Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak 472,5 milioi erreserbau ditu Gizarte Ongizaterako eta 245 milioi ekonomiaren sustapenerako eta errepideetarako
Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen foru diputatu Imanol Pradalesek gaur goizean aurkeztu ditu 2016ko Bizkaiko aurrekontuen proiektua kontuan izanda berak zuzentzen dauen sailak erabiliko dituan egitasmoak, programak eta partidak. Pradalesek 245 milioi euroko zenbatekoa eukiko dau –beharginen gastuak kontau barik–. Gastu bolumenari jagokonez Foru Aldundian bigarrena dan sailak hiru lehentasun izango ditu: “Ekonomia berreskuratzea, lurraldearen orekea lortzea eta Lurraldeko bide sarea hobetzea”. Halanda be, Gizarte Ekintzara bideratutako 472,5 milioietatik urrun geratuko da.
Bide azpiegituren garapenean, gastuaren hiru fronte nagusiak, 24,23 milioi euro beharko dituan Gerediaga-Elorrio autobia amaitzean, 25 milioi euroko aurrekontua izango dauen Ermuko Saihesbidearen beharrakaz jarraitzean, eta 29 erreserbauta dituan Autzaganeko lanei barriro ekitean zentrauko dira.
Inbertsinoaren beste moltso handia errepideen kontserbazinora bideratuko da, eta horretara 43 milioi zuzenduko dira. Datorren urteari jagokonez, “apiriletik aurrera”, Aldundiak 1., 2. eta 3. guneetako mantentze lanen kontratuak barriztauko ditu, “Lurraldeko txikienak”, Pradalesek esan dauenez, eta horreen gastu aurreikuspena 16,8 milioi eurokoa izango da.
Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen Sailak tajo barriak hasiko ditu Derion 2016an, Txorierrigaz egin behar dan lotunearen barriztetea hasteko, 3,92 milioi euro ordainduz. Horrez gain, hainbat hobekuntza lan egingo dira BI-623 errepidean Durangon eta BI-3602 errepidean Zallan. Arenako bide-zubia barriztetako lanen hasierak milioi bi eroango ditu, eta Santo Domingoko Gaineko errepidearen segurtasunean egin behar diran hobekuntzak, barriz, 1,5 milioi.
Errepideen II. Lurralde Sektore Planak bere bidea hasiko dau, horretarako 260.000 euro gorde diralako. Azpimarratzekoa da, baita be, Bidesarea Plana martxan jarriko dala. Lehenengo urtean 6 milioi euroko inbertsino publikoa aurreikusten da Bizkaiko eskualde guztietako errepide sarearen hobekuntza ekarriko daben lanak egiteko.
Pradalesek beste gastu partida batzuk be azpimarratu ditu, ezpondetarako dagozan 610.000 euroak, motozaleentzako babes sistemen hedapena edo, material barriak sartzeko barrikuntzari emongo jakon bultzadea. Azken horretara 170.000 euro zuzenduko dira. 490.000 euro egongo dira semaforoak barriztetako eta 3 milioi argiztapen publikorako.
Foru Aldundiak 80 milioi euro erreserbau ditu Interbiaken kapitala handitzeko. Kapital handitze horren barruan aurretik aitatutako hainbat bide proiektu eta errepideei buruzko azterlan batzuetarako 750.000 euro jasoten dira. Milioi bat euro desjabetzeak egiteko erabiliko dira, eta 650.000 euro A-8 eta AP-68 autobideen ordainketa sistemak diruz laguntzeko.
ENPRESA SUSTAPENA
Ekintzaletzaren eta enpresa sustapenaren atalean, Aldundiak 2,5 milioi gastauko ditu enpresa barritzaileen sorkuntzea sustatzeko, beste 1,8 milioi industria sortzaileetarako eta 930.000 euro enpresen haztegiak laguntzeko. Arlo horretan, sailak, 850.000 euroko zenbatekoa izango dauen ekimen “barritzailea” jarriko dau martxan eskualdeetan. Atal horretan bertan, Pradalesek “startup” izenekoetarako dagozan 250.000 euroak be azpimarratu ditu, kultura zientifikoari laguntzeko 115.000 euroak, eta merkataritzan prozesu barritzaileei eusteko 750.000 euroak.
Industriako azpiegituren atalean, Foru Aldundiak 17,5 milioi erreserbauko ditu BEC-erako, 1,75 milioi Azpiegiturarako, eta 350.000 euro “elkartegietarako”. Pradalesek adierazo dauenez, holango beste zentro bat hasiko da eregiten Gernikan.
Barrikuntzara zuzendutako programan, diputatuak azpimarratu dauenez, barritasun nagusia barrikuntzari, inbertsinoari eta nazinoartekotzeari laguntzeko “3i proiektua” izango da, eta bertara 1,75 milioi bideratuko dira. Lankidetzarako Elkarlanean egitasmoak 1,2 milioi eroango ditu, eta Energy Intelligence Center (EIC) izenekoak 300.000 euro. Ganera, 4,5 milioi enpresa txikien eta ertainen industriako produktura, prozesura, kudeaketara eta beharginetara zuzenduko dira; 2,7 milioi autonomoen eta enpresa txikien eta ertainen artean barrikuntza sustatzeko erabiliko dira; 2 milioi proiektu estrategikoetarako fondo baterako; eta 5,5 milioi Automotive Intelligence Center (AIC) izenekoaren 2. eta 3. faseetarako.
