Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU BERANGOKO BIRIBILGUNERAKO SARBIDEETAN ERREI BARRIAK EREGITEA

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordeak ezetsi egin dau bideak zabaltzeko eta BI-637 errepidetik Berango edo Getxorako norabidean biribilgunea saihesteko Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena

  • Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak agerraldia egin dau, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, talde horrek Bizkaia Torrearen errentamendu-kontratuaren inguruan dituan “zalantzei” erantzuteko

  • Pradalesek jakinarazo dauenez Bizkaiko Ekintzailetza Zentroak ez dau jatetxe-zerbitzurik izango.

(Bilbon, 2022ko martiaren 7an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko beharrezko izapideak egin daizala BI-637 errepidetik Berangorantz eta Getxorantz urtetako errei barria egokitzeko, aitatutako herrietara sartzeko biribilgunera sartu beharrik egon ez daiten. Ekimenak Batzar Nagusietako ganerako taldeen (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Euskal Sozialistak) kontrako eretxia jaso dau.

Batzar Nagusietako talde popularrak errepide horretatik biribilgunera sartzeko sarbide bietan errei independentea instaletea defendidu dau, bai Berangora joateko bai Getxora joateko; izan be, biribilgunean zirkuletan ari diran beste ibilgailu batzuekaz topo egin ezkero gidariek geldialdia egin behar izaten dabe, eta, ondorioz, “trafiko-pilaketak” sortzen dira. Eduardo Andrade batzordekidearen eretxiz, puntu “gatazkatsu” bi dira, lehendik dagoan oinezkoen pasabidean ibilgailuak piletan diralako. Puntu horretara “malda handi batetik” eta autobiatik iristen da. Ganera, biribilgunean berez dagoan trafiko-densitateari etorkizunean trafikoa handitu egingo dala gehitu behar jako, Martiturrin enpresa-zentro bat eta Andra Marin 3.000 etxebizitza barri eregiko diralako, Getxoko etorkizuneko urigintza-garapenetan oinarrituta.

Batzar Nagusietako ganerako taldeek adierazo dabenez, hirugarren erreia eregiteak ez dau zentzu handirik, dagoan trafikoarengaitik, bidearen ezaugarriengaitik eta oraindino ez dagoalako Getxoko Uri Antolamendurako Plan Orokor barririk. Berangoko auzokidea dan Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak adierazo dau inoiz ez dituala 5 edo 6 ibilgailu baino gehiagoko auto-ilarak ikusi, 250 metroko luzerea daukan desazelerazino espazio bat eta errei bi dituan urteera horretan, gehitu deutso Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak. Alderdi biek garraio publikoa eta bizikletea erabiltearen aldeko apustua egin dabe trafikoa murrizteko; izan be, hirugarren erreia eregiteak ibilgailu pribadua gehiago erabiltea sustatuko leuke, egungo bidegorria inbaditzeaz aparte.

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak alderdiek azpimarratu dabenez, Talde Bereziaren jarrera ez dago oinarrituta zonaldeko trafikoaren ganeko “ezelango azterlan zorrotzetan”. “HAPO gauzatu arte itxaron beharko da, eta obra hori egitea beharrezkoa dan ala ez ikusi”, esan dau Ignacio Jeronimo sozialistak. “Ez dago etorkizuneko trafikoaren fluxuen inguruko azterlanik” eta biribilgunea “ez da ezbehar-tasa altuko puntua”, ganeratu dau Gorka Beitia jeltzaleak.

BIZKAIA TORREA, JATETXE BARIK

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak beste galdera bat egin deutso Aldundiari, kasu honetan Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuari zuzendutako agerraldian, Bizkaia Torrearen proiektuaren inguruan eta eraikinaren zati baten errentamendu-eragiketaren inguruko espedientea irakurri ostean argitu barik geratu diran “zalantza” batzuen inguruan. Israel Escalante alderdi horretako batzordekideak, beheko solairuaren, -2 solairuaren eta “banaketa-planan” oinarrituta alokatutako solairuen erabilerak aitatu ditu, baita jatetxe baten balizko instalazinoa be. Alderdi moreak lekuz aldatuko diran foru bulegoei buruz be galdetu dau, baita errentan hartutako espazioa erosteko aukeraz eta Azpiegiturak erakundeak bere gain hartu dituan gastuez be.

Azpiegiturak foru soziedade publikoaren esku dagoan errentamendu-kontratuaren inguruan Pradalesek “labur eta zehatz” erantzun deutso. Diputatuak aurreratu dauenez, ez dago torrean ostalaritza-negoziorik jarteko “ezelango aurreikuspenik”, eta -2 solairua (800 metro karratu baino gehiago) soziedade horrentzat artxibategi eta biltegi moduan erabiliko da. Ekintzailetza Zentroak hartuko ez dituan espazioen erabilerari jagokonez, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanen Sailari jagoko horreen inguruan erabagitea. Une honetan “behin betiko diseinua” egiten ari da. Beheko solairuko espazioari jagokonez, erabilgarritasun “bakarra” Azpiegiturak-ek alokatutako solairuetarako sarbidea izatea izango da.

Pradalesek gogorarazo dauenez, abenduan Aldundiak higiezin osoa 180 milioiren truke (+ BEZ) erosteko aukerea baztertu eban, eraikinaren jaubeakaz sinatutako kontratuan jasoten zan moduan. Dana dala, Aldundiak 2030eko abenduan “220 milioitan” erosteko beste aukera bat dauka aurreikusita. “Data hori oso urrun dago erabagia aurreratu ahal izateko”, esan dau Pradalesek, eta eraikina erosteari uko egiteko “erespideen” inguruan galdetuta, esan dau 180 milioi horreek gastetako “inbertsino ugari” bururatu jakozala, horreen artean “metroaren 5. linea edo egoitza-zentro barriak”. Diputatuaren esanetan, “ez Aldundiak ez Azpiegiturak-ek” “ez dabe ezelango gasturik hartu euren gain” amiantoa kentzeko lanetan edo barne erreforman. Gastu “guztiak” eraikinaren jaubetzaren kontura izan dira.