Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Foru goi karguei ordaintzen jakezan kalte-ordainak kentzea onartu dabe batzordean

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak, beste kargu batzuen artean Ahaldun Nagusiaren, Diputatuen eta Zuzendarien ordainketak arautzen dituan 4/1989 foru arauaren aldaketea onartu dau gaur goizean. Aldaketa nagusia, zesantiak izenekoakaz dago erlazionauta. 5. artikulu barriaren idazketak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko ditu arduradun horreek, langabeziagaitiko kontingentziaren kotizazinoa barru, eta horrek ordeztu egingo dau orain arte postua itzi eta langabezian geratzen ziranean jasoten eben kalte-ordaina eta aldi baterako prestazino ekonomikoa. Arauaren aldaketa hori Batzarretako talde guztiek onartu dabe, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiak izan ezik.

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak Bizkaiko Batzarretara eroan dauen arau aldaketeak “garai barrietara egokitzea” dakar, orain arte indarrean egoan arauak ez ebalako aukerarik emoten Aldundiko karguek langabezia jasoteko eta Gizarte Segurantzan kotizetako. “Orain, beste edozein beharginek egiten dauen moduan, langabezia kobrauko dabe, kotizautako denporea kontuan izanda”, esan dau Bengoetxeak.

Indarrean sartu ahal izateko Osoko Batzarrak berretsi beharko dauen Foru Arau proiektuak bizitza arriskuak eta istripuak estalduko dituan asegurua be araupetuko dau, Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek dituen baldintza berberakaz. Podemos Bizkaia eta EH Bildu puntu horren kontra agertu dira. Zuzenketa-eske baten bidez, koalizino abertzaleak eskaerea egin dau, aseguruen erreferentzia Aldundiko beharginak izan daitezan, eta ez Batzar Nagusietako kideak. Euren botoakaz, EAJ-PNVk eta PSEk atzera bota dabe aldaketa hori, euren ustez Aldundiak ekarri dauen Foru Arauaren testua “ondo erreferentziauta” dagoalako, Aldundiko eta Batzarretako beharginen baldintzak berberak diralako. Erakunde biak “parekatuta dagoz”, esan dau Jon Andoni Atutxa jeltzaleak.

EH Bilduk egindako proposamenari jarraituz, eta oraingo honetan aho batez, batzordeak onartu egin dau Foru Administrazinoko zuzenbide pribauko Soziedade eta Erakunde Publikoetako zuzendaritza taldeko kideen postuetarako pizgarriak kentzea. Gaur egun indarrean dagoan Foru Arauan jasoten dan ordainketarako irudia dan arren, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek esan dabenez “inoiz” ez da aplikau. “Argi geratu behar da ez gabilzala erabilten ari dan gauza bat kentzen”, argitu dau Alexia Castelo sozialistak.


AHALDUN NAGUSIAREN BATZORDERATZEA

Saio berean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak 2015eko urriaren 14an egindako bilerari buruzko informazinoa emon dau. Bertan, batez be, 2016ko ekitaldian Foru Aldundiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu gastuetarako egin beharko dituen ekarpenak ezarri ziran eta 2015ean erakunde komunek izandako gastuetan ekarpen horreen aurre-likidazinoak kalkulau ziran.

Holan, Rementeriak jakinarazo dau 2015erako aurreikusten dan diru-bilketea, Euskadiko Autonomia Erkidegoan, “%4,2” haziko dala, “hazkunde tasa garrantzitsua eta positiboa, baina aurrekontua beteteko beharrezkoa dana baino txikiagoa”. Bizkaian diru-sarrerak %2,8 haziko dira, igaz kalkulau zana baino hiru puntu eta hiru hamarreko gitxiago (%5,9). 2016. urterako dagoan aurrekontuen aurreikuspenari jagokonez, Euskadiko Administrazino guztien artean 13.500 milioi eurokoa izango da, aurreko urtean baino %3,1 gehiago. Bizkaiko aurrekontuen aurreikuspena 7.063,3 milioikoa izango da, “%2,7” gehiago, esan dau.

