Aurreko Albisteak

GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BATEN LANDAKETEA PORTUGALETEN, HIRIBILDUAREN FUNDAZINOAREN 700. URTEURRENA OSPATZEKO

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea, Portugaleteren 700. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan Gernikako bonbardaketatik bizirik urten eban zugatzaren ondorengoaren landaketan egon dira

(Portugaleten, 2022ko zezeilaren 24an). Portugaletek 700 urteko historia ospatuko dau aurton. Hiribildurako eta Ezkerralde osoarako funtsezkoa dan gertaera hori gogorarazoteko, Udalak, Bizkaiko Batzar Nagusien oneretxiagaz, Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatzea erabagi dau. Landaketaren ekitaldia Santa Klara kultur Etxeko lorategietan egin da gaur, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea bertan zirala.

Bere garaian Bizkaiko Anderea izan zan Maria Diaz de Harok orain dala zazpi gizaldi sortu eban Portugaleteko Hiribildu Noblea. Ezkerraldeko hiribildu bakarraren oroitzapenen albumak, oroitzapenerako beste une bat izango dau gaurtik aurrera. Orain dala 25 urte Udalak moja klaratarrei erositako Santa Klara zentroa herritarrentzako topaleku bihurtu da eta ohorezko lekua izango dau Bizkaiko Batzar Nagusien Gernikako Arbolaren oinordekoen erregistro ofizialean. 10 urteko haretx gaztea bost kontinenteetan zehar sustraiak bota dituen Gernikako Arbolaren 400 ondorengoei gehitu behar jake. Horreetako heren bat inguru Bizkaian dago.

Bizkaiko parlamentuko lehendakariak une hori “justizia” egiteko baliau dau, emakumeek Bizkaiko oparotasunean bete eben lekua aldarrikatzeko; izan be, María Díaz de Harok sortu ebazan 1322an Portugalete, 1325ean Lekeitio eta 1327an Ondarroa; eta 1327an Bilboko Hiri Gutuna berretsi eban. Ikertzaileren batek Bilboko Hiribildua benetan berak sortu ebala be esaten dau. “Persona ona izateaz gain, oso azkarra be bazan, eta halan erakutsi eban Bizkaiko Andere izan zan garaian, Bizkaiko interesen alde burrukatu zalako, baita Gaztelako erregeen kontra be”, gogorarazo dau Otaduik.

Landaketa honegaz, “emakume handi” horren irudia balioesten da. “Ona” izenagaz ezagutzen zan emakumeak “asaldura, azpijoko eta barne-burruka handiko garai gorabeheratsua bizi izan eban. Emakumea izateagaitik Jaurerria kendu eutsen, eta ez behin, birritan baino; eta bere familiari, Diego Lopez de Haro osabari, be gailendu behar izan jakon”, Batzar Nagusietako lehendakariak azaldu dauenez. Zazpi mende igaro dira “Bizkaiko historian, kulturan eta gizartean emakumeek egindako ekarpena autortzeko” Otaduik azaleratu gura izan dituan sexuen arteko gorabehera horreetatik. Egiteko horretan Batzar Nagusietako talde guztiak dagoz konprometituta.

Gaur Portugaleten landatu dan Gernikako Arbolaren ondorengo barriak are gehiago hedatuko dau Euskal Herriaren eskubide historikoakaz, askatasunakaz, demokraziagaz eta bake-irrikagaz lotuta doan leinu horren karga sinboliko handia. Gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusiek “emakumeen ahalduntze kolektibo eta sozialaren arloan behar egiteko” hartutako konpromisoa islatzen dau.

Haretx gaztearen landaketa ekitaldiak herriko ordezkari askoren arretea bereganatu dau. Batzar Nagusietako lehendakariaz eta Portugaleteko alkateaz gain, udalbatzako kide batzuk, 700eko Kontsejuko kideak eta herritarrak be egon dira bertan. Guztiek bota ahal izan ditue lur-palakadak haretx gaztearen inguruan, susterrak ondo finkatu daizan, Batzar Nagusiek benetakotasun-ziurtagiria emoteko ekitaldiaren lekuko izan ostean. Agiri horrek egiaztetan dau alea Gernikako Arbolaren ondorengoa dala.