Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek barikuan zabalduko dabe 2016ko Bizkaiko Aurrekontu proiektuari zuzenketa-eskeak aurkezteko epea

Batzordea

2016ko Bizkaiko Aurrekontu Proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietan azaltzeko azken jardunaldia. Bertan, Elena Unzueta Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak eta Lorea Bilbao Euskera eta Kulturakoak, datorren urteari begirako euren kontuak zehaztu ditue. Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen barruan gaur saioak bukatu ostean, Batzarretako Mahaiak bariku honetan zabalduko dau epea Batzarretako taldeek aurrekontuen dokumentuaren aurrean zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan. Une hori bat dator herritarrei emondako epearen itxieragaz, bizkaitarrek, “jjggbizkaia.eus” webguneko “Herritarren Atarian” Aurrekontuen Foru Arau proiektuaren aurrean aurkeztu behar dituen hobekuntzak aurkeztu daiezan.

Jatorrizko testuaren aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero –batzarretako taldeek herritarren aldetik jasotako alegazinoak edo proposamenak eureganatu ahal izango ditue–, lehenengo osoko batzarra egingo da, testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar horren ostean, eta beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira batzordean. Eta Bizkaiko kontuen Batzarretako izapidetzea abenduaren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko batzar bategaz.


IRAUNKORTASUNEKO ETA INGURUNE NATURALEKO SAILAREN AURREKONTUA

Joan dan agintaldiko Nekazaritza eta Ingurumen sailak bat egin ostean sortu dan sail barriak, giza baliabideak eta baliabide naturalak “optimizetako” aukerea emongo dau, Elena Unzueta arduradunak esan dauenez. 126.184.537 euroko aurrekontua izango dau, eta beharginen gastuak kenduta, 104.980.000 euro geratuko dira erabilteko moduan. Diputatu andreak, bere zuzendaritza bietako arduradun teknikoakaz “modu koordinauan” eta beharginen eretxia kontuan izanda, egin dan aurrekontua zehaztu dau, programaz-programa.

Holan, Bizkaiko nekazaritzako sektorearen eta Aldundiaren ingurumeneko politiken behar nagusiak ordaintzeko helburua daukan Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko sailaren aurrekontuak ingurumen azpiegiturako programak ordaintzera bideratuko dau bere esfortzu ekonomiko nagusia. Azpiegiturako programa horreek uraren tratamendurako eta kudeaketarako eta uriko hondakin solidoen tratamendurako programak dira, eta 56,28 milioi euroko diru kopurua jasoko dabe. Kopuru horretatik 40 milioi Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak aurrera eroango dituan proiektuetara egongo dira bideratuta.

Aldundiak Garbiker Foru soziedadean sartuko dituan 8 milioi euroen barruan, Unzuetak esan dau “1.090.000 euro” erreserbauko dirala bosgarren edukiontzia ezarteko. Beste jarduketa “barriztatzaile” bat, eskualdeetan egongo diran konpostaje plantak jarteko “leku hoberenak” ezarriko dituan azterlana egitea izango da. Horretarako, sailak “50.000 euro erreserbauko ditu”.

Abeltzaintzaren atalaren barruan 3,12 milioi euro erreserbauko dira animalien saneamenduko jarduketetarako eta Gorlizko, Gangurengo eta Sollubeko zentroak finantzetako, beste gauza batzuen artean. Arlo horretan azpimarragarria da lehenengo aldiz jasoten dirala orkatzek soloetan eragindako kalteak ordaintzeko kalte-ordainak. Aldundiak Bizkaiko erlezaintzaren sektoreari laguntzeko atal bat be zabalduko dau, kurumino asiarrak eragindako kalteak dirala eta. “Ez dakigu zehaztasun osoz zenbatekoak diran kalteak, baina 30.000 euro bideratu dira horretara”, baieztu dau Unzuetak Batzarretako taldeek egindako itaunei erantzunez.

Ingurumeneko arloan, “14,8 milioi euro” egongo dira Bizkaiko ondarea eta bioaniztasuna zaintzeko, hondartzak kudeatzeko eta energiaren estrategia programak aurrera eroateko. 1,8 milioi Bizkaiko parke naturaletan eta aisiarako guneetan mantentze lanak egiteko erabiliko dira, eta 746.000 euro lau LIFE proiektuetarako. “420.000 euroko” partida berezia bideratuko da Getxoko hondartza garbitzeko, Bizkaiko hondartzen zainketara zuzenduta dagozan 6 milioi euroen barruan.

