Aurreko Albisteak

Diru-sarrerak "37 milioi eurotan" gitxitzeak ez dauela "inolango murrizketarik" eragingo 2016ko aurrekontuetan esan dau Ahaldun Nagusiak

Gernika

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu dau gaur, Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko bigarren saioan, aurtengo ekitaldirako aurreikusita dagoan diru-sarreren gitxitzeak ez dauela “inolango murrizketarik” eragingo Foru Aldundiak bihar aurkeztuko dituan eta Batzar Nagusietan eztabaidetan hasteko datorren barikuan erregistrauko diran aurrekontuetan. Diru-sarreren hazkundea “%2,8koa” izango da, hasera batean aurreikusi zan “%5ekoa” izan beharrean. Jatsiera hori, gauzatzen ez diran programen eta proiektuen “ez beteteagaz” konpentsauko da, Foru Aldundiak alderdi horretan ez dauelako “inoiz” %97ko hesia gainditu, Rementeriak jakinarazo dauenez. Halanda be, bere Gobernuak “lehentasunak” ezarri beharko ditu.

EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak egindako itaun biri erantzunez, alkateakaz, erakundeakaz eta alkarteakaz izan dituan bileretan “proiektu eta idea asko eta asko” sortu dirala azaldu dau, eta proiektu eta idea horreek guztiak mahai ganean jarri dirala, baina “egia dala” ez dagoala guztietarako finantziazinorik. “Hori dala eta, beharrezkoa izango da lehentasunak ezartea”.

Horri jagokonez, gogoratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak “37 milioi euro gitxiago jasoko dituala 2015ean, baina 1.571 milioi euroko gauzatze propioko aurrekontu batean hori %2,4koa dala, eta hori oso kopuru txikia dala eta urtero gertatzen dan aurrekontu propioaren ez beteteak guztiz xurgatuko dauela ".


FORU-SISTEMAREN DEFENTSAN

Ahaldun Nagusiak Foru-sistemea eta Kontzertu Ekonomikoa defendidu ditu barriro. PP taldeak foru-sistemea aldezteko Aldundiak martxan jarriko dituan neurriei buruz egindako itaunari erantzunez, Rementeriak aurreko foru gobernuek gauzatutako hainbat jarduketa gogoratu ditu, eta baita PP-ren gobernuek helburu berberagaz egin ez dituen hainbat be.

Rementeriak esan dauenez, Foru Aldundiak “asko egiten dau eta asko egiten jarraituko dau foru-sistemaren defentsan”, eta horretarako “lege barruan dagozan baliabide guztiak eta baliabide politikoak” erabiliko ditu. Horri jagokonez, foru-sistemea aldezteko zer egiten daben galdetu deutse popularrei, bere eretxiz “ez dabelako ezer egiten”.

Bere eretxiz, PP taldean “kontu eta sentsibilidade handiz ibili beharko litzatekez hitzaldi bikotxa ez izateko, bat Madrilen eta bestea Euskadin”, eta horren ostean gogoratu dau PP-ren Gobernuak “36 helegite” aurkeztu dituala “euskal eskumenen” kontra.


AUTZAGANE ETA VOLKSWAGEN KASUA

PP taldeak egindako ahozko erantzun-eskeari erantzunez, Imanol Pradalesek jakinarazo dau bere ustez “urtarrilaren amaierarako” esleipendun barria egongo dala, Amorebieta-Gernika zatiko lehen fasean, Autzaganeko gainean, bukatu barik geratu diran beharren barruan Urdinbideko tuneleko obrak amaitu ahal izateko. Horrez gain, esan dau uste dauela “2016ko udabarrian” hasiko dirala peralteak, zoladurea eta seinaleztapena hobetzeko beste lan osagarri batzuk errepide horren kanpoaldeko hainbat zatitan. Azkenengo lan horreetarako aurreikusten dan kostua “525.000 eurokoa” da (BEZ barne).

Volkswagenen arau haustearen ondorioz automobilgintzaren arloan sortutako krisiari eta sektore horretan behar egiten daben Bizkaiko enpresetan izango dauen eraginari buruz Podemos Bizkaiak azaldu dituan zalantzei erantzun deutse Pradalesek. Diputatuak esan dau ez dala zertan inolango eraginik egon behar. “Baikorra” da, automobilgintzaren euskal sektoreak dibertsifikazino estrategia eroan dauelako aurrera, marka guztietarako moeta guztietako produktuen hornitzaile dalako. Dibertsifikazino hori “baikor izatera eroaten gaituen koltxoi ona da”, esan dau, 2015. urterako adituek automobilen fabrikazinoari jagokonez erabilten dituen aurreikuspenak “hobeak” dirala azpimarratu aurretik. Mundu osoan, urte honetan “90 milioi automobil” salduko dira, esan dau.


