Horma pinturak Abellanedan

Bizkaiko Batzar Nagusien Abellanedako batzarretxean dagoan Enkarterrietako Museoak abuztuaren 31ra arte luzatu dau "Horma pintura Enkarterrin, 1450-1950" izenburuko erakusketea. Erakusketa hori Museoko teknikariek azken urteotan egindako ikerketa-lanaren emaitza da, eta eskualdean azken bost mendeetan egindako horma pinturaren parte handia biltzen da bertan.
Gorago aitatutako ikerketa-lana aspaldi hasi zan Sopuertako Olabarrietako Santa Cruz eleizako horma pinturekin. Eleiza hori oso egoera txarrean egoan eta bertan egozan pinturak barriztatu egin ziran Bizkaiko Batzar Nagusien finantziazinoagaz. Gaur egun, Museoan dagoz ikusgai.
Kontuan izan behar dogu horma pinturearena arterik eta ahaztuena dogula Euskadin. Gaur egun gure lurraldean ikusten ditugun eleiza eta ermita askok eta askok hormak margoztuta eukiezan, batzuetan apainketa-lan hutsakaz, baina beste batzuetan —batez be gotiko berantiarrean eta errenazimendu garaian, hau da, 1450etik 1600era bitartean— edukin erlijiosokoak ziran. Gehien-gehienak desagertu egin dira, galdu egin ziralako edo eleizetako eta jauregitetako hormek gaur egun erakusten daben igeltsuzko luzituaren azpian geratu ziralako.
Erakusketeak ondare garrantzitsu hori —holako zenbait oraintsu aurkitu dira— nabarmendu gura dau, askotan ez dagoalako ikusteko moduan, jenderik gehiena bizi dan lekuetatik urrin egoteagaitik edo normalean jendearentzat itxita egoten diran eleiza eta ermitetan egoteagaitik.
Erakusketan erresoluzino handiko argazki erraldoiak dagoz, eta argibide-peanak horreen ondoan, eta bideo bi (bata Olabarrietako horma pinturen barriztatze-lanei buruzkoa eta beste bat gainontzeko horma pinturei buruzkoa). Horreez gainera, horma pintura original bat be badago, Olabarrietako Santa Cruz eleizakoa hain zuzen be.
Horma pintura aitagarriak:
· Zaharrenak, guk dakigula, Abandoko Santa Juliana eleizan dagoz, Gallartatik hur. Garai ezbardinetako pinturak dagoz bertan, zaharrenak 1450. urtearen ingurukoak.
· Errenazimendu garaiko (XVI. mendea) zenbait adibide daukagu Biañezeko San Andresen (Karrantzan), Zariketeko San Pedron (Zallan) edo Irauregiko San Antolinen (Alonsotegin).
· Barrokoak (XVII-XVIII. mendekoak) be badagoz Okendo Goikoako jauregian, Muskizeko San Julian eleizan eta Balmasedako Santa Klara komentuan, besteak beste
XIX. mendearen azkenaldekoak dira, esate baterako, Gueñeseko La Kuadrako 19. zenbakidun etxeko horma pinturak, eta XX. mendeko lehen erdialdekoak, Sopuertako Hierro-San Martín jauregikoak, Barakaldoko San Jose eta Jesusen Bihotzeko eleizetakoak eta Santa Agueda ermitakoak, azken hori be Barakaldokoa.