Aurreko Albisteak

Bizkaiko neguko errepide planak edurra kentzeko 74 makina eta 356 pertsona jarriko ditu martxan

Batzordea

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatu jauna Batzar Nagusietara joan da gaur, PP-k eskatuta, Bizkaiko errepideetako Bide Segurtasun Plana zehazteko. Joan dan domekan, zemendiaren 1ean, indarrean sartu zan eta apirilaren 30era arte aktibo jarraituko dauen zerbitzu bereziak, behar gehien dagoanean edurra kentzeko 74 makina –igaz baino hiru gehiago–, 9.290 gatz tona eta 200 metro kubiko gatzur erabili ahal izango ditu, eta gidarien, laguntzaileen, zaindarien eta beharginen artean, 356 pertsona arituko dira, Aldundiaren beharginen eta errepideetako kontserbazinoan aritzen diran enpresetako beharginen artean.

Bizkaiko Batzarretako Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko batzordean Pradalesek Lurraldeko errepideak bananduta dagozan hiru lehentasun mailak azaldu ditu. Edurra edo izotza dirala eta arazoak sortzen dituan egoera meteorologikoa gertatzen bada, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz eta udalakaz koordinautako plan horretan oinarrituta, aitatutako plana aktibauko dau, lehenengo unean sare nagusiko 9 errepide garbitzeko, A-8a, AP-8a (Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra eta Ermuraino doan Bizkaiko zatia), N-637 eta N-240 errepide nazionalak, Santo Domingoko gaina eta aireporturako, “superporturako” eta ospitaleetarako sarbideak.

Bigarren lehentasun mailan Lurraldeko beste 19 errepide dagoz, eta horreen artean Avanzada, Enekuriko, Urkiolako, Artebakarrako, Autzaganeko, Kanpazarko edo Trabakuako gainak, eta Gernika-Bermeo edo Bilbo-Balmaseda errepideak, beste batzuen artean. Eta beste 18 errepidetan lehenengo bi taldeetako mobikortasuna bermatuta dagoanean jardungo da. Eta horreen guztien ostean beste errepide batzuk egongo litzatekez, Ballontiko ardatza, Unbeko errepidea, Unibersidaderako sarbidea edo Sollubetik doan Mungia-Bermeo errepidea, beste batzuen artean. Igazko neguan “6.800 gatz tona eta 243 metro kubiko gatzur erabili”, eta "3.149.000 euro" inbertidu ziran.

Aurtengo neguari begira, Foru Aldundiak “hobakuntza” batzuk jarriko ditu martxan, metaketa instalazinoak itxiko ditu, lapurretarik egon ez daiten, eta igaz Bizkaiko errepideak garbitu ebezan 71 makinei gehituko jakezan edurra kentzeko beste hiru makina erosi ditu.

Bukatzeko, Aldundiak hainbat aholku emon deutsez herritarrei, hotza, edurra eta izotza dagoanerako. Holan, gomendagarria da errepideen egoereari buruzko informazinoa jasotea urten aurretik, egoera musturrekoa danean ez bidaiatzea eta garraio publikoa erabiltea. Norberaren ibilgailuan bidaiatzea derrigorrezkoa bada, Pradalesek azpimarratu dau beharrezkoa dala ibilgailuaren egoerea aztertzea (balaztak, pneumatikoak…), astiro ibiltzea, beste ibilgailu batzuekaz gorde beharreko segurtasun tartea zaintzea eta ibilgailuan kateak eroatea, segurtasuneko agenteek agintzen dabenean jarri ahal izateko.


EZ DA ONARTU BIZIKLETEN FORU ALOKAIRUA

Saio berean, PP taldeak, Bizkaiko Batzar Nagusiek “6 hilebeteko epean”, “lurraldearteko alokairuzko bizikleta-zerbitzu propioa ezarteari edo udalerrien artean bizikletak erabilteko txartela sortzeari” buruzko azterlana aurkezteko Foru Aldundiari eskaerea egin deioen Arauz Besteko Proposamena defendidu dau. Ekimena ez da onartu, EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos Bizkaia taldeen kontrako 9 botoakaz eta PP eta EH Bilduren aldeko 4akaz.

Jesús Isasi popularrak adierazo dauenez, bere proposamena bat dator txirrindularitza planaren helburuakaz eta sailaren 2016ko aurrekontu partidaren memoriagaz. Esan dauenez, memoria horretan bizikletea ibilgailu pribaduaren “alternatiba” moduan sartzen da, Bilbo Metropolitarrean, batez be.

Popularren ekimenak EH Bilduren babesa baino ez dau jaso. Talde horren eretxiz, beharrezkoa da, baita be, bizikletak garraiobide moduan beteten dauen egoerearen “argazki orokorra” izatea. Dana dala, Zigor Isuskizak esan dau azterlana Aldundiko teknikariek eurek egin daikiela, gastu gehiagotan ez sartzeko.

Kostuaren gaia izan da, hain zuzen be, Podemos Bizkaiak ekimenaren alde agertzeko erabili dauen errazoia. Talde horren eretxiz, azterlana “ez da garrantzitsua”, euren ustez, Aldundiak iragarri dituan eskualdeetako bulegoetan martxan jarri daitekean bizikleten alokairurako foru sistemea martxan jarteko “behar besteko eskaerea” dagoalako. “Borondate politiko kontua da”, esan dau Neskutz Rodríguezek.

Joaquín Colmenerok (PSE-EE) be kostua erabili dau PP-ren proposamenari ezetz esateko, baina Podemosek ez bezela, uste dau “ez dagoala behar besteko eskaerarik”. Euzko Abertzaleak taldea be bat etorri da eretxi horregaz, eta eztabaidan datu batzuk aurkeztu ditu.

EAJ-PNV-ko Irene Edesak Bizkaian kirol txirrindularitzarako dagoan zaletasun handia azpimarratu dau “hamar familiatatik zazpik bizikleta daukiela etxean”, baina datu hori ez dala islatzen bizikleta garraiobide moduan erabilteko orduan. “%88k” kirol helburuetarako erabilten dabe, eta “%4,3k” baino ez dabe erabilten eguneroko joan-etorrietarako. Ganera, joan-etorri horreek “laburrak” izaten dira, eta hori ez dator bat udalerrien arteko zerbitzua martxan jarteagaz. “Garrantzitsuena eskaerea da, eta ez dogu bideragarri ikusten”, esan dau.

Batzordekide jeltzaleak esan dau bizikleteak “lehiakortasuna” galtzen dauela “7,5 kilometrotik gorako” distantziak diranean. EH Bilduk kritikau egin dau puntu hori. Koalizino abertzalearen eretxiz gai hori erabilgarritasun publikoko gai moduan landu behar da. EAJ-PNV-ren eretxiz bizikleten foru alokairuaren kontra doan beste puntu bat, orain arte indarrean jarri diran sistemen “bateraezintasuna” da. Erandioko eta Barakaldoko sistemea “eskukoa, manuala” dan bitartean, Leioan, Getxon edo Bilbon bilketa “automatikoaren” aldeko apustua egin dabe, esan dau Edesak.