Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe mendetasun egoeraren "behin behineko balorazinoak egiteko aukerea" emotea

batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusien Gizarte Ekintzako batzordeak aho batez onartu dau gaur goizean “mendetasuna balorau ahal izateko gaur egun dagozan baldintzak aldatzea” eskatzen dauen Arauz Besteko Proposamena. PP-k aurkeztu dauen jatorrizko ekimena zuzendu egin da, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske bi onartu eta gero. Horreetako batean eskaerea egiten jako Aldundiari, “mendetasun egoeraren behin behineko balorazinoak bideratu daizan, mendetasun egoeran dagoan pertsonaren egoerea behin egonkortu danean”.

Hasera batean, popularrek mendetasunaren balorazino horreek “ospitaletan edo kliniketan” be egin ahal izatea ahalbideratzea eskatzen eben, Eduardo Andrés batzordekide popularrak esan dauenez hori ez dalako egiten, eta horrek “moteldu” egiten dauelako gizarte zerbitzuak edo laguntzak jaso ahal izateko prozesua, pertsona horreek etxera edo euren ohiko egoitzara itzuli arte itxaron behar dabelako. “Horrek arduratu egiten gaitu kasu larrienetan”, zehaztu dau. Horregaitik, euren ekimenean gaur egungo baldintzak aldatzeko eskaerea egin deutsie Aldundiari, mendetasun izapidetzea zentro horreetan “bideratzeko eta arintzeko”.

EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k esan dabenez, ñabardura hori, Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta mendetasun egoeran dagozan pertsonen Arretarako abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezarrita dagoan eremu juridikoagaz kontrajarrita egon daiteke. Dana dala, uste dabe aldaketa hori ez dala beharrezkoa, legeak berak ezarten dauelako “behin behineko balorazinoak” egin daitekezala, eta gero horreek barriro ikusi daitekezala, pertsonaren egoerea behin egonkortu danean. “Salbuespen hori jasotea gura badogu –klinikei eta ospitaleei jagokena– eskaerea egin beharko da Kongresuan, Legea aldatzeko”, zehaztu dau Juan Otermin batzordekide sozialistak. Dana dala, baieztu dauenez, legeak bestelakorik esaten badau be, Bizkaian paziente horreek leku batean zein bestean egonda be, “jasoten dabe arretea”.


LAGUNTZEI BURUZKO INFORMAZINO ZERBITZU ZENTRALIZATUAREN ALDE

Beste alde batetik, Arauz besteko beste proposamen batean, Bizkaiko Batzarretako Talde Popularrak eskaerea egin deutso Aldundiari, “dagozan” gizarte zerbitzuen eta prestazinoen ganeko informazinoa emoteko telefono bidezko doako zerbitzua “sortu eta horren zabalkundea egin daian”, “zoritxarrez asko” diralako “lehen unean” gizarte zerbitzuak eskuratzeko “gaiztasunak” daukiezan pertsonak, “udalerri txikietan batez be”, Eduardo Andrés batzordekide popularrak esan dauenez. Ekimena ez da onartu kontrako 9 boto (EAJ-PNV eta PSE-EE), 5 abstentzino (EH Bildu eta Podemos Bizkaia) eta aldeko boto bat (PP) jaso ditualako.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek, hainbat zuzenketa-eskeren bitartez, telefono bidezko zerbitzua “sortu” behar dala dinoen testua kentzeko eskatu dabe, daborduko “2012tik” 900 22 00 02 telefono zenbakian eskintzen dan zerbitzua dalako. Proposamena aurkeztu dauen taldeak aldaketea onartu egin dau, baina desadostasuna zerbitzu horrek eskini behar dauen eukian zentrau da. Jeltzaleek eta sozialistek 900 zenbaki horrek eskintzen dauen informazinoa Foru Aldundira mugatzea gura izan dabe, baina PP taldeak udal prestazinoei eta Eusko Jaurlaritzaren aginpidepekoei buruzko informazinoa be emotea gura izan dau, GLL-AES (Gizarte Larrialdietarako Laguntza) edo DSBE-RGI (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) prestazinoei buruzkoa, adibidez.

Podemos Bizkaia taldea, bere aldetik, zerbitzu hori “bateratzearen” alde agertu da, eta hori “EUDELen bidetik” egin daitekela esan dau, udalen, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren parte hartzeagaz. Alternatiba hori baloretan sartu barik, EH Bilduk Aldundiko telefono zerbitzua “eguneko 24 orduetan” martxan egotea eskatu dau. Ganera, uste dau “herritarrek errazago ulertzeko modukoa izan beharko litzatekela”, pertsona nagusiengan pentsauta, batez be.

Celia Gómez jeltzaleak “txalotu egin dau batzarretako taldeek herritarrentzako informazino zerbitzua hobetzeko erakutsi daben gogoa”, baina zalantzan jarri dau PP-ren idea, Aldundiak laguntza “guztiei” buruzko informazinoa emon daian, “udalek, Jaurlaritzak, estaduak edo Europak” emondako laguntzak diran kontuan izan barik. 2015ean “52.726 kontsulta” erantzun dituan Aldundiaren doako telefono zerbitzuak “zerbitzu handia” emoten dau, eta erabiltzaileak udal zerbitzuei jagokezan telefono zenbakietara edo Eusko Jaurlaritzaren 012 zenbakira “desbideratzea aurreikusten dau daborduko”. Juan Oterminen (PSE-EE) eretxiz, proposamen popularrak, Aldundiari ez jagokozan funtzinoak “emotea” gura eban. “Aldundiak ezin ditu beste batzuen gabeziak estaldu”, esan dau.