Aldundiko arduradunak euren sailen programak eta aurrekontuak zehazten hasi dira Batzar Nagusietan
Aurrekontua azaltzeko txandea zabaldu dauen lehenengoa Ogasun eta Finantzetako arduraduna izan da. Bere agerraldiaz baliauta, beste ezer baino lehen 2016ko Bizkaiko Foru Aldundiaren Aurrekontuen proiektu orokorra aurkeztu dau. Joan dan urriaren 30ean erregistrau zan Bizkaiko Batzarretan, eta 7.437.777.568 eurokoa izango da (aurtengoa baino %2,6 gehiago). Iruarrizagak gogoratu dauenez, Sailek 1.178,2 milioi euro izango ditue, %2,4 gehiago, datorren urtean euren jarduketak gauzatu ahal izateko.
Zenbateko horretatik, Ogasun eta Finantzetako Sailak “126,5 milioi euro” erreserbauko ditu, eta horreetatik beharginen gastuak (66 milioi euro) eta batez be Lantikera bideratuko dan gastu informatikoak (31 milioi) ordainketaren “%70” hartuko dabe. Iruarrizagak zuzentzen dauen saileko gastuetan etenbako eguneratzeak eta hobekuntza informatikoak oso garrantzi handia hartzen dabe. Lantiken “host”-aren mantentze lanak, berak bakarrik, “14 milioi euro” hartuko ditu. Beste “100.000 euro” ekipo informatiko barriak erosteko erreserbauko dira.
Itaunen eta erantzunen txandan, diputatuak “ez dagoala Lantiken alternatibarik” erantzun deutso Podemos Bizkaia taldeari. Lantik, Bizkaiko Ogasunari euskarri teknologikoa emoteaz arduratzen dan soziedade informatiko publikoa da. Iruarrizagak adierazo dauenez, soziedade horrek “256.000 ordu” emon ebazan garapen informatikoetan, eta horrek “16,9 milioi euroko” ordainketea eragin eban.
Sail horren barrikuntzen artean, Iruarrizagak, Kaputxinoetan dagoan egoitzea zaharbarritzeko obren lehenengo faseari ekiteko partidea azpimarratu dau. Horren kostua 3,3 milioi eurokoa izango da. Diputatuak adierazo dauenez, bi solairutan dagozan “17.000 metro karratuen” barriztatze lanak “hainbat urtetan” egingo dira. Beste alde batetik, Artxandako jolas parkea eraisteko bideratuko dan “1,6 milioi euroko” beste partida bat be azpimarratu behar da.
Herritarrekaz izan beharreko komunikazinoaren arloari jagokonez, sailak “241.000 euro” izango ditu denporan zehar jarraitzen daben publizidade kanpaina bietan sakontzeko. Kanpaina horreek Errenta eta Ondarea eta iruzur fiskalaren kontrako burrukaren ganeko kanpainak dira.
Katastroaren arloan, Iruarrizagak esan dau “500.000 euro” dagozala erreserbauta posta gastuetarako katastroa barriztetako prozesuaren barruan eta, arlo horretan, “50.000 euroko” beste partida bat erreserbau dala Basauriko Udalagaz hitzarmen bat ezarteko.
EH Bilduri erantzunez, diputatuak esan dau Aldundiaren aurreikuspenak kontuan izanda, 2016. urtean “50 milioi euroko” gastuari egin beharko jakola aurre, Ez Egoiliarren Zergaren “aktak” dirala eta aurton jaso dan ebazpenaren ondorioz.
HERRI ADMINISTRAZIORAKO ETA ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILAK 41 MILIOI IZANGO DITU
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru sailak “41.368.000 euroko" aurrekontua izango dau 2016an (beharginen gastuak aparte), hau da, igaz baino %11 gehiago. Kopuru hori bost lehentasun betetera egongo da bideratuta: Foru administrazinoaren modernizazinoa –lehenengo pausuak emongo dira, Ibone Bengoetxea diputatu andreak esan dauenez–, Udalei emon beharreko laguntzea, herritarrentzako zerbitzuak, gizarte partaidetzako ekimenak eta Bizkairen nazinoarteko proiekzinoa. Kopuru horren “%40” inbertsinoetara bideratuko da.
Erakunde osoko beharginen atalean, ordainketei jagokenez, aurreikuspenak beteten badira, 2016. urterako “gehieneko hazkundea %1ekoa” izango dala esan dau Bengoetxeak, eta produktibidadea dala eta ordainketa bat aurreikusita dagoala. “850.000 euro” erreserbauko dira beharginek eskatutako “aurrerakinei” erantzuteko, eta beste “380.000 euro” Aldundiko beharginen garraio gastuak ordaintzeko. Aldundiko beharginek opari moduan erloju bat jasoten jarraituko dabe erretiretan diranean, baina erlojuak diseinu barria izango dau. Bere sailean funtzionarioen “3 plaza” amortizauko dirala esan dau.
