ALDUNDIAK PANDEMIAK ESKOLA-KIROLEAN IZAN DAUEN ERAGINA AZTERTUKO DAU, NEURRIAK EZARTEKO ETA GALDUTAKO KIROLARIAK BERRESKURATZEKO
- Euskara, Kultura eta Kirol Sailak esan dauenez, gaur egun “40.000 ume baino gehiago” dagoz kirol-jarduerak egiten, pandemia aurreko denporaldian 43.000 ziran bitartean. Covid-19aren lehenengo urtean 23.000ra jaitsi ziran.
- Aldundia, familiakazko zuzeneko komunikazinoa hobetzeko “tresna” baten bila dabil.
(Bilbon, 2022ko martiaren 2an). Aldundiak pandemiak eskola-kirolean izan dauen eragina aztertuko dau, datorren ikasturterako hainbat “estrategia” ezartera bultzatuko dauen azterlana, hain zuzen be. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, EH Bilduk eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak eskatuta, pandemiak eta osasun-murrizketek eskola-kirola egiten daben umeen bolumenean izan dituen ondorio negatiboak, eta martxan jarri diran neurriak azaldu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. 2019-2020 denporaldian “43.000 bat” adinbako ziran kirolen bat egiten ebenak, eta gaur egun “40.000tik gora” dira, zehaztu dauenez. Apur bat falta da oraindino covid aurreko zenbakiak berreskuratzeko, baina susperraldia bidean da. “Bikoiztu egin dogu parte-hartzea denporaldi batetik bestera”; izan be, pandemiaren lehenengo urtean “23.000-tik beherako zifretara bajau ginan”.
Bilbaok azaldu dauenez, pandemiak eragin orokorra izan dau gizarteko ekitaldietan eta jardueretan, eta hori eskola-kirolean be igarri da. Ikastetxeen parte-hartze txikiagoa, instalazinoak erabilteko mugak eta kirol-jarduerak beste udal-programa batzuetara edo gimnasioetara desbideratzea izan dira azken urte bietan erabiltzaileen beherakadea eragin daben errazoiak.
Talka-neurri moduan, Aldundia jarduereari eusten saiatu da, segurtasun-protokoloak ezarriz, antolatzaileen etenbako prestakuntzeagaz, covid arduradunak sartuz, kirol-egiturei eutsiz (federazinoakaz adostuta eta diru-laguntzak emonda), udako eskaintza handiagoa eginez eta plazak eta modalitateak zabalduz. Neurri horreek geldiarazo egin dabe, bere eretxiz, kirol-jarduerearen beherakadea.
Datozan hilebeteetan kirol federazinoakaz gertatzen ari danaren inguruko azterlana egin ostean, umeek kirol gehiago egin daien neurri-sortea ezarri gura dau Bilbaok, familiakazko “zuzeneko” komunikazinoa hobetzeko “tresna” batetik hasita. Azterlan horretan zehaztu behar da zer modalitatek daukien eskari handiena eta zeintzuek erakusten daben beheranzko joerea; izan be, bitxia izanda be, masa-kirolak dira “gehien jaitsi diranak”, eta Aldundia hasi da antzematen beste kirol minoritario batzuek “gero eta jente gehiago” erakarten dabela, adibidez, “patinajeak, pelotak, mahai-tenisak, voleyak, belak, txikiboxak edo hipikak”, esan dau.
Uda garaiak, Bizkaiko Eskola Kirolak bizi dauen egoeraren inguruko datu “fidagarriagoa” emongo dau, baina urte honetan “apurka-apurka, dinamikea berreskuratzen ari dala” aurreratu daike, ganerako gizarte-jarduerakaz gertatzen dan moduan. Bilbaok ziurtatu dauenez, denporaldi honetan positiboa izan da kirol-jarduera “bakarra be” ez galtzea, urtarrilean asteburu bitan kirola bertan behera geratu zan arren, Aldundiek eta osasun-agintariek halan adostu ostean, Aldundia erabagi horregaz “ados ez egon” arren. Izan be, “erdibideko” neurria hartu zan, asteburu bitan kirola bertan behera ixteko, urtarrilaren 8koan eta 15ekoan, kontaktu soziala murrizteko.
Oposizinoaren eretxiz, pandemiak ondorio “larriak” eragin ditu txikienek kirolean parte hartzeko orduan, eta “preminazko neurriak” eskatu ditue kirolarien kopurua berreskuratzeko. “Ez dozue ahalegin handirik egin jarduera horri eusteko”, esan dau EH Bilduko Zigor Isuskizak, eta eskola-kirolaren azken etenaldiak eragindako kaltea “izugarria” izan dala kritikau dau. LABIk Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako protokoloek eskola-kirolaren murrizketetan “joan-etorria” ekarri dabe. Horrek, besteak beste, ume askok kirol-jardueretan parte ez hartzea ekarri dau.
IDAZKIDE TRESNEA
Beste alde batetik, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak agerraldia egin dau bere ekimenez Idazkide aurkezteko, foru erakundeko behargin guztien eskura jarriko dauen tresna barria, “oso bizkorra eta errez erabilteko modukoa” dan euskera-gaztelania eta alderantzizko itzulpen “automatiko” zerbitzua. Eskatzen badabe Kirol federazinoei eta Batzar Nagusietako taldeei be emon ahal izango jaken tresna “neuronal” hori, Aldundiaren barruko komunikazinoan euskerearen erabilerea sustatzeko jarriko da martxan. Erabiltzaileak jakinarazpenak zein hizkuntzatan jaso gura dituan aukeratu ahal izango dau.
“Egunerokotasuna errazteko” tresnea da, eta “60.000 euro inguru” inbertitu dira horretan. Lantikek garatu dau, Euskara Zuzendaritzaren bultzadeagaz, barruko komunikazinoetan euskereak beteten dauen “% 31ko ehunekoa” handitzeko helburuagaz. Gaur egun, Aldundiko 31 unidadek erabilten dabe euskerea hizkuntza moduan euren jardunean. Batzuek, idazten dituen testuakaz “zalantzak dituelako ez dabe egiten”, eta tresna horrek euskeraren erabilera handiagorako “jauzia emoten” lagundu daike.
MUSEO BARRIA ZORROTZAURREN
Beste alde batetik, Aldundiak Ella Fontanals-Cisneros arte bildumagileagaz Zorrotzaurren Latinoamerikako arte garaikideko zentro bat sortzeko aukerea aztertzeko egin eban bileraren eukiaren barri emoteko eskatu eutson Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen proposamenari erantzunez, bilera horretan ez zala “ezelango proiekturik” aurkeztu azaldu dau Bilbaok. “Ez dago beste ezer esateko”, ez dagoalako “ezer esku artean”. Sailak, beste barik, persona horren eskaereari erantzun eutson, “bera, aurkeztera eta kontaktu bat egitera etorri zan”. Bileran “jainkoei eta gizakiei jagokezan gauzez egin zan berba”, esan dau.
Diputatuak adierazo dauenez, Aldundia Euskal Museoaren eta Arte Eder Museoaren handitzeetan, Urdaibaiko Guggenheim Museoaren garapenean eta bere sailaren esku dagozan Bizkaiko zentroen eskaintza hobetzean dago zentrauta. “Nahikoa proiektu dira, eta nahiko lanpetuta eta ilusinoz beteta gagoz horreekaz”. Bilbaok museoen arloan lurraldearentzat une “polita” dala esan dau.