ARRAZIONALIZAZINO PLANA ETA IRUDI KORPORATIBO BARRIA

Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak, PP taldeak egindako erantzun-eskeari erantzunez, esan dau Aldundiaren Arrazionalizazino Plana “agintaldi honetan” jarriko dala martxan, eta plan horretan ez dala “murrizketarik edo kaleratzerik” aurreikusten. Plan “malgua eta aurrerakorra” da, “eraginkorragoa izango dan eta herritarrei zerbitzu gehiago eta hobeak eskiniko deutsen” administrazinoa lortzeko Gobernu honek hartu dauen konpromisoan oinarrituta.

EH Bildu taldeak konfiantzazko karguei buruz egindako erantzun-eskeari erantzunez, legealdi honetan Aldundiak “beste 4 pertsona” kontratau dituala esan dau diputatu andreak, eta horren kostu gehigarria “168.506 eurokoa” dala. 4 horrek, Aldundiak lehendik eukazan “58 lanpostuei” gehitu behar jakez.

Irudi korporatibo barriak eragingo dauen kostuari jagokonez, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek egindako erantzun-eskeak aitatuz, Aldundiak “9.500 euro” inbertidu dituala esan dau diputatu andreak. Irudi barria “apurka-apurka ezarriko da, sail bakotxak bere aurrekontuetan daukan erabilgarritasuna kontuan izanda”, esan dau.


ZERBITZU SOZIO-SANITARIO GEHIAGO

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatu andreak, bere aldetik, PP-ri erantzunez, Bizkaiak plaza sozio-sanitario gehiago izango dituala esan dau, arlo horretan Eusko Jaurlaritzagaz daukan lankidetzaren barruan. 2014an, eskinitako “114 plazek” “627 egotaldi” eragin ebezan. Diputatu andrearen esanetan, datu hori, PP-ren gobernuek Madril edo Gaztela Mantxa moduko erkidegoetan bideratu ebezan “zero” plazekin alderatu daiteke.

Mendekotasunaren Legeari jagokonez, diputatu andreak salatu dau Madrilgo Gobernuak ez dauela mendekotasuneko prestazinoen %50a ordaintzeko daukan konpromisoa bete. Diputatu andrearen berbetan, ehuneko hori “%17,50ean” geratu zan 2013an. Zehaztu dauenez, Foru Aldundiak “4.716.060” euro hartu ebazan bere gain 2013an eta beste “5.570.610 euro” hurrengo urtean, gure Lurraldean dagozan eta mendekotasuna daukien “25.000 pertsonen” onerako.


ENPLEGU LANTZADERAK

Teresa Laespada Enpleguko diputatu andreak, bere aldetik, bere helburua enplegu lantzaderei jarraipena emotea dala esan dau, Bizkaian martxan jarri dan lehenengo esperientziaren eraginkortasuna aztertu eta gero, eta esperientziaren emaitzak onak badira, ekimen hori eskualde guztietara zabalduko dala. Esan dauenez, beste erkidego batzuetan “%60ko” enplegugarritasun ehunekoak lortu dituan enplegurako estrategia hori, Foru Aldundia enpleguaren sustapenerako daborduko egiten ari dan beste jarduketen “osagarria” izango da.


BILBOREN LURRALDE PLAN PARTZIALA “PARTE HARTZAILEA”

Bilboko Metropoliko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenaren metodologiari buruz galdetuta, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuak “partaidetzan” oinarritutako izpiritua izango dauela esan dau. Foru Aldundiak beste eragile batzuen partaidetza proaktiboa bilatuko dau –“Eusko Jaurlaritza, Udalak, Mankomunidadeak eta elkargo teknikoak eta profesionalak”– plan hori gauzatzeko prozesu osoan, eta ez alegazinoen fasean bakarrik, eta behar egiteko hainbat talde sortuko ditu.

Erabilera bereziko aldiriko garraioetarako baimenei buruz galdetuta, Reyesek esan dau “2016ko bagilaren 1ean” bere sailak aplikazino informatikoa jarriko dauela martxan urtero Aldundiak emoten dituan “600 baimenak” Internet bitartez eskuratu ahal daitezan, foru egoitzetara joan behar barik. Zerbitzua “eskolako eta laneko” garraio lizentzietarako aktibauko da hasera batean.


EMAKUMEAK KIROLEAN IZAN BEHAR DAUEN PRESENTZIARI LAGUNTZEA

Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak, bere aldetik, kirol munduan emakumearen parte-hartze aktiboa sustatzeko bere saila emoten ari dan pausuei buruzko informazinoa emon dau. Holan, beste batzuen artean, lurraldeko kirol eragileakaz aurrera eroandako koordinazinoa, diru-laguntzak emoteko erespideak aldatzeko arauak egokitzea, edo udalerriakaz eta Osakidetzagaz lankidetzan aurrera eroandako osasun programak bultzatzea azpimarratu ditu.