Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ezezkoa emon deutsie Erregeari Gernikara etorteko gonbidapena egiteari

Gerediaga

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur PP-k aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Lehendakariari eskaerea egitekoa, Felipe VI. erregeari Gernikako Batzarretxera joateko gonbidapen ofiziala egin deion. Gaur goizean Gerediagan alkartu dan osoko bilkurak ez dau onartu ekimena, kontrako 38 botogaz (EAJ-PNV, EH Bildu eta Podemos Bizkaia), 7 abstentzinogaz (PSE-EE) eta aldeko 4 botogaz (PP).

Gerediagako San Salbatore eta San Klemente baseleizan, aspaldian Durangoko Merinaldeko Batzarrak alkartzen ziran lekuan, egin dan saioan, PP bakarrik geratu da erregeak Gernikara bisitea egitea defendiduteko orduan. Javier Ruiz talde horretako bozeroalearen ustean, gonbidapena “egokia” izango litzateke, eta baliagarria “gure sistema politikoari eta instituzionalari bultzadea eta aintzatespena erakusteko”. Ganera, bere berbetan, “ohitura historikoa beteteko be balioko leuke”.

PP-ko bozeroaleak defendidu dau Lehendakaria dala, “EAE-ko agintari politiko gorena eta Espainiak Euskadin dauen ordezkari gorena”, dan neurrian, Felipe VI.a konbidau behar dauena. Aurreko erregea 1981ean etorri zanean Carlos Garaikoetxea lehendakariak egin eban hitzaldiaren parte bat erabili dau. Ruizek azaldu dauenez, urte haretan, orduan lehendakari jeltzalea zanak “Estadu izaerea erakutsi eban”, eta orain gauza bera eskatzen deutse Euskadiko erakundeetako arduradunei “konkordia, bizikidetza eta normaltasun politiko zeinu” moduan.

Batzarretako ganerako taldeen eretxiz, ekimena “elektoralistea” da. Podemos Bizkaia taldeko Jose Angel Elgezabalek esan dauenez, Felipe VI.aren etorrerea ez da egokia beretzat, bere taldeak “ez dauelako onartzen diktadura batetik urtendako monarkia baten legitimidadea”. “Jokoz kanpo, demokraziatik kanpo eta errealidadetik kanpo” dagoan erakundea da. Ez da ahaztu behar ez dauela onartzen “herriek euren etorkizunari buruz modu librean erabagiteko daukien aukerea”. Esan dauenez, zoritxarrez monarkiak “ez ditu oraindino gaitzetsi Francoren diktaduran izandako hilketak”, eta ez ditu aitatu be egin “bide-arroiletan lurperatuta dagozan gorpuak”.

Ibilbide historikoa egin eta Gernikako Batzarretxera etorri diran erregeak aitatu ostean –23tik lau–, Juan Otermin sozialistak guzurtau egin dau erregeak Foruak zin egiteko bisitea tradizinoa danik. Batzarkide sozialistak, proposamena kritikatuz, esan dau eztabaida hori ez dala mesedegarria Bizkairentzat “PP-ri baino ez deutso mesederik egiten”, “Prentsan titularrak” lortzeko, denpora gitxi barru egingo diran hauteskundeetan lagungarri izateko, Espainiaren unidadearen defentsa egiten dauela erakusteko. “Ez gara joko horretan sartuko”. “Bizkaitarrentzako mesedea: zero. PP-rentzako mesedea: hamar”.

EH Bilduko Meritxell Elgezabalentzat, monarkiak “Euskal Herriaren eskubideen ukatze instituzionala” sinbolizetan dau. “Demokraziaren kontrakoa da, zama ekonomikoa dakarren eta ustelkeriagaz eta trama ekonomikoakaz lotuta dagoan” erakundea da. “Milaka pertsonak eskatutako laguntzei ezetz erantzuten jaken eta krisia danon artean ordaintzen dogun bitartean, milaka eta milaka euro gordeten dira monarkia iraunarazoteko”, “Euskal Herriko errealidadetik kanpo dagoan eta hautestontzietan euskarri demokratikorik ez daukan” erakundea.

