Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek lehenengo aldiz zabalduko ditue Bizkaiko Aurrekontuak herritarren partaidetzara

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak 2016. urteko Lurraldeko Aurrekontuen Proiektua jaso dau gaur goizean Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuaren eskutik, Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzeari hasierea emoteko. Entregaren irudiagaz eta kontuak euskarri elektronikoan erregistrauz emoten jako hasierea Bizkaiko aurrekontuen Batzarretako eztabaideari. Aurrekontuen barrikuntza nagusia herritarren partaidetzara zabalik egongo dirala da. Bizkaiko Batzar Nagusietako historian lehenengo aldiz, erakunde horrek xehetasun osoz azalduko ditu kontu publikoak, bizkaitarrek euren ekarpenak eta alegazinoak egin daiezan.

Datorren astelehenetik aurrera, eta 10 egun balioduneko epean, dokumentua “jjggbizkaia.eus” webguneko “Herritarren atarian” egongo da, bizkaitar guztiek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta proiektuari egindako aldaketak transmitidu ahal daiezan. Erregistroak bat egin dau, gaur, herritarren beste eskaera batzuk eztabaidetan diran Eskaeren eta Herritarrekin izan beharreko Harremanen batzorde barriaren lehenengo bileragaz. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentearen eretxiz, Batzarretako arautegi barrian finkatu diran ekimen horreek gauzatzea, Bizkaiko Foru Aldundiak “Bizkaiko Batzar gertuagokoa eta partaidetza gehiagokoa, XXI. mendeko Batzarra, lortzeko helburuan aurrera egiten dauela” erakusten dauen “pausu garrantzitsua” da. Une honetan, Bizkaiko Gardentasunari buruzko Foru Arau Proiektua partaidetzara zabalik dago.

Aurrekontuei buruzko eztabaidea, prozesu osoa urtea bukatu aurretik amaitu daiten dago antolatuta. Orain, Batzar Nagusietako Mahaiak dokumentua onartu beharko dau, egun batzuk geroago informazino batzordeak hasteko Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen barruan. Bertan, foru diputatuek euren sailen aurrekontuen oinarrizko ildoak azalduko deutseez batzarretako taldeei.

Seguruenez datorren eguaztenetik, zemendiaren 4tik hurrengo astelehenera, zemendiaren 9ra, egingo diran batzorderatze horreen ostean, Batzar Nagusietako Mahaiak epea zabalduko dau batzarretako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra), 7.437,7 milioi euroko zenbateko osoa hartzen daben aurrekontuen aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan. Kopuru horretatik 1.178,2 milioi euro da sailek erabili daikiena, aurtengo kontuetan baino %2,37 gehiago. Batzarretako taldeek puntu horretan eurenganatu ahal izango ditue herritarrek egindako alegazinoak.

Jatorrizko testuari aurkeztu beharreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero, Bizkaiko Batzarrak aztertu egingo ditu, lehenengo osoko saioa deitu aurretik. Saio hori abenduan izango da, eta bertan testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatuko dira lehenengo. Batzarretako izapidetzea hilebete horren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko bilkura bategaz.

Lotutako artxiboak:

Lotutako estekak: