Aurreko Albisteak

GINEA BISSAU IZANGO DA GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BAT HAZTEN IKUSIKO DAUEN AFRIKAKO BIGARREN HERRIALDEA

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Gernikako Arbolaren oinordeko bat emon deutso gaur Luis Urrutikoetxea Zarate Afrikako herrialdeko Bilboko kontsulari.

(Gernikan, 2022ko martiaren 9an). Negua da Bizkaiko Batzar Nagusiek bost kontinenteetako erakundeek eta instituzinoek egiten dituen oinordekoen eskaerei erantzuten deutsen garaia; izan be, urte-sasoi horretan “quercus robur” geldialdi biologikoan dago eta orduan errotzen da ondoen lur arrotzean. Gernikako Arbolaren azkenengo ondorengoa Ginea Bissaura eroango dabe herrialde horrek Bilbon dauen kontsuladuaren bidez. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak gaur emon deutso ale gaztea Luis Urrutikoetxea Zarate kontsulari Gernikako Batzar Etxean.

Eskaera Mama Saliu Sané Afrikako herrialdeko Irrati-difusino Nazionaleko Zuzendari Nagusiak egin dau. Zezeilean heldu zan Parlamentuko Mahaira, eta harek, eskaera aztertu ostean, eskaria onartzea erabagi eban. Horrek, Euskal Herriko sinbolo unibersaletakoaren ale bat izaten bigarrena bihurtuko dau Afrikako mendebaldeko herrialde txikia, Kenyaren ostean. Saliu-k Ginea Bissauko Errepublikako Gobernuaren izenean egin eban eskaria, “ohorez” landatu ahal izateko.

Herrialde haretako komunikabide nagusietakoaren arduradunak alea landatzeko eta euskal kulturaren inguruko irratsaio barriak emitiduteko konpromisoa hartu dau. Azkenengo hilebeteetan, Espainiako Gerra Zibila eta Frankismoa kontetan aritu dira, eta bere idazkian “Gernikako bonbardaketea eta herri horrek eta bere Zinpe-Zugatz famauak euskal kulturaren erreferente moduan daukien garrantzia” be nabarmentzen dira.

Bere historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbolaren 450 oinordeko entregau ditue. Bizirik dirauen beteranoena Gernikako Batzar Etxetik oso gertu dago. 1859koa da eta oraindino Nabor izenez ezagutzen dan etxeko lorategian hazten ari da. Kanpoan, haretx zaharrena Argentinako Rosario de Santa Fén dago eta 1886koa da. Foru parlamentuak, oinordekorik gazteena, Ginea Bissaun Parlamentuan landatuko dana, Bakearen sinbolo moduan indarrez haztea, eta gitxienez denpora berean haziak banatzen jarraitzea espero dau.