Nazinoartekotzeari eta talentuari laguntzeari jagokonez, sailak 3,25 milioi euro erreserbauko ditu enpresa txiki eta ertainetarako, eta 2,6 milioi talentuaren sustapenerako eta bikaintasunerako. Arlo horretan, Nazinoarteko Partzuergoak bultzatzeko programa barria jarriko da martxan, eta 1,2 milioi zuzenduko dira bertara.
Lurraldearen kanpoko sustapenari eta turismoaren sektoreari laguntzeari jagokonez, Bizkaiak nazinoarteko sustapenaren aldeko apustuagaz jarraituko dau, 2,21 milioigaz. Kopuru horretan ez da jasoten Washingtonen 550.000 euroren truke egingo dan sustapenerako ekimen berezia. Ganera, atal horretako beste jarduketa batzuen artean turismoaren industriari emongo jakon laguntzea (800.000 euro), Lurraldeko eragileakaz batera turismoa finkatzeko eta sustatzeko egingo diran jarduketak (700.000 euro), Bilbao-Bizkaia markari emongo jakon bultzadea (500.000 euro), eta BIME jaialdiari emongo jakon laguntzea (550.000 euro) egongo dira.
GIZARTE EKINTZAK ALDUNDIAREN AURREKONTU OSOAREN %40 EROANGO DAU
Imanol Pradalesek erakutsi dauen zifra segidagaz jarraituz, haren ostean Gizarte Ekintzako Isabel Sánchez Robles diputatu andreak gogoratu dau 2016an bere sailak 472,5 milioi euroko aurrekontua izango dauela, Foru Aldundiko handiena, Aldundiaren aurrekontu osoaren %40a, hain zuzen be. 2015. urteagaz alderatuta, sailaren hazkundea “%2,41ekoa” izango da. Pertsonei emoten jaken lehentasun horren helburua, “modu eta epe egokietan Mendekotasunaren Legean aurreikusten diran konpromisoak betetea eta bizitzeko proiektu guztiek euren lekua izango daben Bizkaia integratzaileagorantz eta inklusiboagorantz aurrera egitea da”, adierazo dau Roblesek. Aurrekontuak bat egiten dau Foru Aldundiak “inor atzean ez izteko” daukan lehentasunagaz.
Lehenengo gastu moltso handia GUFEk eroango dau. Erakunde horren aurrekontua %0,67 handituko da, 98,68 milioi eurotara heldu arte. Bizkaiko Tutoretza Erakundeak 2,78 milioi euro eroango ditu, eta horreetatik “60.000 euro” inbertsinoei ekiteko izango dira.
Gero eta biztanle nagusi gehiago dagozala kontuan izanda, Gizarte Ekintzak 172,67 milioi euro, igaz baino ia 4 milioi euro gehiago, bideratuko ditu pertsona nagusientzat. Beste 160 plaza sortuko dira. Roblesek iragarri dauenez, “2016ko bigarren erdialdean” 140 plaza izango dituan Zorrotzako eguneko zentroa zabalduko da. Aldundiaren esku dagozan 14 egoitzek 1.557 plaza izango ditue, eta kontzertautako 2.593 plazei gehituko jakez.
2016an bere horretan jarraituko dau urritasunak dituen pertsonentzako aurrekontuak (64,82 milioi). 1.306 plaza egongo dira eguneko arreta zentroetan.
Gehien handituko dan programetako bat umeei zuzendutakoa izango da. 6,88 milioiek %6,92ko hazkundea ekarriko dabe, eta babes barik dagozan adin txikikoak egoera horretatik aterateko burrukara zuzenduko dira. Erakundeen jarduketen eta gizarte proiektuen programaren barruan 1,57 milioi euro zuzenduko dira kongresuetara, ekitaldietara eta guneen alokairura, beste batzuen artean. Balorazino eta orientazino zerbitzuak 3,19 milioi eroango ditu (+%1,28). Kontratuek, balorazinoetan itxaron beharreko epeak murrizteko joera erakutsiko dabe.
Bukaerarako, diputatu andreak Mendekotasunerako prestazinoek eta diru-laguntzek jasoten daben gastu bolumena itzi dau. 114 milioi hartuko ditue. Sailak gastauko dituan lau eurotik bat Zainduz programan, gizarte zerbitzuen ez ohiko funts barrian (1.517.000 euro), diru-laguntzetan, urritasuna, gortasuna edo buruko paralisia daben pertsonentzako, autistentzako, adimen urritasuna eta urritasun fisikoa daukienentzako, zeliakoentzako eta buruko gaixoentzako aisia eta denpora libre programatan gastauko da. Laguntza horreetan dagoz sartuta, baita, zentro okupazionalei (Lantegi Batuak, Usoa…), bizitza independeterako laguntza programeari (590.000 euro) eta nasaitasun edo arreta goiztiarreko programei (3 milioi euro) emoten jaken laguntzea. 114 milioi horreetako ia erdia –54,3 milioi– familia ingurunean emongo diran zainketetarako gordeko dira, Mendekotasun Legearen jatorrizko egutegia osatuz.