Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek garraio publikoan doban bidaiatzeko adina "sei urtera arte" bateratzea proponidu dabe

Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusiek Aldundiak, sei urte egin arte umeek doban bidaiatu ahal dagien eskaerea egitea Bizkaiko garraio publikoei adostu dabe gaur goizean. Bizkaiko talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben zuzenketa-eskearen bitartez aldatu dan arauz besteko proposamena onartu egin da, hiru talde horreen eta Podemos Bizkaiaren aldeko botoakaz eta de EH Bilduren abstentzinoagaz.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira Lurraldeko garraio publikoan txartel barik bidaiatu ahal izateko gehieneko adina bateratzeagaz. Jesús Isasi popularrak azaldu dauenez, arau hori ez da bardina operadore guztietan, bakotxak bere araua dauka. Bilbobus zerbitzuan “gehienez be 4 urte eginda izan behar daben bitartean, Metroan, Tranbian eta Bizkaibusen 5 urte eginda izan behar ditue, eta Renfeko Aldirikoetan umeek ez dabe ordaintzen 6 urte eginda izan arte”, esan dau.

Neurri hori baliagarria izan daiteke, Isasiren eretxiz, erabiltzaile gazteenak “fidelizetako”, adina kontuan izanda “apurkako beherapenak” ezarteko eta “erespideak bateratzeko”, “ez jakitearen ondorioz inork arazorik euki ez dagian”, araubide desbardina daukien hainbat garraiobide konbinetan diran bidaietan gertau daitekean moduan.

Hasera batean, PP-ren ekimenaren helburua, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) eskaera egitea zan, harek egin beharreko gestinoak egin eizan Bizkaiko Lurralde Historikoko operadoreek ume txikiek ordaindu behar daben adina bateratu eien eta sei urteetan jarri eien. Azkenean, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek alkarregaz aurkeztu daben zuzenketa-eskeak testua zuzendu dau, eta testu horretan sartu da Bizkaiko Batzar Nagusien agindu hori, Lurraldean zerbitzua eskintzen daben garraio publikoko administrazino eta operadore guztiei eskatu behar deutsela Aldundiak.

Eztabaidan, Batzarretako taldeek desadostasun batzuk erakutsi ditue erakunde publikoek eta operadoreek adinbako umeei aplikatu behar deutseen tarifikazino politikearen inguruan. PSE-EE-ko Joaquín Colmenerok adierazo dauenez, gaur onartu dan proposamena, pagetako salbuespena 16 urte bete arte luzatzeko “lehenengo pausoa” da. “Gure hauteskunde programaren barruan dago”, esan dau. Podemos Bizkaia taldearen eretxiz, barriz, asmo hori “motz” geratzen da, euren eretxiz adin hori 18 urtera arte luzatu beharko litzatekelako.

EH Bildu abstenidu egin da botazinoan, bere eretxiz gai horrek, “garraio publikoaren erabilerea bultzatzeko positiboa” dan arren, eztabaida “sakonagoa” eskatzen dauelako. “6, 7 edo 8 urteko” tope hori argi ez dauen arren, koalizino abertzaleak uste dau garraio publikoaren prezioa, gazteentzat edo 65 urtetik gorakoentzat, familia unidadearen errentagaz lotuta joan beharko litzatekela, holan “zuzena, bidezkoa eta aurrerakorra” izan daiten. “Zergaitik ordaindu behar dot nik DSBE-RGI-a kobretan dauen pertsona baten seme-alabek ordaindu behar daben diru bera?”, galdetu dau Zigor Isusquiza batzarkideak.


MUSKIZ-BILBO 3340 LINEA, ABUZTUAN BE BAI

3340 linea hobetzeko EH Bildu taldeak Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordera ekarri dauen arauz besteko proposamen baten eztabaidan, Aldundiak, autopistaz eskintzen dan zerbitzu hori datorren urtean abuztuan be eskintzen hasiko dala iragarri dau Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak.

Podemos Bizkaiaren aldeko eretxia baino jaso ez dauen EH Bildu taldearen ekimenean, erabiltzaileek abuztuan eta domeketan zerbitzuari eusteko eta Muskizetik urtetan dauen azken autobusaren ordutegia luzatzeko egindako eskaerea Batzar Nagusien aurrera eroan da. Ekimena ez da onartu EAJ-PNV eta PSE-EE kontra agertu diralako eta PP taldea abstenidu egin dalako.

Jeltzaleen eta sozialisten eretxiz ezinezkoa da herritarren eskari guztiak betetea, baina bai horreetako batzuk, abuztuan be zerbitzua eskintzearena, adibidez. Baliabideak “hobetzeari” jagokonez, bi taldeak zerbitzu hori domeketan eta jaiegunetan eskintzearen kontra agertu dira, egun horreetan eskaria “%60 eta %70 artean” murrizten dalako. Ganera, esan dabe Muskizen badagozala “garraio publikoko beste alternatiba batzuk”, Meatzaritza Inguruko herrietatik igaroten dan Bizkaibusen 3236 linea eta Renferen Aldirietako zerbitzua, beste batzuen artean.

