Aldundiak argitu dauenez, San Mames Barriaren ekipamendu publikoen gauzatzea Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren "eskumena" da
Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak diputatuaren jarrerea kritikau dau, “baloiak kanpora bota ditualako”. Foru Aldundiak “50 milioi euro” jarri ebazan futbol zelaia eregiteko, “eta orduan, eukiko dau zer esanik”. Ordezkari popularrak esan dauenez, bere egunean “formula bat sortu zan, zelaiaren eraikuntzan finantzaketa publikoaren sarrerea justifiketako”, eta kirol instalazino horreek “ez dagoz, eta emoten dau ez dirala egongo”. Hori dala eta, uste dau justifikauta dagoala Foru Aldundiak “egoera horren aurrean interesa erakustea”, “lege iruzurra” egon daitekealako. Ruizek esan dauenez, “preminazkoa” da ekipamendu publikoak egitea, Europako Batzordea ekarpen publikoei begira jarri dalako, “Estaduko laguntza” moduan ulertu daikezalako.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek kritikau egin dabe PP-k, Foru Aldundiari ez jagokon gai bati buruz egin dauen agerraldi eskaerea. Talde horreen eretxiz, “eraginkortasun faltaren” sintomea da, euren ustez Udala eta Eusko Jaurlaritza izan beharko diralako, izatekotan, izaera publikoko kirol instalazinoetarako erreserbautako lekuari buruzko azalpenak emon behar dituenak. Diputatu jauna Batzarretara etortea eskatu ebenean “baekien ez jagokola Aldundiari” informazino hori emotea, kritikau dau Alexia Castelo sozialistak, eta eskaerea egin deutso PP-ri, bere itaunak Bilboko Udalera bideratu daizan, bertako udal taldearen bitartez.
Ildo berari jarraituz, Janire Bijueska jeltzaleak ezeztu egin dau Aldundiak gai horretan ezelango “erantzukizunik” daukanik. PP taldeari, “leku desegokia zala jakinda agerraldi bat eskatu izana aurpegiratu deutso, badakielako zein dan Aldundiak San Mames Barria soziedadean daukan partaidetzea”. “Soziedade batean argi dagoz eskumenen erabilerea eta banaketea, eta Aldundiak eskumen batzuk eta egin behar batzuk ditu”, eta horreen barruan, Bijueskak esan dauenez, ez dago instalazino horreek gauzatzea. Jeltzaleak PP taldeari gogoratu deutsanez, gai hori urrian egin zan Udaleko azken osoko bileran eztabaidau zan, eta bilera haretan Udal Gobernu taldeak –batzordekideak esan dauenez– legealdi honetan kiroldegia egiteko konpromisoa agertu eban. “Gai horri buruzko infomazino gehiago gura badozu, euki dozu leku egokian eskatzeko denporea”, erantzun deutso Bijueskak bozeroale popularrari. Javier Ruizek iragarri dauenez, Bizkaiko Talde Popularrak gai horri buruzko agerraldiak eskatzen jarraituko dau.
EH Bidu bat etorri da PP taldeagaz, San Mames Barriko ekipamendu publikoak “lehentasuna” izan behar dirala esatean, Gasteizko Jaurlaritzarentzat eta Bilboko Udalarentzat, “gizarterako onurak” ekarriko ditualako eta finantzaketa publikoa lortzeko orduan alderdi hori funtsezkoa izan zalako. Koalizino abertzaleak esan dauenez, ekimenak aurkeztuko ditu Legebiltzarrean, kirol ekipamendu horreek gauzatzea bultzatzeko.
Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, Athletic taldearen gune publikoan Aldundiak “ez dauela ezer egin behar” autortu dau. Halanda be, Asun Merinero batzordekideak esan dau Foru Erakundeak “erantzukizuna” daukala, San Mames Barriko kide dalako eta, baita estadioa eregiteko diru publikoa jarri dauelako be. Hori dala eta, bere taldeak Batzar Nagusietan Ogasun eta Finantzetako diputatu jaunaren agerraldia eskatu dauela iragarri dau, Iruarrizagak, San Mameseko estalgia handitzeak ekarriko dauen kostuari buruz Aldundiak dauen eretxiari buruzko informazinoa emon daian.