendaritzea lizitau ditu, “10 hilebetetan” gauzatzeko epeagaz.
Industriako lurraren foru eskintzari jagokonez, hasteko, Pradalesek Azpiegiturak soziedadearen lau industriguneak azpimarratu ditu: Zornotzan, Amorebietan, dagoan Boroa, 12.000 metro karratuko azaleragaz; Ipazter, 43.000 m2gaz; Trutzioz, 5.960 m2gaz; eta Urduña, 98.442 m2gaz.
Urbanizautako industrigune horreez gain, Pradalesek beste 8 lekutako industria lur “urbanizagarriak” gehitu ditu: Alonsotegi (206.457 m2), Balmaseda (6.913 m2ko lur-sail bat eta 74.473 m2ko beste bat), Erandio (14.186 m2, 19.079 m2 eta 2.999 m2ko hiru sektoregaz), Gatika (21.600 m2), Gernika (21.186 m2) eta Trapagaran (42.546 m2).
Pradalesek Lurraldean banatuta dagozan Elkartegiak be moltso horretan sartu ditu. Une honetan, “%46ko” okupazinoa daukie, bulegoen moduluei jagokenez, eta “%72koa” industriako moduluei jagokenez.
Diputatuak esan dau industriako eskintza horrek merkaduaren gaur egungo errealidadera “egokitu beharko dituala prezioak”, “inbertsinoa eta enpresa ekimen barriak erakarteko”, eta Bizkaia ez daiten atzean geratu, eskintza “lehiakorrak” egiten ari diran “alboko” beste lurralde batzuen ondoan. Bertako udalagaz koordinauta Sestao Bain aurrera eroandako esperientzia jarri dau adibide moduan. Egin dan lanari esker, Precicastek 20 milioi euro bertan inbertidutea lortu da, “prezioak egokitzeko” politika horri esker.
GEREDIAGA-ELORRIO
Datorren urtean martxan egongo dan Gerediaga-Elorrio autobia ustiatuko dauen enpresagaz sinatuko dan kontratu araubideari jagokonez, “erabilgarritasunagaitiko ordainketea” izeneko ereduak Bizkaiko Batzar Nagusien gehiengoaren abala dauela gogoratu dau Pradalesek. Kontratuak, egunero 12.200 ibilgailu izango dituan errepidearen emakidadunari ordaintzeko sistemea jasoten dau. Sistema horren barruan eraikuntzea –desjabetzeak barru–, artapena eta 2042. urtera arteko errepidearen ustiapena jasoten dira.
Diputatuak gogoratu dauenez, kontratua 2011n hasi zan, urtean “34,27 milioi euro” ordainduz. Kopuru hori urtero barrikusten da, hainbat aldagai kontuan izanda, errepidearen azken kostua, KPI izenekoa eta errepidearen egoerea, beste batzuen artean. Azken aldagai hori 18 adierazle “objektiboren” bitartez neurtzen da. Eskintzan, emakida lortu eban enpresak, Elorrioko saihesbidearen 3 kilometroen eraikuntza be bere esku hartu eban.
EH Bilduk salatu dauenez, “kontuek ez dabe urtetan”, haseran egindako aurreikuspenak kontuan izanda, eta eztabaida horretaz baliauta, “zalantzan jarri dau errepide horren kanonaren eredua”. Batzar Nagusietan eredu hori adostu eben taldeek –PP-k, PSE-EE-k eta EAJ-PNV-k–, Aldundiak emondako azalpenen aurrean zalantzak agertzea aurpegiratu deutsie koalizino abertzaleari.