Unai Lerma jeltzalearen eretxiz, kontuan izan behar da autopistaz eskintzen diran zerbitzu horreek, Santurtzi, Galdakao edo Durango moduko biztanle gehiagoko herrietan be kendu egiten dirala jaiegunetan. Santurtzi eta Bilbo arteko ibilpidea “240.000 erabiltzaile” inguruk erabilten dabe, kopuru hori "260.000koa" da Galdakaoko loturan, eta "280.000koa" Durangori jagokonez, eta Muskizeko lineak, barriz, “urtean 152.000 erabiltzaile” ditu.


MARKESINA BOLUETAN

Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu EH Bilduren beste proposamen bat, Galdakaoko lantzaderak Boluetan daukan geralekuan markesina edo aterpe bat jarteko, autobusaren zain dagozan erabiltzaileak “babesteko”. Oraingo honetan be EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek euren botoak batu egin dabez, koalizino abertzalearen ekimena atzera botateko. Podemos Bizkaia alde agertu da, eta PP taldea abstenidu egin da.

Markesina hori, izatekotan be, “udalaren eskumena” izango litzatekela esateko orduan PP taldeagaz bat etorri eta gero, jeltzaleek eta sozialistek azpimarratu dabe “lehentasun kontua” be badala, lurraldean badagozalako behar gehiago dituen beste geraleku batzuk. Boluetan “badago alternatibea” erabiltzaileak eguraldi txarra dagoanean babestu daitezan, Bilboko Metroaren eta Euskotrenen geltoki intermodalaren estalkia bera, adibidez, lantzaderaren geralekutik oso gertu dagoalako. Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak esan dau, dana dala, Garraio sailak “egin beharreko gestinoak” egin dituala Bilboko Udalak “denpora gitxi barru” espaloia zabaldu dagian, EH Bildu taldearen ordezkariak akats horren barri be emon dauelako.


EIBAR-EHU LINEAREN ESKARIAREN AZTERKETEA

Batzordea Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuaren batzorderatzeagaz hasi da. PP taldeak egindako batzorderatze eskea izan da, urriaren 1etik aurrera Eibar-EHU linean sartu diran aldaketen barri emon dagian. Reyesek esan dauenez une honetan Eibarko ikasleen artean dagoan benetako eskaerea aztertzen ari dira, Unibersidadera ailegetan dan zerbitzuan “errefortzu puntualak” egitea beharrezkoa dan ala ez ikusteko.

Diputatuak azaldu dauen moduan, Bizkaibusek, ordu tarte jakin batzuetan, Ermua-EHU linea Gipuzkoan dagoan Eibarko udalerriraino luzatu eban urriaren 1etik aurrera, erabiltzaile faltea dala eta zerbitzua bertan behera itzi eban enpresa pribau baten bitartez Leioako campusera heltzen ziran Eibarko ikasleak eroateko. Reyesek azaldu dauenez, Bizkaibusek “arazoa konpondu dau”. Ikasturte honetatik aurrera hutsune hori bete dau, Ermua-EHU lineako zerbitzu bi Eibartik abiatzen diralako goizeko 06:30etan eta 07:30etan. Zerbitzu bien artean “10 bidaiari gehiago” baino ez dira lortu, urria dan arren unibersidadeko bidaien artean eskaera gehieneko hilebetea.

Halanda be, erabiltzaile batek Jesus Isasi popularraren bitartez bideratu dituan kexak entzun ostean, Reyesek esan dau komenigarria dala hilebete honetako datuei itxarotea zerbitzua Eibarreraino luzatzeari buruzko behin betiko erabagia hartzeko. Batzordekide popularrak azaldu dauenez, ikasle horrek bere kexea agertu dau zerbitzu batzuk “Ermuan daborduko bete egiten ziralalako”, Mallabitik, Zaldibartik, Berriztik, Abadiñotik, Durangotik eta Iurretatik igaro orduko. Reyesek urtarrileko datuak erabiliz erantzun deutso. Esan dauenez, Eibarko erabiltzaileak “ez ziran hamar baino gehiago izaten bidaia bakotxean”.

Bere esku-hartzean, PP taldeko Jesus Isasik kritikau egin dau ibilpide luzeko bidaietan, kasu honetan gertatzen dan moduan, erabiltzaileak zutik joatea –“11 pertsona, batez beste”, diputatuak esan dauenez– eta eskaerea egin dau zerbitzuak indartu daitezan, ikasleak jesarrita joan ahal daitezan. Kritikau egin dau, be bai, Bizkaiak alboko Lurraldeko ikasleen bidaiak bere gain hartu behar izatea, bere eretxiz Bizkaibuseko zerbitzua Bizkaiko lurrean “hasi behar dalako”. Bere eretxiz, “konponbide posiblea” Eibarren lantzadera bat jartea izan daiteke, Ermuan Leioara doan autobusagaz loturea ezarteko.