Ahaldun Nagusiak gogoratu dauenez, Bizkaian lortu dan diru-bilketa txikiagoak errazoi nagusi bi izan ditu: 2013. urteko Soziedadeen Zergaren 120 milioi euro itzultzeko kanpainan izandako atzerapena, eta Ez Egoiliarren Zerga dala eta Tributuen Agentziari itzulitako 73 milioi euroak.

Aldundi bakotxak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren aurrekontuei egin beharreko ekarpenak definitzen dituen koefiziente horizontalak zehazteari jagokonez, 2016. urtean Bizkaiak %50,64koa izango dau, 2015eko datua baino hamarreko bat gehiago. Gipuzkoak %32,98ko ekarpena egingo dau, eta Arabak %16,38koa. Ekarpenen kopuru osoa 9.102,8 milioi eurokoa izango da, eta horreetatik 4.609,7 milioik Bizkaitik urtengo dabe.

Itaunen txandan, batzarretako taldeak Aldundiaren politika fiskalari buruz eztabaidatzera mugatu dira ia-ia. PP-ren eretxiz, diru-bilketan izandako igoera hori herritarrei bideratu behar jake, zergak jatsiz, eta EH Bilduk eta Podemos Bizkaia taldeek uste dabe beharrezkoa dala politika fiskala be aldatzea, eredua jendearen beharretara egokitu daiten, eta “gehien daukienak gehiago ordaindu daien”. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeak, euren aldetik, 2015eko ekitaldia itxi arte itxaron behar dala esan dabe, joan dan agintaldian onartu zan erreforma fiskala ebaluau ahal izateko. “Ez dogu erreforma fiskal barririk aurreikusten”. “Ez igoerarik, ezta jatsierarik be”, asko jota “ikutu txiki batzuk”, baina beti be erreforma horren ondorioak egiaztatu eta gero, esan dau Jon Andoni Atutxak.


ERAKUNDEEN ARTEKO GIZARTE ZERBITZUEN FONDOA

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, Prestazinoen eta Gizarte Zerbitzuen Karterari buruzko dekretuaren barruan aho batez onartu dan eta udalen edo aldundien “proiektu barriak” finantzatzera bideratuko dan Fondoaren barri be emon dau Ahaldun Nagusiak. Fondo horrek “10 milioi euro” izango ditu 2016an, eta “20 milioi” 2017an. Eusko Jaurlaritzak jarriko dau fondoaren %70, eta ganerakoa Foru Aldundiek. Ehuneko horretan oinarrituta, Bizkaiak 1.517.174 euro jarri beharko ditu 2016. urtean.

EH Bilduri erantzunez, Rementeriak adierazo dau udalek, 2016an, “hilero-hilero”, itzuli beharko dituela Udalkutxa fondoan 2015erako kalkulau zana baino diru-bilketa txikiagoa dala eta itzuli beharreko 48 milioi euroak. Dana dala, behin betiko datua ez da datorren zezeilera arte ezagutuko, 2015eko ekitaldia likidau arte, hain zuzen be.


IDOKIKO ARDURADUNEN PRESENTZIA BATZORDEAN

Batzordeak onartu dau, baita be, PSE-EE taldeak egindako proposamena, IDOKI SCF TECHNOLOGIES enpresako zuzendaritza taldeko kide diran Nagore Ardanza eta lñaki Aramburu Batzar Nagusietara etorri daitezan eskatzeko, batzorde honetan bertan “euren enpresak jasotako diru-laguntza publikoen inguruko eta enpresa jardueragaz jarraitzea eragotzi daben errazoien inguruko argibideak emon daiezan”. Batzarretako talde guztiak zuzendaritza taldeko kide bi horreen agerraldiaren alde agertu dira, abstenidu egin dan Euzko Abertzaleak taldea izan ezik. Javier Ruiz PP-ko bozeroaleak, sozialisten proposamenaren alde agertu dan arren, “betoa” dagoala esan dau, ez dalako aurreikusten Ardanza Lehendakariaren presentzia, konpainiako presidente ohi eta “garrantzi politiko handiko” pertsonea izan dan arren.