OGASUNAK AURREZ AURREKO ARRETEA AREAGOTUKO DAU APIRILAREN 4AN HASIKO DAN ERRENTA-KANPAINAN
- José María Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da 2021eko Errenta Kanpainan egingo dan “baliabide materialen eta giza baliabideen hedapen zabala” azaltzeko.
- Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek igazko “akatsak” ez daitezala errepikau eskatu dabe, baina pozik agertu dira aurrez aurreko arretea bermatzeko egindako aldaketak dirala eta.
- EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren balorazinoa eskatu dau. Bertan adierazoten danez, errenta aitorpena “egiteko modu bakarra ezin da Internet izan”.
(Bilbon, 2022ko martiaren 3an). Bizkaiko 2021eko Errenta kanpainea apirilaren 4an, astelehenean, hasiko da, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Egun horretatik aurrera, zergadunek hiru kanalen bidez aurkeztu ahal izango dabe errenta-aitorpena: aurrez aurre, telefonoz eta Internet bidez (webgunea edo app-a). José María Iruarrizaga Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, aurtengo barrikuntza nagusiak azaltzeko. Barrikuntza horreen artean, arreta pertsonala bermatzeko “baliabide material eta giza baliabideen hedapen zabala” dago.
Diputatuak zifra honek emon ditu: Aldundiaren hamar bulego (Barakaldo, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Bilbo, Gernika-Lumo, Getxo, Mungia, Durango eta Portugalete) eta 126 persona arduratuko dira gura dauenari aurrez aurre arretea emoteaz. Aurretik hitzordua eskatu beharko da (94 406 66 00 telefono zenbakia edo webgunea) astelehenetik barikura, 08:30etik 19:00etara, zalantzak argitzeko edo behin betiko aitorpena prest ixteko. Modu berean, Ogasun Saileko beste 311 persona egongo dira zergadunei erantzuten ohiko 94 608 3000 telefono zenbakian.
Aitorpenaren behin-behineko emaitza jasoten daben Errenta-gutunen bialketea apirilaren 4an hasiko da (posta arruntez edo elektronikoz), eta, ziurrenez, hilaren 25ean amaituko da. Zergadunek lehen aitatutako hiru bide horreek izango ditue Ogasunak proponiduten deutsen aitorpena onartzeko edo aldaketak sartzeko, bai eta zerga aitorpenerako euren aukera onena zein dan jakiteko be. Horrez gain, identifikazino-sistema digital hori ez daukien personei Bak gakoa aktibetako kode bat emongo jake, baita ordezkapenerako gakoa be, beste persona batek errenta-kanpainaren izapideak bere izenean egin ahal izan daizan.
2020ko kanpainan, 73 personak aurrez aurre artatu ebezan 6.960 zergadun. 2021eko errenta-kanpainarako, Ogasunak 126ra zabaldu dau ekipo hori, 108.000 persona artatu ahal izateko. Ogasunak, itzulketak aitorpena aurkeztu eta zazpi egunera egitea gura dau. Eta ordaintzea egokitzen bada, zatika egin ahal izango da garagarrilean eta azaroan.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK
Oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) igazko kanpainako “hutsak ez daitezala errepikau” eskatu deutsee Ogasuneko arduradunei. Aurton aukeratutako moduak, zergadun askok aitorpena osatzeko orduan izan ebezan gaiztasunak “zuzentzen” ditu.
Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren (EAEJAN) epaiak izango dituan ondorioen gainean galdetu dau. Epai horretan adierazoten danez, errenta aitorpena “egiteko modu bakarra ezin da Internet izan”, eta horren harira EH Bilduk beste agerraldi bat eskatu dau. Ganera, Esther Martinez batzordekide popularrak Aste Santua Ogasunaren jakinarazpen-epearen erdian egoteak izan daikezan ondorioez galdetu dau.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak uste dau kanpaina hori aurreko urteko “akatsak” “zuzentzera” datorrela, eskualdeko bulegoen bidez aurrez aurreko arretea hobetuko dalako. Xabier Benito talde horretako batzordekideak, behin-behineko beharginen kontratazinoak zelangoak izango diran galdetzeaz gain, eskuliburu “argia eta pausuz pausukoa” egitea proponidu dau, zenbait kolektiboren arrakala digitalaren kontra burruka egiteko.
PSE-EErentzat, aldaketak “positiboak” dira; izan be, José Alberto Álvarez Castejónen eretxiz, aitorpena aurkezteko epea apiriletik aurrera luzatzeko joerea “sendotu” egin da, eta, ganera, arretea emongo daben personen kopurua eta herritarrakazko gertutasuna be handiagoak izango dira.
EH Bilduko Arantza Urkaregik, bere aldetik, “2020ko kanpaina penagarritik zer edo zer ikasi dala emoten dau”, esan dau, eta aitorpenaren zirriborroa eskuratzeko modua kritikau dau. “Bialduko dan gutunean zirriborroa eranstea” eskatu dau, herritar batzuentzat daukan gaiztasuna kontuan izanda. Diputatuak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia balorau daiala eskatu dau Urkaregik, eta aurrez aurreko arretak erregelamenduan aldaketea ekarriko ete dauen be galdetu dau, zergadunak Ogasunagaz hartu-emonak izateko dituan moduak “argitzeko”.
Euzko Abertzaleak taldearen eretxiz, azalpenek “argi itxi dabe” zergadunek hiru modu izango dituela aitorpena aurkezteko, baina “hori ez da barria, igaz be baegoalako”. Garazi Diaz batzordekideak kanpaina honetan zehar arretea hobetzeko egingo dan “errefortzu berezia” txalotu dau.
Erantzun horretan, Iruarrizagak gogorarazo dau aurreko urtean pandemiak “baldintzatu ebala” aurrez aurreko arretea, eta une honetan egokitzea jagokula, aurreko esperientzietatik lortutako emaitzak kontuan izanda, “etenbako hobekuntzan” oinarritzen dan politikaren barruan. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari jagokonez, diputatuak azaldu dau epai horren aurrean helegitea aurkeztuko dala, baina epaiak “ez dauela garrantzi praktikorik” aurtengo errenta kanpainan, ez dalako epai sendoa. Ganera, bere berbetan, Zerga Arau Orokorrak “edozein zerga aurrez aurre aurkeztu ahal izatea” bermatzen dau. PFEZ arautzen dauen dekretuaren hainbat artikulu baliobakotzeak “eztabaida juridikoa baino ez dakar”. Izan be, igaz, “163.000 personak” entregau eben Errentea egoitza elektronikoa erabili barik; “lautik batek”, hain zuzen be.