Aurreko Albisteak

ENKARTERRIETAKO MUSEOAK MIRANDA EGOITZAKO ERABILTZAILEEN BISITEA JASO DAU

  • Barakaldoko ongintzazko erakundearen 111. urteurrenean, Enkarterrietako Museoko hezitzaileek adinekoen zentro horretako egoiliarrentzat egokitutako ibilbidea egin dabe Abellanedako monumentu-moltsoko interesgune garrantzitsuenetatik: bertako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa.

(Abellanedan, 2022ko martiaren 16an). Enkarterrietako Museoak adinekoen Barakaldoko Miranda zentroko egoiliar talde baten bisitea jaso dau gaur. Enkarterrietako museoko hezitzaileek Bizkaiko txoko horretako leku xarmagarriak ezagutzera eroan ditue adinekoak, horreen artean Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan moltso monumentaleko foru-egoitzak, Abellanedako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa.

Miranda Fundazinoak identidadea babesteko “Bizirik nago” programaren barruan martxan jarritako “Bizkaiko 112 udalerriak bisitetea” erronkearen barruan sartzen da adinekoen bisitea, ongintzako erakundeak bere 111. urteurrena ospatzen dauen egun honeetan. Erronkea lurraldeko udalerri guztiak bisitetea da. Txango bakotxean, eskualdeagaz zelanbaiteko lotura afektiboa daukan egoiliar kopuru txiki batek hartzen dau parte, esperientzia baliotsuagoa, eta esanguratsuagoa izan dakien ahaleginduz.

Oraingo honetan, Mirandako egoiliarren taldea Sopuertara hurbildu da Enkarterrietako Museoa bisitetan eta bertako hezitzaileen eskutik eskualdearen eta bertako Batzar Nagusien jatorria eta bilakaerea ezagutu ditue. Abellanedako Batzar Etxearen historian murgildu dira, eta haren garrantzi historikoa ezagutu dabe, hasi eskualdeko leinu-buruak protagonista ziran Erdi Aroko lehenengo batzarretatik, eta gaur egungo bizkaitarren ordezkariek Abellanedan egindako azken batzarreraino.