Aurreko Albisteak

Cadagua arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zeharko ibilbide kulturala

Cadagua

Datorren domekarako, urriaren 25erako, Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Cadagua ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zeharko ibilaldiaren VII. edizinoa” antolatu dabe. Ekitaldi hori Foru Aldundiak antolatutako ondareari buruzko jardunaldien barruan sartzen da eta goizeko 9:00etan hasiko da Gueñeseko Sodupe enparantzan eta eguerdiko 14.00ak daldera amaitutako da Enkarterrietako Museoan, oinez 25 kilometroko ibilbidea egin ondoren, azken bost mendeetako aztarna industrialak dagozan lekuetatik.

Edonork egiteko moduko kultur ibilbide horrek leku urbanoak eta urbanoak ez diranak buztartuko ditu eta Cadagua ibaian zehar dagoan garai eta estilo ezbardinetako ondarea ikusteko balioko dau. Ibilbideak ez dauka ia-ia aldatzik eta eskualdeko burdina landu zan lekuetatik zehar joango da. Burdinolon artetik, oraindik orain aztarnak ikusi leitekez Zallako Bolunburukoak, aisialdirako parketzat egokitutako lekuan, eta La Mellako burdinolaren aztarna nabarmenak (ubidea eta presea). Bigarren hori be Zallan dago eta orain mende bat zentral hidroelektriko bihurtu zan. Eta azkenik, Baldasedako La Minbrera burdinola be ikusteko aukerea egongo da.

Baina burdina lantzeko leku horreez ganera, beste leku interesgarri batzuk be bisitatuko dira. Ibilbidean zehar baserri eta torretxez jositako toki apartak igaroko dira (Gueñesen Bolibar, Anieto, Errekalde, Aperzibite, Santxosolo edo Barretaguren; Zallan Aretxaga, Ibarra, Bolunburu edo La Herrera-ijalde) eta horreek buztartu egingo dira toki urbanoagoak eta industrializatuak diran beste batzukaz: Sodupe auzoa bera (Gueñes), Zallako erdigunea (Mimetiz) edo Aranguren auzoa (Zalla).

Ibilaldian zehar jan-edateko leku bi prestatu dira, bata Zallako Bolunburu parkean (izen bereko burdinola ikusgarriaren ondoan) eta bestea ibilbidearen amaieran. Museoak aukera emongo dau autobusez joateko helmugatik urteera izan dan lekuraino.

Inskripzinoa doan da eta gehienez be 500 pertsona onartuko dira. Izen-emotea Enkarterrietako Museoaren webgunean (“enkarterrimuseoa.net”) dagoan “inscripciones” esteka sakatuta egin leiteke edo 946504488 zein 946104815 telefonoetara deituta.

Lotutako estekak: