Aurreko Albisteak

REMENTERIAK ZIURTATU DAUENEZ UKRAINAKO GERRAK "BAI ALA BAI" IZANGO DAU "ERAGINA" BIZKAIKO KONTUETAN

Bilbao

  • Unai Rementeria Ahaldun Nagusia zuhur agertu da Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, eta 2021ean inoiz baino diru gehiago batu dala adierazo dau, azkenengo Finantzen Euskal Kontseiluan emondako informazinoan oinarrituta.

  • Aldundiaren gardentasunaren arloko Erreklamazino Batzordeak 2021eko jarduera-txostena aurkeztu dau; urte horretan 67 informazino-eskaera eta herritarren 7 erreklamazino jaso ziran.

(Bilbon, 2022ko zezeilaren 24an). Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak zuhurtziazko mezua emon dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileraren eukia azaltzeko egin dauen agerraldian, oposizinoak 2021ean bilketea % 14 handitu ostean zerga-erreforma posiblearen inguruan galdetu deutsonean. “Gaur egun, gure kontuetan eragina bai ala bai izango dauen gerrea daukagu. Eta abagune bakotxak ezin dau guk zerga-tasak, zerga-figurak... arin baten aldatzea eragin. Horrek ez dau emoten zergak barrikusi ahal izateko beharrezkoa dan erregulartasuna”, esan dau.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako batzordean egindako berbaldian, 2021eko magnitude ekonomiko nagusiak xehatu ditu, eta zerga-sistemari “ziurtasunik handiena” emotearen alde agertu da, administrazinoek zergen bilketan “egonkortasuna” behar dabelako. Etorkizunean aldaketa fiskalak badagoz, horreek “jagokonean” etorri beharko dira, abagune desbardinak dirala eta orain “mugabakoa” dan denpora-tartean.

Une honetan, Aldundiaren “makineria” 2014 eta 2018ko zerga-aldaketen “analisiak egiten” ari da, zerumuga garbiagoa behar dan arren. “Pandemiaren abagune bako urte batean egin behar da”. Ahaldun Nagusiak iradoki dau egungo egoerea “orekazkoa” izan daitekela oposizinoak zergak bajetea (PP) eta kontrakoa (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) eskatzen dauela kontutan hartuta.

Nagusiak barriro esan dau inoiz baino diru gehiago batzea ekarri dauen 2021eko likidazinoak adierazoten dauela “susperraldia hemen dagoala”, eta agertokia aukera-unean jarten dau, lurraldea eta personen bizi-kalidadea hobetuko daben proiektuetarako Aldundiak planteetan dituan eta “oso garrantzitsuak” diran lau trantsizinoak gauzatzean oinarrituta.

2022an orain dala urtebete aurreikusi bako baliabide ekonomikoak izango doguzan arren, Rementeria zuhur agertu da ekonomiaren etorkizuneko bilakaeraren inguruko ziurbakotasun globalak eta leku bakotxekoak dirala eta. Modu berean, zerga-bilketaren hobekuntzak euskal administrazinoak “kaudimendunak” dirala erakusten dauela azpimarratu dau.

Zezeilaren 14ko bileran, Finantzen Euskal Kontseiluak foru aldundien 2021eko diru-bilketea (8.136 milioi euro Bizkaiaren kasuan), Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpenak (10.829 milioi guztira, horreen erdia inguru Bizkaitik joandakoak), Estadurako Kupoa (723,9 milioi) eta Egokitzapenerako Funts Orokorra (80,7 milioi, Arabara bideratutakoak) likidau ebazan.

Beste urte batzuetan moduan, Rementeriak Udalkutxaren likidazinoaren barri emoteko baliau dau agerraldia. Likidazino hori Finantzen Lurralde Kontseiluan gauzatu zan, eta 910 milioi euroko diru-sarrerak emon deutsez udalerriei, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 80,8 milioi gehiago. Holan, pozik agertu da Bizkaiko udal “bakar bat be” ez dalako zorpetu Covid-aren ondorioz.

ERREKLAMAZINO BATZORDEAREN TXOSTENA

Erreklamazino Batzordea osoan joan da Bizkaiko Batzar Nagusietara, 2021eko ekitaldiari jagokon Bizkaiko gardentasun arloko jardueren urteko memoria aurkezteko. Igazko zenbaketea aurreko ekitaldikoen oso antzekoa da. 67 informazino-eskaera egin jakozan Foru Aldundiari (63, 2020an) eta, horreetatik, “56 onartu egin ziran, 1 ez zan onartu, 4 ez ziran kontuan hartu eta ganerakoak (6) ebazteko dagoz”.

Miren Barrena batzordeko presidenteak herritarrek informazino publikoa eskuratzeko daukien eskubidearen babesa bermatzen dauen organu tekniko independenteak emondako 7 ebazpenak, beste horrenbeste erreklamazinoren aurrean, azaldu deutsez batzarretako taldeei. Herritarren zazpi erreklamazinoak sailei edo foru enpresa publikoei zuzendu jakez, informazinoa ukatzeagaitik edo euren eskaerei ez erantzuteagaitik.

Erreklamazino bat Garbikerri zuzendu jakon, herritar bati ontziak hautatzeko instalazino bateko materialak nora bialtzen ziran ez esateagaitik. Eskumen hori Eusko Jaurlaritzarena zan. Erreklamazino bik Bizkaitik kanpo bizi ziran ertzainez osatutako talde baten sinadura eukien, eta euren dieten zati bati jagokonez Bizkaiko fiskaltzaren eta Zerga Agentziaren artean egindako diru-transferentzien inguruko informazinoa eskatzen eutsen Foru Ogasunari. Beste belarri tirakada bat Katastroak eroan eban, zergadun bati zuzeneko senide baten heriotzea zala-eta egindako transmisino batzuen inguruko informazinoa ukatzeagaitik.

Modu berean, zenbait erreklamazino Gizarte Ekintza arlora bideratu ziran. Persona batek egoitzetan pandemiaren eragina jasan daben personen inguruko informazinoa eskatu eban, eta beste batek bakarrik egozan adinbako atzerritarrekiko jardunak eta esku-hartzeak ezagutzea eskatzen eban. Azkenean informazino-eskaera biei erantzun jaken. Batzordeak beste erreklamazino bat artxibau eban, kasu horretan Iraunkortasunaren eta Ingurune Naturalaren sailari zuzendutakoa, orkatzaren eta basurdearen inguruko azterlan bati buruzko informazinoa emotearen inguruan. Horrek hasiera batean erreklamazino-idazki bat erregistretera bultzatu eban eskatzailea.

Barrenak azaldu dauenez badago “behin eta barriro” agertzen dan gai bat, Bilbotik Gasteizerako errepideko garraioa egiten dauen enpresaren inguruko kexea. Batzordeak ez eban erreklamazino hori onartu, uriburu bien arteko unibersidadeko bidaiari-zerbitzuaren informazinoa sarean publikoa zala baieztu ostean.

Juan Otermin bozeroale sozialistaren esanetan, Batzar Nagusietako taldeek eskertu egin dabe batzordearen lana, “eraginkortasun maila handia” erakusten dauelako. Txostenean jasotako informazinoaren tratamentua “zorrotza eta arduratsua” da, Celia Gómez jeltzaleak gaineratu dauenez.

Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, barriz, gardentasuna sustatzen dauen tresna hori zabaltzeko kanpainea egiteko eskatu deutsie Aldundiari, datuek erakusten dabenez, ez dalako “oso ezaguna”.

Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen galderei erantzunez, Barrenak gogorarazo dau ebazpen “guztiak” jente guztiaren esku dagozala Aldundiaren webgunean.