BIZKAIKO 2030ERAKO TURISMO-ESTRATEGIA, JASANGARRITASUNA, DIGITALIZAZINOA, LANKIDETZEA, LURRALDE-OREKEA ETA PERSONEN ZAINTZEA DIRALA-ETA BEREIZTEN DA BESTE ESTRATEGIA BATZUETATIK
- Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak hamarkada honetako turismo-estrategia aurkeztu deutse Batzar Nagusietako taldeei
(Bilbon, 2022ko martiaren 9an). Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2030era arteko Bilbo-Bizkaia estrategia turistiko barria azaltzeko. Estrategia Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dabe. Estrategiaren prestaketan “250 eragile publiko eta pribadu baino gehiagok” hartu dabe parte, eta hamarkada honetako turismo-politikea bideratuko daben jarraibideak batzen ditu. Bertan, Basurkok azaldu dau aurreko beste plan batzuekaz alderatuta bost alderdi “diferentzial” jasoten dirala: jarduera “guztien” “jasangarritasun integrala”, sektorearen eta jomugaren digitalizazinoa, eragileen arteko lankidetzea, lurralde-orekea eta personak, bisitariak zein bertako biztanleak, “erdian jartea”.
Estrategiak, lehenengo “susperraldi” (2022-2024) fasea zehazten dau COVID-19aren aurreko mailetara heltzeko, eta gero 2030era arteko bigarren “eraldaketa” fasea, jasangarritasuna, digitalizazinoa eta barrikuntza “funtsezko” elementutzat hartuta bisitariak erakarteko eta “ingurunea errespetetan dauen sektore lehiakorragoa” garatzeko. Epe laburrean, gertuko turismoari eutsi gura jako, eta “pandemiaren azkenengo urteetan galdu dan” nazinoarteko turismoa berreskuratu. Ardatz bakotxaren inguruko jarduerea hainbat ildo estrategikoren bidez gauzatuko da. Ildo estrategiko horreek lehen aitatutako denpora-agertoki bietan gauzatu beharreko proiektu guztiak hartuko dituen lan-eremuak dira.
Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiaren jarduketak urteko kudeaketa-planen bidez ezarriko dira, urtez urte gauzatuko diran proiektu eta ekintza espezifikoak planifiketako helburuagaz. Estrategia “neurgarria eta ebaluagarria” izango da, eta xede hori Bilbao Bizkaia Action Group (BBAG) izenekoari enkargauko jakola azaldu dau Ekonomi Sustapenerako batzordean Batzar Nagusietako taldeen galderei erantzunez.
Elkarrekin Bizkaiak faltan bota dau sektoreko beharginen eretxia dokumentua lantzeko eta euren lan-baldintzak hobetzeko orduan, bai eta Bizkaia osoko informazino “egituratua” ekitaldi esanguratsuetan. Israel Escalante batzordekidearen eretxiz, egiten dan kontrolak eta jarraipenak, estrategia hori benetan “erabilgarria” dala “frogatu behar dau”.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak uste dau dokumentua Aldundiak 2018-2025 aldirako aurkeztu eban aurreko planaren “antzekoa” dala, baina Basurkok zehaztu dau plan hori estrategian “integrauta” geratzen dan marketin planaren ingurukoa dala. Pandemiaren urteak alde batera itxita, Bizkaiko turismoaren hazkundea “ez da bizkortu”, BPGk lurraldeko ekonomian dauen eragina kontuan hartzen bada. Esther Martinez batzordekideak esan dau Gipuzkoa “erritmo biziagoan” ari dala hazten, eta uste dauala Bizkaiak oraindino badituala “gainditu bako irakasgaiak”, ganerako eskualdeakaz alderatuta “Bilbo Handiak” dauen pisuarengaitik.
Batzar Nagusietako Euskal Sozialistak taldeak estrategia eta gobernantza-eredua lantzeko partaidetza-prozesu “zabalari” emon deutso balioa, “hainbat erakunde eta maila partaide bilakatuz”, bai eta “eskualde guztietara” helduko dan, eta “urte osoan” ostatu emongo dauen turismo-ereduari be. Victor Trimiño sozialistak jasangarritasuna, digitalizazinoa eta planaren nazinoarteko posizionamendua be azpimarratu ditu. Bere eretxiz, ganera, “garrantzitsua” da aukeratutako jarraipen-metodoa, aberastasuna eta kalidadeko enpleoa sortuko dirala egiaztau behar dauelako.
Ostatu-gauen ganean ingurumena hobetzeko balio dauen tasa turistikoaren aldeko apustua gogora ekarri ostean, EH Bilduko Iker Rahonak estrategia barria ebaluetako “denporea” eskatu dau, “hasierako fasean” dagoalako. “Musikeak soinu ona dauka” nabarmendu dau, batez be sektorearen jasangarritasunaren, lurralde-kohesinoaren eta gobernantza-ereduaren aldeko apustuarengaitik.
Euzko Abertzaleak taldeko Gaizka de Luisek iragarri dauenez, estrategia horrek, parte-hartze prozesu “pluralagoaren eta egokiagoaren” emaitza izanda, “epe motzean” emaitza “ikusgai eta positiboak” lortuko ditu. Haren eretxiz, “garrantzitsua” da sortutako eredua GJHakaz eta 2030 Agendagaz lerrokatuta egotea.
TALENTUA ERAKARTEKO POLITIKEA
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak talentua erakarteko eta atxikitzeko foru-politikaren inguruan itaundu deutso diputatuari, baita erakarpena zientziara eta eremu teknikoari lotutako ezagutzaren adar eta familia profesional jakin batzuetara murriztearen errazoiaren inguruan be. Xabier Benito batzordekideak egin eban azken datu-kontsultan, “artean edo hezkuntzan” “zero” eskaintza egon ziran.
Basurkok ukatu egin dau Bizkaia Talentek gauzatzen dituan erakarte-eskaintzetan “alborapenik” dagoanik. “Enpresen eskaeretara egokitzen gara”, eta eskaerak adar honeetan dagoz: “Kimikan, Matematikan, Industria Ingeniaritzan, Softwarearen Garapenean, Ingeniaritza Elektronikoan, Telekomunikazino Ingeniaritzan, Fisikan, Ingeniaritza Mekanikoan, Ingeniaritza Kimikoan, Software Arkitekturan, Software Analisian eta Ingeniaritza Informatikoan”, zehaztu dau.