Jon Andoni Atutxak (EAJ-PNV), Erregea Gernikara “gura dauenean” joan daitekeala esan ostean, “Batzarretxea danontzat zabalik dagoalako”, bere ustetan Batzar honeek ez dabela holango eskaririk egin behar, eta PP-k erakundeari errespetua erakusteko egiten dauela esatea “txiste txarra” dala adierazo dau. “Ez nahastu erakunde bati izan behar jakon errespetua eta baldintzarik bako bat egitea”, erantzun deutso PP-ko bozeroaleari, PP-ko Gobernuak, Madrilen daukan gehiengoagaz, azken urteetan, Estaduaren “zentralizazino handiagoa” bilatzeko asmoz, “gure Gobernuaren eta gure erakunde sistemaren kontrako alde bakarreko neurriak” onartu dituan aldi guztiak aitatu eta gero. Atutxak Erregearen presentzia defendidu dau, presentzia horrek Autonomia Estatutua betearazoteko eta oraindino transferitu barik dagozan eskumen guztiak transferitzeko balio badau.


HERRITARRON PARTAIDETZEA AURREKONTUETAN

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek, 2016ko Bizkaiko Aurrekontuak egiteko orduan herritarren partaidetzea handitzeko aurkeztutako proposamen bi. Aurrekontu horreen izapidetzea denpora gitxi barru izango da. Koalizino abertzaleak, Aldundiaren inbertsino batzuk –zenbat diran zehaztu barik– erabagiteko orduan Bizkaiko eskualde guztiek ahotsa izatea planteau dauen bitartean, Batzarretako Ahal Dugu taldeak, arauz besteko bere proposamenean eskaria egin dau, “herritarren kontrola” sustauko daben aurrekontu “gardenak eta irekiak” eta informazinorako sarbide “erraza eta ondo ulertzeko modukoa” lortzeko urratsak emon daitezan, beste gai batzuen artean. Proposamen biak atzera bota ditue Batzar Nagusiek, kontrako 29 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE), aldeko 16gaz (EH Bildu eta Ahal Dugu) eta 4 abstentzinogaz (PP).

EAJ-PNV, PSE-EE eta PP aurrekontuetan herritarron partaidetzea bultzatzearen alde agertu dira, baina “oinak lurrean izanda” eta indarrean dagoan legedia betez. Bat etorri dira aurreko agintaldian onartu zan eta agintaldi honetan indarrean sartu dan Bizkaiko Batzarretako araudi barriak partaidetza hori errazten dauela esatean, herritarrei aukerea emoten deutselako aurrekontuen aurrean alegazinoak aurkezteko, webgunearen (jjggbizkaia.eus) bitartez.

Arautegiak herritarren partaidetzea islatzen dauen “lehen aldia” da, eta Alexia Castelo sozialistarentzat hori ondino pauso “txikia” dan arren, aurrekontu “irekiagoak” lortzeko aukerea emoten dau. Batzar Nagusietako esperientzia horren emaitzei itxaroteko eta Aldundiak aurkeztu dauen Gardentasunerako Foru Araua garatzeko eta horretan pate hartzeko gonbidapena egin deutse taldeei. Foru Araua Batzarretako webgunean dago “zintzilik”, eta hori da Batzarrek agintaldi honetarako daukien “helburua” herritarren partaidetzeari jagokonez.

Batzarretako Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldearen eretxiz proposamen biak “berandu” heldu dira, aurrekontuen proiektua aurkezteko aste gitxi batzuk baino ez diralako falta. Unai Lerma jeltzaleak esan dauenez, gaiak eztabaida “sakonagoa” eskatzen dau, partaidetza hori zelan gauzatuko dan planteetako orduan batez be.

