Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek bihar hasiko ditue 2016ko aurrekontuen proiektuaren informazino batzordeak

batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek bihar, eguaztenean, zemendiaren 4an, hasiko ditue datorren astelehenera arte, zemendiaren 9ra arte, luzatuko diran saioak, 2016ko Aurrekontuen Proiektuan Bizkaiko Foru Aldundiko Sail bakotxari jagokozan kontuen barri emoteko. Foru diputatuak, bakotxa bere aldetik, batzordearen aurrean agertuko dira, joan dan urriaren 30ean Bizkaiko Batzarretan erregistrau ziran kontuetan oinarrituta batzarretako taldeei euren sailen jarduketa ildoak azaltzeko. Saio horreek, Bizkaiko Batzarretako Mahaiak ostean zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia zabaldu daian emon beharreko pausua izango dira.

Aldundiko arduradunen batzorderatzeen ordena hemen adierazoten dan moduan ezarri da:

Eguaztena, zemendiaren 4a
09:00etan. Ogasuna eta Finantzak
- 11:00etan. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saila
- 13.00etan. Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna

Eguena, zemendiaren 5a
- 09:00etan. Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapena
- 11:30etan. Gizarte Ekintza

Barikua, zemendiaren 6a
- 09:00etan. Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa

Astelehena, zemendiaren 9a
- 09:00etan. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala
- 11:00etan. Euskera eta Kultura

Bilbon dagoan Batzar Nagusietako egoitzan egingo diran saio horreen ostean, Bizkaiko Batzarretako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dau (15 egunekoa). Zuzenketa-eskeak aztertu eta gero, Gernikan egingo dan lehenengo osoko batzarra deituko da, testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar horren ostean, eta beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak eztabaidatuko dira batzordean. Eta Bizkaiko kontuen Batzarretako izapidetzea abenduaren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko batzar bategaz.