Nekazaritzaren errazionalizaziorako planak eta landa guneetako obren planak 16,12 milioi euro eroango ditue. Aurrekontu horretan nekazaritzako kontrolak, landa inguruen garapenerako programak, laguntza zuzenetarako funts europarrak eta nekazaritzaren sektoreari zuzendutako aholkularitzea eta ordezkapenak sartzen dira.

Aurrekontuak 6,15 milioi euroko partidea aurreikusten dau basoko baliabideetarako, “Bizkaiko basoen kudeaketa iraunkorra lortzeko” helburuz. Arlo horretan, “I+G+b proiektuetara zuzendutako 559.000 euroko” partidea azpimarratu behar da, gauza barria dalako.

Beste 775.000 euro baliabide natural, fauna zinegetiko eta arrantza programara zuzenduko dira; eta 3,12 milioi euro Abeltzaintzako programara. Azken programa horretan sartzen dira abereei zuzendutako osasun kanpainagaz erlazionautako beharrak edo animaliak hil behar izateagaitik emoten diran kalte-ordainak.

Bukatzeko, Nekazaritzako programeak 2,4 milioi euroko partida osoa jasoko dau.

Batzarretako taldeek aurkeztutako zalantzei erantzunez, Unzuetak “Panpako luma-mottoa” izeneko espezie inbaditzailearen tratamendura Aldundiak bideratuko dituan “120.000 euroak” aitatu ditu, eta ekatx gogorrek eta ziklogenesiek hondartzatan eragin ahal izango dituen ezusteetarako erreserba ekonomikoak be baieztu ditu. Azken horreek “egokituz joango dira”, une bakotxeko beharrak kontuan izanda.


KULTURAKO AURREKONTUA %2,30 HANDITU DA

Lorea Bilbaok kudeatzen dauen sailak %2,30eko hazkundea izango dau, 48,74 milioi eurotara heldu arte. Euskerako arloak 6.663.000 euro izango ditu (+ %4,8); Kirolak 8.098.000 euro (+%2); Kulturak 29.718.000 euro (+%2,30); eta sailaren kudeaketaren hobekuntzak eta herritarren arretak 4.260.000 euro (-%0,86).

Aurtongo aurrekontuakaz alderatuta dagozan barrikuntzen artean, Bilbaok, bizkaitarrek euskera ikasteko pausua emoteko orduan alderdi ekonomikoa “oztopoa” izan ez daiten bideratuko diran “425.000 euroak” aitatu ditu. Norbanakakoentzako laguntzak ezarriko dira, Habegaz eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta, lehenengo hizkuntz eskakizunetarako, “A1, A2 eta B1” mailatarako, zehaztu dau.

Kulturaren sustapenera zuzendutako programei jagokenez, Bilbaok jakinarazo dau aurrekontuaren ia erdia –15 milioi– museoetara bideratuko dala, hau da, aurreko urtean baino “%10” gehiago. EH Bilduk adierazo dauenez, “5.757.000 euro” Guggenheim Museora bideratuko dira, New Yorkeko fundazinoagaz egoan hitzarmena barriztau ostean. Gonzalo Olabarria Kulturako zuzendariak esan dauenez, aurrekontu horrek, 2015ean Bilboko museoari egindako ekarpenen baturaren “bardina” izaten jarraituko dau.

Batzarretako taldeei erantzunez, Olabarriak esan dau, baita be, erlijinoko ondarea kontserbetako partida izendunak murriztu egin dirala, ondare zibilaren mantentze lanetarako egingo diran ekarpenek gora egin daben bitartean. Holan, 2016an Bizkaiko baserrietxeen “katalogoa” egingo dala azpimarratu dau. Ostean kontserbazino plan bat ezarteko emon behar dan lehenengo pausua izango da.

Ezagutzaren sorkuntzeak eta kulturako ondarearen hedapenak 15.424.000 euroko inbertsinoa eskatuko dau. Lehentasunen artean, aurrekontuak Euskal Museoaren goitik beherako barrikuntzea jasoten dau. Lan horreen lehenengo faserako, datorren urtean “300.000 euroko” inbertsinoa aurreikusten da.

Ganera, Bilbaok iragarri dau bihar, seguruenez, urtarrilaren 30era arte indarrean egongo dan kulturako bonoa onartuko dauela Gobernu kontseiluak. Bizkaikoaren, Aldundiaren esku dagozan museoak barru hartzen dituan soziedadearen, aurrekontua handitzeari jagokonez, aurrekontua handitu egingo dala esan dau diputatu andreak, Boinas la Encartada museoa eta Bakioko Txalolingunea bertan sartu diralako.