EH Bilduk, aurrekontuen partida bat Bizkaiko eskualdeek erabagi dagien bideratzeko aurkeztu dauen ideari jagokonez, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeek euren zalantzak agertu ditue barriro, galdera batzuk eginez. “Zelan bermatuko dogu eskualdeek aurkezten dabena eskualde horreetako herritar gehienek gura dabena dala?”, “Ze kopuru erreserbauko da?”, “Aurrekontuen ze ehuneko?”, “Ze erespideren ganean banatuko da?”, “Ze zerbitzutatik kenduko dira baliabideak?”, “Zeintzuk hartuko dabe parte?”. Beste herrialde batzuetan gai horreek guztiak “aurretik zehazten dira”, azaldu dau Lermak.


ATERPEA EZKERRALDEAN

Beste alde batetik, osoko bilkurak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamen bat, Ezkerraldean etxegabeentzako aterpe iraunkorra sortzeko. Podemos Bizkaia taldea ekimenaren alde agertu dan arren, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek kontrako botoa emon dabe eta PP abstenidu egin da.

Batzarretako taldeak bat etorri dira esatean badagoala zelanbaiteko “ardurea” etxerik ez daukien pertsonen egoerearengaitik, baina, EH Bilduk esan dauenez Bizkaian kalean lo egiten daben “400 pertsonarentzat” konponbidea aurkitzeko orduan bananduta agertu dira. Koalizino abertzaleak eskaerea egin dau Ezkerraldean “aspalditik dagoan errebindikazinoa” kontuan hartu dagian, “lotsagarria” dalako gaur egun kalean bizi diran edo lo egiten daben pertsonak egotea.

EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeak, Aldundiak Ezkerraldean “etxerik bakoentzat” aterpetxe bat eregitearen alde agertu dira, haren eskumenen barruan ez dagoan arren. Azken hori ganerako taldeek be esan dabe.

Koalizino abertzaleak ez dau onartu EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek alkarren artean aurkeztu daben zuzenketa-eskea. Zuzenketa-eske horren bitartez talde horreek konponbide “integrala” planteetan eben, neurri osagarriak barru egonda, inplikautako Administrazinoakaz “sarean” arituz, bakotxak bere eskumenen barruan dagozan ekimenak aurrera eroan daizan. Talde biak, beste herrialde batzuetan aurrera eroan dan eta, Begoña Gilek (PSE-EE) esan dauenez, Bizkaian udalerriek gauzatu behar daben aterpe politikea baino “eraginkorragoa” dala erakutsi dauen “House in first” –etxebizitzea lehenengo– esperientziaren aldeko apustua egiten dabe.

Zuriñe Argatxa jeltzaleak esan dau kalean lo egiten dauen pertsonaren soslaia aldatu egin dala krisia hasi zanetik, eta udalerri bakotxa bere konponbideak emoten ari dala arazo horren aurrean. Aterpe politikeari jagokonez, bere ustez “ulergarria” da baliabideak Bilbon zentralizetea, 2014an Eusko Jaurlaritzak egindako azterlanak erakusten dauenez, Bizkaiko uriburuan etxerik bako “141 eta 240 artean” dagozalako, Barakaldon “9 eta 25 artean”, Portugaleten “2 eta 25 artean”, Santurtzin “3 eta 13 artean” eta Sestaon “0”.


BOST BATZARKIDE BIZKAIKO JASANGARRITASUN KONTSEJUAN

Ganera, osoko bilkurak baieztau egin ditu batzarretako taldeek Bizkaiko Jasangarritasun Kontsejurako proponidu dituen ordezkariak. María Presa izango da Euzko Abertzaleak taldearen ordezkaria; David Lopategi EH Bildurena; Iñaki Jerónimo Euskal Sozialistak taldearena; Josean Elgezabal Podemos Bizkaiarena; eta Arturo Aldecoa PP taldearena.