Datorren urterako barrikuntzen artean, 2016. urtearen bukaeran erakundearen bekak eta laguntzak aztertzen lagunduko dauen tresna bat martxan jartea dago aurreikusita, atal hori “errazionalizetako” eta “zentralizetako”. Datorren urtean hasiko dira programa hori diseinetako beharrak, “100.000 euroko” partideagaz.
Herri Administrazinoaren aurrekontuaren barruan, beste gauza batzuen artean egoitza elektronikoa garatzeko, interoperabilidadea bultzatzeko eta artxibategi elektronikoa martxan jarteko erabiliko diran 10.150.000 euroak azpimarratu behar dira.
Suak itzaltzeko eta Salbamenduko Zerbitzuari jagokonez, bere aurrekontua “630.000 euro” handituko da, 3 milioi euro baino zeozer gehiagora ailegetako, beste gauza batzuen artean Markinako parkea barriztetako eta Gernikako eta Balmasedako parkeak lekuz aldatzeko lurzorua erosteko. Puntu horretan, diputatuak esan dau udalerri horreekaz berbetan ari dirala, lurrak lagateko aukerea aztertzeko, leku aldaketa hori errazteko. Halanda be, “433.000 euro” gorde dira lurra erosteko. Beste “350.000 euro” zisterna-ibilgailu bat erosteko erabiliko dira.
Aurrekontuan behera egingo dauen arlo bat Aldundiko parke mobikorrera zuzendutako partidea da, %12, “ia 225.000 euro gitxiago”. “Ez da ibilgailurik erosiko”, esan dau Bengoetxeak; erreserbauko dan bakarra “50.000 euroko” partidea izango da, ezustekoetarako.
Komunikazino eta kanpo harremanen gastuek be %16,4ko jatsierea izango dabe aurreko ekitaldiagaz alderatuta. Aholkularitza juridikorako eta foru moldiztegirako partidek 2015ean jaso eben diru kopuru beragaz jarraituko dabe. Aldundiak aurreikusi dauenez, “525.000 euro” gastauko dira prokuradoreetan eta abogaduetan.
Udalen finantziazinoari jagokonez, eta bere sailaren gastutik kanpora, Bengoetxeak udalerrien finantzaketa beharrak betetera zuzendutako aurrekontua aitatu dau. “824 milioi euro” banatuko dira Udalkutxaren bitartez, “13,3 milioi” Gizartekutxatik ailegauko dira, eta beste “4 milioi euro” egongo dira mendekotasun legea beteteko.
51,4 MILIOI ENPLEGU, GIZARTERATZE ETA BERDINTASUN SAILERAKO
Teresa Laespadak zuzentzen dauen sailak "51.415.000 euro" izango ditu, hau da, igaz baino “%3,28” gehiago, beharginen gastua kontau barik, inor ez daiten “baztertuta edo kanporatuta” geratu Bizkaian.
Holan, “ezarri gura doguzan politiken argazkia” ardatz nagusi biren bitartez mobiduko da: gizarteratzerako programak eta enplegua sustatzeko programak. Lehenengora “18.081.000 euro” zuzenduko dira, hau da, Sailaren aurrekontu osoaren %36,2. Arlo horretan, Laespadak garrantzi handia emon deutso gizonen eta emakumeen arteko aukera bardintasunerako burrukari. Horretarako zuzendu diran “832.000 euroak”, datorren urtean Bardintasunerako Foru Araua onesteko balio izatea aurreikusten dau.
Sailaren beste apustu handia enplegu politikak izango dira. Horreen aurrekontua “17.847.000 eurotara” helduko da, eta arlo horretan, Lurraldean “aurrekaria” izango dan esperientzia bultzatu gura dabe, “enplegu lantzaderak”. DEMA soziedade publikoari agindu jakon eginbehar horrek finantziazino pribadua izatea aurreikusten da.
Horren ostean, Laespadak Emakumea eta Familia (6.290.000 euro) eta Aniztasuna eta Lankidetza programak aitatu ditu bere lehentasunen artean. Hori kontuetan islatuta dago, bakotxak bere sailaren %12 hartzen dau eta. Horri jagokonez, Garapenari Laguntzeko inbertsinoak, 2015eko “%0,41etik” 2016ko “%0,48ra” igoko dirala esan dau, hau da, 2016an “5,62 milioi euro” bideratuko dira, eta %0,7ra heltzeko helburutik “gertuago” egongo gara.
Beste alde batetik, diputatu andreak esan dau partida “orokor” bat erreserbauko dala gerra dala eta leku batetik bestera joan behar daben errefuxiatuen beharrei erantzun ahal izateko, eta beste bat langabezian dagozan “100 gazteren” kontratazinoa bultzatzeko.