Aurreko Albisteak

IRAILETIK AURRERA BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOAK GARRAIO PUBLIKOAN "BARIK MOBILE" EZARTEA AURREIKUSTEN DAU

  • Gorka Ugalde Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP/CTB) zuzendari gerenteak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, legegintzaldi honetako jarduerearen balantzea egiteko, talde guztiek halan eskatuta, eta Bariken balidazinoa telefono mobikorraren bitartez egin ahal izateko data hori aurreratu dau.

  • Gazte 70 eta Gazte Oro txartelen bezero gazteek probau dabe daborduko “Barik Mobile” aplikazinoa, txanpon-txartelagaz (Creditrans) batera.

  • Bizkaiko Garraio Partzuergoak zazpi puntu identifikau ditu Leioan, Getxon eta Portugaleten, bizikleta elektrikoak zaintzeko eta kargetako lehenengo guneak jarteko.

(Bilbon, 2022ko zezeilaren 25ean). Gorka Ugalde Martínez Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP/CTB) zuzendari gerenteak, zuzentzen dauen toki-erakundeak gauzatutako jarduera nagusiak azaldu ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Erakunde hori lurraldeko garraio publikoa koordineteaz, Metro Bilbaoren eraikuntza eta ustiapena finantzeteaz eta Barik txartela kudeatzeaz arduratzen da. Txartel bakarraren kudeatzailea dan aldetik, Ugaldek aurreikusi dauenez, mobikorra Barik txartel bihurtzeko sortutako “Barik Mobile” izeneko aplikazinoa aurtengo “irailean” egongo da martxan. “Joko-arau asko apurtzen dituan oso pausu barritzailea da”, esan dau.

Hardware azpiegitura eguneratzea eskatzen ez dauen arren, softwarea eguneratzea eskatzen dauen teknologia barria eta konplexua danez, beharrezkotzat jo zan Gazte 70 eta Gazte Oro tituluak erabiltzaile gazteen artean aldi baterako proba pilotu bategaz ezartea, “soluzino teknologikoaren fidagarritasuna probetako, erabiltzaileen esperientzia ezagutzeko eta balizko gorabeherak konpontzeko”, Ugaldek azaldu dauenez. Joan dan zemendian hasitako bigarren fasean, txanpon-titulua (creditrans) gehitu jakon probari, mobikorrean ezaugarri desbardinak dituen titulu bi aldi berean zelan erabili aztertzeko.

BGP/CTBko zuzendari gerenteak argi itxi gura izan dau sistema hori “ez dala ordaintzeko sistema barria”, Barik txartela mobikorrera sartzea baino, “euskarri barria”, hain zuzen be. Garraio publikoko bezeroak bankuko txartel bategaz edo Bizumegaz kargau ahal izango dau. Hortik aurrera, mobikorra balioztatze-makinara hurbilduz bidaiatu ahal izango dau erabiltzaileak.

Proba pilotua amaitu ostean, azterketa horren ondorioek zehaztuko ditue proiektuaren hurrengo pausuak; izan be, horreen arabera, beharrezkoak izan daitekez “doikuntzak”, garapen gehigarriak eta horreek garraiobide guztietara eta Barik titulu guztietara hedatzea. Proiektu pilotuaren kontratua zezeilaren 17ko BGP/CTBren kontsejuan “likidau zan”, eta hurrengo pausuak “irailean” amaitzea espero da, behin betiko martxan jarrita.

BIZIKLETA ELEKTRIKOAK KARGETAKO PUNTUAK

Modu berean, Ugaldek jakinarazo dau amaitu dala Bizkaiko garraio publikoan bizikleta elektrikoak “zaintzeko eta kargetako” puntuak jarteko azterlana, bizikletaz mobiduteko beharrezko egitura garatzeko lankidetza publiko-pribaduko hitzarmenaren barruan. BGP/CTBk lehenengo zazpi puntuak identifikauta ditu, guztiak Metro Bilbaoko geltokien ondoan. Bost Getxon egongo litzatekez (Ibarbengoako disuasino-aparkalekuan, eta Algortako, Areetako, Neguriko eta Aiboako geltokien ondoan), eta beste biak Portugaleten (Portugaleteko geltokian) eta Leioan (metro geltokiko disuasino-aparkalekuan).

Proiektu horren helburua Metro Bilbaoko bezeroei geltokietarako sarbidea erraztea da, euren bizikleta “pribadu edo publikoaren” bidez, joan-etorri “luzeenak” errazteko eta “erabiltzaileak erabagiten dauen denpora guztian”.

Beste alde batetik, BGP/CTBko arduradunak bere eskumeneko beste gai batzuen errepasoa egin dau, horreen artean, Metro Bilbaoren tarifek 2022an izan daben igoerea, hiru zentimokoa Creditransentzat eta zentimo batekoa Gizatrasentzat, eta tarifak bateratzeko emoten ari diran pausuak. Gai horri jagokonez, urriaren 21ean “207.218 eurotan” esleitu zan azkenengo kontratua Mugi (Gipuzkoako Barik) Metro Bilbaon integreteari jagoko. Proiektu horrek “9 hilebete eta aste bateko” egikaritze-epea dau.

Modu berean, Ugaldek gogorarazo dau Bizkaiko Garraio Partzuergoak proiektu garrantzitsuak egiten dituala azpiegituren kudeatzaile moduan. 2022an lizitazino barrien zerrendea 30etan itxiko dau, aurreko urtean baino hamar gehiago eta 2019ko edo 2020ko 27ak baino apur bat gehiago. Horreen artean, Sopelako kotxetegietan hodi-tornu bat instaletako proiektua nabarmentzen da, metroko unidadeek “zarata gitxiago egin deien”, baita sistema erredundantearen bitartez PMCa “bikoiztea” eta lur azpiko trenbide guztiak “barritzeko” pausuak emoten jarraitzea be.

Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari batek Batzar Nagusietan egin dauen lehenengo agerraldia EH Bilduk proponidu eban, eta Bizkaiko parlamentuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako batzordeak aho batez onartu eban. Gaur, alderdi guztien oneretxiagaz, egia bihurtu da, Batzar Nagusietako taldeen gai batzuk, hasiera batean aurreikusita ez egozanak, landu barik geratu diran arren, horreen artean, garraio publikoaren tarifa-integrazinoa, lege-proiektu barriaren ondorioak kable bidezko garraioari jagokonez eta horrek Mamarigako funikularrean dauen eragina, Larrabetzuk eremuz aldatzeko egin dauen eskaerea, irisgarritasuneko hobekuntzak, metroaren maiztasunak eta horren ordezko autobus zerbitzua berreskuratzea, eta BGP/CTBk etorkizuneko 5. linean izango dauen zeregina.